1966an José del Castillok sortua, tosta finkoan, mota guztietako kategorian hartu du parte: bateletan, trainerillatan eta trainerutan eta baita tosta mugikorrean ere. Sortu eta berehala hasi zen emaitza onak izaten[1]. 1967an Kantabriako bere lehen txapelketa irabazi zuen eta hurrengo urteetan Pedreñaren aurkari zuzena bihurtu zen. Garai hartan Orioren aurkako desafioak jokatu zituen, gipuzkoarren aurrean galtzea tokatu bazitzaion ere. 1970an Jose Angel Lujanbio patroia ekarri zuten eta honek indar berria eman zion taldeari. 1972ko denboraldia bikaina egin zuen, baina Kantabriako txapelketa irabazi ez izanak Kontxako Banderan parte hartzeko aukera kendu zion. Gainerako estropada guztiak irabazi zituen, tartean Espainiako Txapelketa, 2000 artean berriz irabaziko ez zuena.[2]
Urrezko aroa
2000 urtean Jose Manuel Francisco entrenatzaileak talde indartsua osatu zuen berriro eta Izortz Zabala bermeotarra patroi zuela TKE Ligan sartuz bi ekitaldi irabazi zituen, bai eta Kontxako bi Bandera ere. 2004ko Kontxako ekitaldian Donibanekok zuen bi egunetako errekorra hautsi zuen, 21 segundutan hobetuz[3]. Honetaz gain zazpi Espainiako Txapelketa irabazi zituen 2000 eta 2008 artean, Kantauri itsasoko traineru indartsuenetakoa zela erakutsiz.
Baina eskandalu handia ere sortu zen Astilleroren inguruan. Doping kontrol baten agertu ez izanak TKE Ligatik kanporatu eta bi urtez estropadarik ez jokatzera zigortu zuen taldea, txapelketak eta Kontxa bakarrik jokatu ahal izan zituelarik.[4]
TKE Ligara itzulera
2008an KAE Ligako bigarren mailan hasi eta urtez urte berriz TKE Ligara igotzea lortu zuen. Hurrengo urteetan erdiko txandan mantentzea izan zuen helburu nagusi[5]. 2014ko kantabriar taldeen gainbeheraren erdian TKE Ligan mantentzeko ahaleginetan aritu zen eta mailari eustea lortu zuen bakarra izan zen, larri izan bazen ere. Hurrengo urteetan lasaiago aritu da Ligan eta Kontxan ere sartzear egon da 2015 eta 2016an zortzigarren egin baitzuen sailkapen estropadan, lehenengoan 22 ehunenekorengatik gelditu zen kanpoan. 2017an ordea urte txarra izan zuen eta TKE Ligan azken postuan gelditu ondoren maila galdu zuen. 2018an KAE Liga irabazi eta berriz ere TKE Ligara itzuli zen, urtebeterako ordea.[5]
KAE Ligara itzuli zenean taldea eraberritu eta aurreneko urtean ozta ozta mantendu bazen ere 2021ean 12. egin eta maila galdu zuen. Hurrengo denboraldietan KAE 2 Ligan maila kaskarra eman zuen. 2024an KAE 2 Liga irabazi eta mailaz igo zen.
2008[6] eta 2009an[7]Kontxako Banderan bigarren postuan gelditzea lortu zuen Maria Gil patroi zuela. Hau izan zen denboraldi bakoitzean jokaturiko estropada bakarra.
2010an Kantabriako selekzioa izenarekin Euskotren Ligan aritu zen eta laugarren egin zuen. Alba Rocillo izan zen patroia baina azken estropadan lesionatu egin zen. Kontxako banderarako sailkapen estropadan Sara Vazquez aritu zen eta taldea ez zen Banderarako sailkatu.
Hurrengo urtetan ez zuen trainerurik atera baina 2013an Santoñako traineruan aritu ziren hainbat arraunlari. Horretaz gain aurredenboraldiko etxeko estropadetan parte hartu izan du.
2023an lehenengo aldiz hartu zuen parte liga batean eta denboraldi osoa eginez. ETE Ligan izan zen eta zortzi trainerutatik bosgarren egin zuen. 2024an ETE Liga irabazi zuen eta play-offfetan Euskotren Ligara igotzea lortu zuen[8]. Horretaz gain Kontxako Banderarako sailkatu zen 15 urteren ondoren eta bosgarren egin zuen.[9]