Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak egin zituen Bartzelonako Universitat Pompeu Fabran, eta arlo horretan defendatu zuen doktoretza-tesia ere, Dublin City University-n, 2010ean. Zehazki, Symantec segurtasun enpresaren baitan, bere itzultzaile automatikoak egiten zituen akatsetako bat izan zuen aztergai.
2012tik EHUko IXA taldean dihardu itzulpen automatikoaren gainean lanean. Batez ere, IAren kalitateari eta erabilerari erreparatzen dio: itzultzaile profesionalek zein erabiltzaile arruntek IA nola baliatzen duten aztertzen du, eta esperientzia hori hobetzeko bideak ikertzen ditu.[2]
IArekin erlazionatutako hainbat proiektutan hartu du parte, hala nola, QTLeap eta MT4All europar proiektuetan, TADEEP eta DOMINO estatuko proiektuetan, baita euskararako kalitate bikaineko lehen itzultzaile neuronala lortu zuen MODELA proiektuan ere.
Itzulpen Automatikoaren kalitate-kontrola
Itzulpen Automatikoa Adimen Artifizialaren eta Hizkuntzaren Prozesamenduaren erronka nagusietako bat izan da hasiera-hasieratik. IXA ikerketa-taldean, euskararen prozesamendu automatikoa lantzeko helburuaren harira, Itzulpen Automatikoa ere landu dute 2000. urtetik, alorreko berrikuntzak euskarara ekarriz eta egokituz. Batez ere gaztelaniazko testuak euskarara itzultzen dituzten sistemak sortu zituzten hasieran Matxin sistemarekin (2006) , baina euskaratik gaztelaniara itzultzen dituztenak eta ingelesa-euskara hizkuntza-bikotea tratatzen dutenak ere garatu izan dituzte urte hauetan guztietan,[3] baita katalana, galegoa eta frantsesa ere beste ikertalde batzuekin lankidetzan. Itzulpen Automatikorako lehenengo sistemak sortu zirenetik gaur egunera bitartean erabilitako teknikak nabarmen aldatu dira; Erregeletan Oinarritutako Itzulpen Automatikoan hasi, eta Itzulpen Automatiko Neuronalean bukatuz, tartean Itzulpen Automatiko Estatistikotik pasatuta.
Aranberrik euskararako itzulpen automatikoaren erabilgarritasuna neurtzeko hainbat saiakeratan parte hartu du.[4] Horien artean aipagarriena da 2014ean antolatu zuen Ebaluatoia. Itzultzaile automatikoen emaitzak eskuz ebaluatzeko kanpaina horretan, Internet bidez 500 pertsonak lagundu zuten 33.000 esaldi ebaluatuta, musu-truk.[5][6][7] Ordurako programa horiek ematen zuten laguntza baliagarriak izaten hasten ziren. Handik lau urtera, eta ordura arte garatutako itzulpen baliabideak erabiliz, euskarazko itzulpen neuronalak arrakasta nabarmena lortu zuen.[8][9][10]