Teddy Pierre-Marie Riner (Les Abymes, Guadalupe, Frantzia, 1989ko apirilaren 7a) judo borrokalari frantziarra da. Frantzian, kirolari ezagun eta oso mediatikoa da.[1]
2,04 metroko garaiera eta 140 kg-ko pisua du. Borroketan, berebiziko indar erakustaldiak burutzeaz gain, bere gorpuzkerako gizaseme batengan ez ohikoak diren arintasun eta azkartasuna ere baditu; ezaugarri hauek bere kategoriako judokei aisa gailentzeko balio izan diote.
Munduko Txapelketa hamar aldiz irabazi du; balentria hau lortu duen gizonezko nahiz emakumezko judoka bakarra da. Europako Txapelketa bost aldiz irabazi du. Olinpiar Jokoetako bi urrezko domina ere irabazi ditu (2012, Londres, eta 2016, Rio de Janeiro), bai eta brontzezko domina bat ere (2008, Pekin), hirurak +100 kg kategorian.[2][3]
Frantziako talde olinpikoaren bandera eraman zuen 2016ko Udako Olinpiar Jokoetan, Rio de Janeiron, Jokoen irekiera eta itxiera ekitaldietan.[4] Bere kirol ibilbideagatik, Merituaren Ordena Nazionaleko ofizial (2016) eta Ohorezko Legioko ofizial (2021) izendatu zuten.[5][6]
Nazioarteko palmaresa
Erreferentziak