Beste zenbait klan entzutetsu bezalaxe, Bruce edo Brus leinua ez zen jatorriz eskoziarra, Flandriakoa baizik. Dirudienez, Karlomagnoren ondorengo ziren, horietako bat Brujasko agintari bilakatu zelarik, hortik leinuaren izena (Robert de Bruges).[2][3] Roberto jaio baina apenas ehun eta berrogeita hamar bat urte lehenago iritsi ziren leinu horretakoak Eskoziara FrantziakoNormandia eskualdetik eta Ingalaterratik barrena, aipatu azken erreinu horretako familia aristokratikoetako bat izan eta gero. Robert izena oso ohikoa zen familia horretan.
Flandrian, Normandian eta Ingalaterran dexenteko boterea erdietsi baldin bazuten, Eskozian are gorago iritsiko ziren, bertako Errege Familiarekin senidetzea lortu baitzuten Robert de Brus, Annandaleko 4. jauna, Gilen Lehoia Eskoziako erregearen iloba zen Isabel Huntingdon-ekin ezkontzean 1219an.[4][5] Ahaidetasun horretan oinarritu zen honen seme eta Robertoren aitona izan zen Robert de Brus, Annandaleko 5. jauna, Eskoziako tronua eskatzeko 1290-1292 urteetan eta gerora Robertok berak ere halaxe egingo zuen, baita lortu ere.[4][6][7] Amaren leinua berriz bai zela izatez eskoziarra (gaela).
Bere jatorri anitzaren ondorioz, Robertok hiru hizkuntza ikasi eta menderatu zituen: Gaelikoa, Scots delakoa eta Anglo-normandiera (Frantsesaren antzekoa, Ingalaterrako handikiek erabiltzen zutena).[7]
Robert the Brucek, Carrickko dukea eta Annandaleko zazpigarren jauna izanik, Eskozian lur zabalak izan ez ezik Ingalaterran ere onibarrak eta lur txikiak zituen. Hala ere, orduko noblerik poteretsuena Joanes Comyn izan zen. Brucek Comyn hil zuen Dumfriesen[8] eta horrexegatik eskumikatu zuten[9]. Orduan aukera bi besterik ez zituen: erregea ala iheslaria izatea.
Zazpi aste beranduago Sconen, Bruce Eskoziako errege izendatu zioten Robert Wishartek ingelesen eskuetatik at mantendutako jantziak eta ikurrekin. Hantxe zeuden St. Andrews, Moray eta Glasgoweko gotzainak eta baita Atholl, Menteith, Lennox eta Marreko kondeak[10].
Azkenekoz, zortzi urte gerran egon ondoren, Ingalaterraren eskuetatik aske izatea lortu zuen 1314an Bannockburngo gudua irabazi ondoren. Segituan Yorkshire eta Lancashire eraso zuen espedizioa burutu zuen.
1315ean Irlanda inbaditu zuen, eta hangoek errege izendatu zuten 1316an. Robertok "Eskotia Handi pan-gaelikoa" proposatu zuen orduan. Irlandako buruzagiei nostra nacio (gure aberria) ideia proposatu zien, eskoziarrak eta irlandarrak elkartzen zituzten hizkuntza (gaelera), ohiturak eta kultura ondareak nabarmenduta. Ulsterren arrakasta izan arren, ideia berria ez zen irlandarren gogokoa izan, hegoaldekoentzat eskoziarrak beste inbaditzaile batzuk baizik ez zirelako.[13]
Braveheart (1995) filmean Angus Macfadyen eskoziarrak antzeztu zuen Roberto. Filmean Falkirken ingelesen alde agertzen bazen ere, ez zuen inoiz William Wallace saldu. Era berean, filmean Wallace Robertoren jarraitzailetzat hartu arren, Wallace benetan Balliolen aldekoa izan zen.
↑ Lauder-Frost, Gregory, FSA Scot., Some Descendants of Robert the Bruce, The Scottish Genealogist, LI Liburukia, 2. zbk, 2004ko ekaina: 49-58, ISSN 0300-337X
Bibliografia
Barrow, G.W.S., "Robert Bruce & the Community of the Realm of Scotland"
Bartlett, Robert, "The Making of Europe, Conquest, Colonization and Cultural Change: 950-1350"