San Nikolas Arraun TaldeaPortugaletekoarraun elkartea da, 1917an sortu zena[1]. 2017 denboraldian Portugalete-Mendeurrena izena eraman zuen[2].
Portugaleten estropada ugari jokatu izan dira eta jokatzen dira eta beraz arraun tradizio handiko herria izan da. Klubak historia luzea du, ez ordea palmares handia. 2010ean KAE Ligan zegoela proiektu handia abiatu eta urterik urte TKE Ligara iritsi zen. 2013an Kontxako Banderarako sailkatu zen sailkapen proba irabaziz eta sailkapen nagusian laugarren egin zuen. Bost urte TKE Ligan egin ondoren 2016an maila galdu eta azken urtetan maila oso apalean ari da.
Historia
Hasierako estropadak
1892an Portugaletekotraineru bat lehian aritu zen kofradien arteko estropada batean. 20ko hamarkadan hainbat estropada jokatu zituen, Portugaleten bertan jokatzen baitziren urtero Bizkaiko estropada garrantzitsuenak. 1917an bigarren postua lortu zuen Santurtziren atzetik, eta Portugalete Futbol Club izenarekin estropadetan aritu zen 1925 eta 1935 artean, garaipena 1929an lortuz[3]. Garai hartako maila onaren erakusgarri 1926an Kontxako Banderan parte hartu izana, zazpigarren gelditu bazen ere.
80ko hamarkada
1980ko hamarkadan maila polita eman zuen, Kontxako Banderarako bi aldiz sailkatu zelarik, 1981 eta 1985ean hain zuzen ere. Urte dezente emaitza aipagarririk izan gabe, 1997 eta 1998an Euskal Ligan sartu zen, lehenengoan 12. eta bigarrenean 10. eginaz.
Ligak
2007an hiru bandera lortu zituen, KAE Ligako 2. mailan bigarren postuan gelditu eta lehen mailara igo zelarik. 2009an taldeko azkena gelditu eta behera jaitsi zen berriro. Hala ere 2010an denboraldi bikaina egin zuen sei bandera irabazi eta KAE Ligako bigarren mailan nagusitu zelarik. 2011 urtean KAE Ligako Lehen mailan garailea izan zen 9 bandera irabaziz eta ordutik TKE Ligan ari da.
2013an denboraldi bikaina osatu zuten. Ligan seigarren egin zuten eta 28 urteren ondoren Kontxako Banderarako sailkatu ziren beren historian hirugarren aldiz, eta nola sailkatu gainera, sailkapen estropada irabaziz hain zuzen ere[4]. Azkenean 4. postua eskuratu zuten.
Gainbehera
2014an aurrera pausua emango zuela espero zen baina aurreko urteko mailan ibili zen, bigarren txandan. Kontxan zein Ligan 6. egin zuen. Ziklo baten amaiera iritsi zitzaion ordea, lehendakaria eta entrenatzailea aldatu zituen. Aurrekontu apalagoarekin ekin zion eta 2015eko denboraldian asko nabaritu zen, eta hurrengo bi ligatan 11. postuan gelditu zen[5]. 2016ko play-offetan maila galdu zuen. Hurrengo denboraldian klubaren mendeurrena ospatu arren kirol emaitzak oso eskasak izan ziren eta KAE 2 Ligara jaitsi zen. 2023an bigarren egin zuen Ligan eta play-offak irabazita KAE 1 mailara itzuli zen[6].
2017 denboraldirako bigarren traineru bat atera zuen Portugaleterekin batera eta Portu-Deustu izenaz aritu zen. Trainerua eta koloreak Deusturenak eramango zituen. 2019an esperientzia errepikatuko dute.
Portugaletek 2017an atera zuen trainerua eta urtarrilean bertan lehen bandera irabazi zuen, etxean jokaturikoa. 2022an lortu du berriz trainerua osatzea[7].