Porrua (Allium ampeloprasum var. porrum edo Allium porrum) barazki luzea eta haritsua da, zuri eta berde kolorekoa. Tipularekin eta baratxuriarekin batera Amaryllidaceae familiako Allioideae subfamiliakoa da. Porruaren atal jangarria ez da zurtoina, hala pentsa badaiteke ere, biribildutako hostoz osatutako multzo estu bat baizik.
Hainbat motako porruak daude, baina motarik arruntenak, landatzen diren sasoiaren arabera, bi dira: udakoak, landatu diren urtean biltzekoak direnak, eta negukoak, landatu ondorengo urteko udaberrian biltzen direnak. Neguko porruek normalean handiagoak dira eta zapore sakonagoa dute.
Historia
Hebrear Biblian jada aipatzen da חציר, adituek porru gisa identifikatzen duten landarea, eta Egipton oso landare ohikoa dela esaten du[1]. Antzinako Egipton aurkitutako landare lehortuek, margolanek eta erliebeek esaten digute porrua K.a. 2. milurtekoan oso landare ohikoa zela euren dietan. Testuek ere Mesopotamian kultibatzen zela esaten digute, gutxienez milurteko horren hasieratik[2].
Antzinako Erroman baratxuria edo tipula baino kalitate hobea zuela pentsatzen zuten. ApiciusI. mendeko sukaldaritza-liburuak lau errezeta ditu porruak erabilita[3]. Neron enperadoreak porru gordinak maite zituen, eta olioan zein porrusalda moduan jaten zituen, uste zuelako bere ahotsarentzat oso ona zela[4]. Hori dela eta, kroniketan "Porrofago" ezizena ematen zitzaion, "porru-jalea"[3].
Deskribapena
Porru landareak hiru atal ditu; hosto luze lantzeolatuak, berde-urdinxka kolorea dutenak, zurtoina eta amaieran bulbo zuri luzanga sustrai fin ugari ateratzen direna. Porruak metro erdi inguruko luzera hartzen du eta 3-5 cm arteko diametroa. Tipularen antzeko zaporea du, suabeagoa baina.
Nutrizio balioa
Porru gordinaren %83a urak osatzen du, %14a karbohidratoek eta %1a proteinek. Ez du lipidorik apenas. Karbohidratoen artean aipatzekoa da inulina iturri garrantzitsua dela.
Ekoizpena
Indonesia da mundu mailan porru ekoizle nagusia[5].