Palankin

Palankin
Litera (garraioa)a

Palankina [1] litera edo anda mota bat da, gizakiek edo animaliek eramana, pertsona garrantzitsuak garraiatzeko baliatu izan dena Asiako zati handi batean. Garraioko literak eserleku bat badira funtsean, palankina gehiago da gelaxka mugikor bat bezala, pertsona etzanda joan daitekeena (ohea, finean, bidaia luzea bada). Halaber, eramaile-kopuru handi batek eramaten du batzuetan palankina, garraiatuaren estatusaren erakusgarri.

Hedapena eta erabilera

Indian eta Txinan duela bi mila urte ingurutik ezagutzen da, eta Japonian, Korean eta Ghanan ere egon da ohitura.

Ekialde Urrunean, palankinen erabilera gutxitzen hasi zen 1930eko hamarkadan rickshawak ohiko bihurtu ondoren.

India

Palankin hitza pallakku tamilerazko hitzetik eta pallaki telugutik dator, ohatze bat izendatzen du. Palankinen erabilera Rāmāyana bezalako testu zaharretan aipatzen da Indian, k.a. 250 inguruan. XVII. eta XVIII. mendeetan, Bengalan zeuden merkatari europarrek berpiztu zuten gailu hauen erabilpena.

Txina

Txinako maila handiko palankina.

Palankinak Txinan Han dinastiatik dokumentatuta daude, duela 2000 urtetik. Txinan garai bateanzurezko edo banbuzko ohe palankinak gizarte maila ez pribilejiatu batzuetakoek ere erabiltzen zituzten, emakumeek edo adinekoek bereziki, alokatuta. Jiào (轎) zen termino erabilia palankinarentzako txineraz, eta mandarin agintari handiek luxuzkoak erabiltzen zituzten, zetazko gortinekin, guānjiào (官轎) izenekoak.

Nork bere palankina edukitzea estatus sozialaren atributu garrantzitsua zen. Estatusa eramaile kopuruak markatzen zuen sarro. Kasu batzuetan, kopuru hori 40 edo 64 eramailetara irits zitekeen.

Japonia

Norimono japoniar bat.

Norimono delakoa palankinaren bertsio japoniarra da. Pertsonaia garrantzitsu eta aberatsek erabilia, daimyōek kasu, Edo aroan erabili zen. Norimonoak oso dotore apainduta egon zitezkeen. Aberatsegi ez zena, norimono garestira iritsi gabe, kago izeneko litera merkeagoarekin asebete zitekeen.

Korea

Korean, errege-familia eta aristokrazia gama izeneko palankin apainduetan ibiltzen ziren. Sei gama mota zeuden, eta horietako bakoitza administrazioko gradu ezberdin bati zegokion.

Ezkontza tradizionaletan, ezkongai bakoitza bere gama propioan joaten zen zeremoniara. Koreako penintsula menditsua izateak sortzen zituen zailtasunengatik, baita prestaturiko errepide faltagatik ere, gamak gurpil ibilgailuak baino nahiago zituzten aberatsek.

Ghana

Ghanan, Akan eta Ga erregetzek palankinak erabiltzen dituzte beren jai publiko handietan. Ga erregeek palankin figuratibo eta pertsonalizatuak erabiltzen dituzte, familiaren ikur eta totemei lotuta daudenak. Palankin figuratio hauetatik Ghanako hilkutxa apaindu bereziak garatu dira.

Erreferentziak

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «palanquin» artikulutik itzulia izan da, 2023-11-15 data duen 209654660 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-11-15 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. Fundazioa, Elhuyar. «palankin» Elhuyar Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2024-11-15).

Kanpo estekak