Sofoklis Venizelos (grezieraz: Σοφοκλής Βενιζέλος; Kanea, 1894ko azaroaren 3a – Egeo itsasoa, 1964ko otsailaren 7a) greziar politikaria izan zen. Greziako lehen ministroa izan zen 1944an, 1950ean eta 1950etik 1951ra.
Eleuterios Venizelos politikariaren bigarren semea izan zen. Lehen Mundu Gerran eta Greko-turkiar gerran esku hartu zuen, eta armadatik erretiratu zen infanteriako kapitain mailarekin.
1941ean, erbesteko gobernu grekoak enbaxadore izendatu zuen Estatu Batuetan, eta 1944ko apirilaren 14tik 26ra erbesteko gobernuko lehen ministro izan zen. Gerra amaitzean, Greziara itzuli zen eta Alderdi Liberaleko presidenteorde eta Georgios Papandreuren gobernuko ministro bihurtu zen. 1948an alderdiaren buruzagitzara iritsi zen eta Papandreu eta Nikolaos Plastirasen zenbait gobernutan ministro izan zen.
Lehen ministroa izan zen 1950eko martxotik apirilera eta 1950eko abuztutik 1951ko urrira. Hellas itsasontzian hil zen, Egeo itsasoan.
Bridge jokalari bikaina izan zen eta hainbat txapelketa irabazi zituen.