Olagarro arrunta nahiko handia da, 25 cm inguruko mantoa du eta garroak kontuan hartuta metro bateko luzera hartzera iristen da. Urte bat edo bi bizi ohi da[7] eta handienek 9-10 kilogramoko pisua hartzen dute[8].
Kolore marroixka du baina inguruko haitzekin kamuflatzeko kolorea eta ehundura alda ditzake. Kolorea ere aldatzen dute lasai, haserre edo izuturik daudenetan[9].
Buru handia du, obalatua, eta haren barnealdean gordetzen ditu erraiak; brankiak, garuna, bihotzak, digestio aparatua... Bi begi handi ditu buruaren oinarrian eta "W" itxurako sifoi bat ateratzen du aldamenera.
Burutik zortzi garro ateratzen zaizkio, bakoitzak bi bentosa ilara ditu. Beso hauetakoren bat ebaki egiten bazaio berriz garatzeko gaitasuna du. Azpialdean, garroen oinarrian, kitinazko moko gogorra du, jana txikitu eta ahoaren bidez irensteko.
Sakonera txikiko kostaldeko ingurune harritsuak atsegin dituzte, gehienez ere 200 metrotako sakoneran aurkitzen dira. 15-16 °C-tan dute uraren tenperatura optimoa. Ura beroago dagoenean sakonagoko uretara sartzen dira.
Biologia
Portaera
Kolorea aldatzen du gorputzean zehar barreiaturik dituen kromatoforoen bidez. Gai da inguruan dituen elementuak erreplikatzeko, algak, harriak, hondarra...[9]
Kamuflajeak huts egiten duenean ihes egiten du suziriak bezala. Mantuan presio altua pilatzen du eta sifoiaren bidez presio hori askatu egiten du bere buruari propulsioa emanez. Orduan luzatu egiten da eta abiadura handia hartzen du baina zainak kontraitu egiten zaizkio eta ezin du denbora luzez mantendu mugimendua, oxigeno gabezia pairatuko lukeelako[10].
Elikadura
Animalia bakartia da eta ilunabarrean ateratzen da ehizatzera. Krustazeo eta bibalbioak jaten ditu batez ere, mokoarekin oskola apurtzeko gai baita. Arrainak ere harrapa ditzakeen arren ez da hain ohikoa. Pozoia ere badu, harrapakinei sartzen die haiek paralizatzeko[11].
Harkaitzetako arrakaletan ezkutatzen da, baina ez da zaila olagarro arrunta aurkitzea, jan dituen krustazeoen eta bibalbioen oskol hautsiak pilatzen baitira haren babeslekuaren sarreran[9]. Ikusi izan da "lorategiak" sortzen eta zaintzen. Bertan algak eta bestelako landareak biltzen ditu, bai eta oskolak eta harritxoak ere.
Ugalketa
Olagarro arruntaren ugalketa garaia martxotik azarora izaten da. Ura hozten denean eteten da aldi hori.
Garai horretan olagarro arraren hirugarren garroa ektokotilo bihurtzen da; goilara itxura hartzen du eta espermatoforoa garraiatzeko egokitzen da. Espermatoforo hori emearen barrunbe palealean sartzen du eta hazia barreiatu egiten da haren barnean[9].
Emeak arrautzak jartzen ditu eta zaindu egiten ditu. Urak duen tenperaturaren arabera hilabetez edo lau hilabetez. Arrautza kopuru handiak izaten dira, 800 eta 1.000 artean, eta tamainaz 8 x 3 mm-koak dira. Pedunkulatuak dira eta sustantzia gelatinotsu batez elkarturik daudela harrietara itsasten dira. Emeak hiru hilabetez arrautzak zaintzen ditu, enbrioia garatu artean, eta aldi horretan ez da elikatzen. Horregatik olagarro kumeak jaiotzen direnean ama hil egiten da[9].
Arrautzetatik ateratzen diren olagarro kumeak helduen itxurakoak dira dagoeneko. Hilabete eta erdiz aske egiten dute igeri eta ondoren itsaso hondora jaisten dira[3]. Hilabete gutxi batzutan sexu heldutasuna lortzen dute[9].
Inteligentzia
Nerbio sistema oso garatua dute. 500 milioi neurona dituzte, txakurrek duten kopurua beste. Nahikoa inteligentzia badute, labirintoetatik ateratzeko, gizakiak ezagutzeko, pitxarrei tapa kentzeko[12] edota otarrainen tranpetatik ihes egiteko[13].
Gastronomia
Euskal kostaldean betidanik arrantzatu izan da olagarroa. Adibide argia Zumaiako flysch eremua da, bertan itsasbeheran harrapatuta gelditzen diren olagarroak gantxo bidez arrantzatzen dira. Bestela kainabera erabiliz arrantzatzen da, beita jartzen zaio amuan eta olagarroak hari heltzean tira egiten zaio. Harrapatu ondoren olagarroa zintzilikatu egiten da, haizelekuetan zabaldurik, eta lehortu egiten da. Antzinatik datorren lanbidea da olagarro harrapatzailearena eta horregatik zumaiarren olarro ezizena dute. Irailean Olarro Eguna ospatzen dute eta ezaguna da bertan egiten den "olarro zopa".
Olagarroa jateko plater ezagunena Olagarroa galiziar eran da. Olagarroa egoi eta oliba olio, piperrauts eta itsas gatzez atontzen da. Bestela ere jaten da olagarroa; parrillan egina, brotxetak eginda, entsaladatan, piperrekin, patatekin gisatua edo lekaleekin (babarrun, txitxirio...) gisatua.