Springbokaren ezaugarrietako bat jauzi asko eta handiak egitea da, 2 metro ere altxatzen da lurretik. Egunsentian eta ilunabarrean da aktiboa eta sasiak eta landare zukutsuak jaten ditu, horri esker urteak pasa ditzake urik edan gabe, basamortuko klimara oso ongi egokitzen dela erakutsiz.
Izena
Springbok izena afrikaans hizkuntzatik dator. Spring "jauzia" da eta bok "antilopea"[3]. Antidorcas marsupialis izen zientifikoak beste esanahi bat du. Dorcasgazela da grezieraz eta Antidorcas izenak animalia hau gazela bat ez dela adierazten du; marsupialislatinezkomarsupium ("poltsiko") hitzetik dator, atzealdean duen poltsa itxurako azalari egiten dio erreferentzia[4], izatez hori da benetako gazelatatik bereizten duen ezaugarri nabarmenena[5].
Taxonomia
Springboka da Antidorcas generoko espezie bakarra. Eberhard August Wilhelm von Zimmermann zoologo alemaniarrak deskribatu zuen aurrenekoz 1780. urtean. Zimmermannek Antilope generoan sartu zuen[6] eta 1845ean Carl Jakob Sundevall suediarrak Antidorcas generoa sortu zuen[7].
A. m. angolensis (Blaine, 1922): Angola hego-mendebaldean aurkitzen da.
A. m. hofmeyri (Thomas, 1926): Orange ibaiaren iparraldean hedatzen da, Namibia eta Hegoafrika artean.
A. m. marsupialis (Zimmermann, 1780): Orange ibaiaren hegoaldetik Lurmutur Hirira eta Kimberley estatura zabaltzen da.
Deskribapena
Tamaina
Springboka antilope liraina da, hanka eta lepo luzeak dituena. Tamainari dagokionez ez dago arren eta emeen arteandagoen diferentzia ez da oso handia, arrak zerbait handiagoak dira. Izatez diferentzia handiagoa dago azpiespezieen artean. Azpiespezie handiena A. m. hofmeyri da, kasu honetan arrak 86 cm har dezake eta emeak 71 cm, eta azpiespezie txikiena A. m. marsupialis, 75 cm ingurukoa. Springbokek 71-86 cm arteko altuera izaten dute sorbaldetan eta 120-150 cm arteko luzera izaten du gorputzak. Isatsak 14-28 cm neurtzen ditu eta ile mataza beltz txiki bat du muturrean. 27-42 kg artean pisatzen du animaliak[9].
Ikerketek erakutsi dute erlazio handia dagoela elikadura motaren eta gorputzaren masaren artean[10].
Itxura
Buru zuria du eta marra beltz batek zeharkatzen du bekokitik muturrera, begiak hartzen dituena. Gazteek beltza beharrean marroia dute marra hori. Belarriak estuak eta puntadunak dira, 15-19 cm neurtzen dituzte. Barnealdean beltzak dira. Sexu biek dituzte adarrak, 35-50 cm luzera dutenak. Azpialdean zuzenak dira eta erditik aurerra kurbatu egiten dira. Emearen adarrak arrenak baino laburragoak eta finagoak dira.
Kolorez marroi argiak da springboka eta sabelaldea zuria du. Alboetan marra ilun bana du sorbaldatik izterreraino doana. Badira ohikoak ez diren aldaera iluna (txokolate kolorekoa) eta aldaera zuria ere.
Springbokak uzten duen urratsa estua eta zorrotza da eta 5'5 cm-ko luzera izaten du[11].
Ekologia
Sexu bakoitzeko taldeak sortzen dira normalean baina lautik batean sexu biak nahasturik egoten dira. Emeek beren kumeekin sortzen dituzte taldeak, denen artean zaintzen dituzte kumeak gainera, eta ez dute ar dominanterik izaten normalean. Talde handietan ertzetan daudenen lana zelatan egotea izaten da. Helduak zelatariagoak dira gazteak baino eta arrak emeak baino.
Naturan 10 urte inguru bizi dira springbokak.
Elikadura
Springboka egunsentian eta ilunabarrean da aktiboa, eguraldia freskoa dagoenean. Hilabete beroetan gauek elikatzen da eta hilabete hotzenetan eguerdian ere bai. Landare zukutsuak jaten ditu (Lampranthus adibidez) eta horrela lortzen du beharrezkoa duen ura. Egunsentian gainera ihintza dute landareak komtsumitzen ditu. Urtesasoi lehorra igarotzen du urik batere edan gabe, kasu batzuetan urteak ere biziraun ditzakela ikusi da[12]. Belarren artean Themeda triandra atsegin du.
Ugalketa
Euri sasoian izaten da araldia, elikagai gehien dagoen sasoian. Arrek bi urte behar dituzte heldutasun sexuala izateko, emeek sei edo zazpi hilabete baino ez. Haurdunaldiak sei hilabete irauten ditu eta kume bakarra jaiotzen da[13]. Kumea izateko emea taldetik urrundu eta ezkutatu egiten da. Jaioberriak 3'8-5 kg pisatzen ditu.
Eme batek bi kumaldi izan ditzake urte berean, hiru ere bai jaioberria hil egiten bada[14].
Harrapariak
Harrapari ugari dituzte, hala nola; karakalak, gepardoak, leopardoak, hiena pikartak, lehoiak, likaonak... eta noski, gizakia bera ere bai. Springbokak ordea laisterkari azkarrak dira, 88 km/h-ko abiadura ere hartu izan zaie inoiz, eta hori gutxi balitz bi metrotako altuerako jauziak ere egin ditzakete, taldekideak abisatu eta harraparia nahasteko. Basakatuek, txakalek eta hainbat espezietako arranoek springbok gazteak eraso ditzakete.
Habitata
Hegoaldeko Afrikan bizi da, mendebaldeko zatian, Hegoafrikan, Namibian, Botswanan eta Angolan. 2016ko datuen arabera 1'4 eta 1'75 milioi aletako populazioa osatzen dute[15].
Namib eta Kalahari basamortuetaz gain belardi lehor zabalak eta Karoo eremuko sastrakadiak kolonizatu ditu. Antzina eremu zabal horietan migratzen bazuten ere aspaldian ez da horrelakorik antzeman. Urtesasoiaren arabera landaretza urriko tokietan talde handiak biltzen direla ikusi izan da, Kalahari basamortuan esate baterako[16]. Itsasoaren mailatik 2.000 metrotako altuerara ikus daitezke[15].
Hainbat eremu babestutan aurkitzen dira springbokak; Makgadikgadi eta Nxai Parke Nazionalak (Botswanan), Kgalagadi Transfrontier Parkea (Botswana eta Hegoafrika artean), Etosha Parke Nazionala eta Namib-Naukluft Parkea (Namibian) eta Mokala eta Karoo Parke Nazionala (Hegoafrikan)[17].
Springboka eta gizakia
Springbokak ehizatu egiten dira Namibian, Botswanan eta Hegoafrikan beraien larrua eskuratzeko. Gorantza doan industria bat da, kopuru handiak aurkitzen direlako.
Hegoafrikako merkatuetan haragia ere saltzen ikusten da. 2011n Hegoafrikan salduriko springbok, orix eta kudu handiaren haragiaren bi heren baino gehiago Namibian ehizaturikoa izan zen.
Hegoafrikako animalia nazionala da eta bertako errugbi selekzioak ezizen hori du[17]. Apartheida amaitu zenean Nelson Mandelak errugbi selekzioaren alde egin zuen[18] eta springbokak ikur nazionala izaten jarraitu zuen. Gaur egun errugbi selekzioaz gain Hegoafrikako beste kiroletako selekzio askok ere ikur bera erakusten dute.
Hegoafrikako Krugerrand txanponean ere agertzen da springbokaren irudia[19].
↑Grefing, Lorentz Ludewig.; Grefing, Lorentz Ludewig; Horrn, Johan Laurentius; Lange, Johan Georg; Lindh, Joh Pehr; Söner, P. A. Norstedt &; Salvius, Lars; Segerstedt, A. J. et al.. (1844). Kungl. Svenska vetenskapsakademiens handlingar. L.L. Grefing, (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).