Nerea Gastón Tabera (Durango, Bizkaia, 1995eko ekainaren 10a) arte historialaria da. 2022an Latsarriak: emakumeen ahotsa erakusketa[1] prestatu zuen Durangoko Arte eta Historia Museoan.[2]
Biografia
Artearen Historian graduatua da Salamancako Unibertsitatean eta Arte Garaikidearen Kontserbazio eta Erakusketan masterra egindakoa Euskal Herriko Unibertsitatean. Museografiaren mundua eta museo-erakundeen barne-funtzionamendua eta kudeaketa gustuko ditu. Bi museo-erakundetan, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Durangoko Arte eta Historia Museoan, praktikak eginez lortutako esperientziari esker, artelanak kontserbatzeari, ondarea ikerteari eta kudeaketari gero eta garrantzia handiagoa ematen dio. Hezkuntzaren eta hezkuntzako kultur proiektuen garapenaren esparrua ere interesatzen zaio, baita kultura zabaldu eta gizartera sare sozialen bidez hurbiltzea ere.
Master amaierako lana latsarriei buruz egin zuen Nereak. Lan horretan, Durangoko Barrenkaleko latsarrien garrantzia azpimarratzea proposatzen zuen, funtzionalak izateaz gainera genero espazioak zirelako eta emakumeen sozializazioan garrantzitsuak zirelako. Alde batetik, historia materiala ikertu nahi zuen, ez zegoelako informaziorik, baina emakumeek espazio hauetan izandako rola ere ikertu nahi zuen.
Ondoren Durangoko Udalak emandako Sor(tzaileen)leku beka eskuratu zuen eta forma eman zion proiektuari.[3]Eta konturatu zen Barrenkalekoez gainera bazeudela beste latsarri batzuk Durangon, eta horietaz berba egitera ausartu zen.
Erakusketak
- 2022an Latsarriak: emakumeen ahotsa erakusketa prestatu zuen Durangoko Arte eta Historia Museoan.[2][1]Erakusketan zortzi emakumeren lekukotzak bildu zituen Nereak, baita latsarriak agertzen diren Durangoko artxiboko planoak ere.
Erakusketaren inguruan latsarriekin eta emakumeekin lotutako hainbat mahai inguru ere antolatu zituen. Mariefi Perezek Emakumea eta lan ikusezina hitzaldia eman zuen, emakumeen oroimena berreskuratzeko eta historia emakumezkoetan berrirakurtzeko. Estibaliz Gutierrezek Emakume latsarien garrantziari buruz hitz egin zuen, ahaztutako lanbideari buruzko hausnarketa eginez. Isabel Mellen ikertzaileak Latsarriak XIX. eta XX. mendeen arteko gizarte-esanahiaren bilakaera gaia jorratu zuen. Ondarearen Europako jardunaldien barruan latsarriei buruzko mahai-inguru bat ere antolatu zuen.
Sariak
- Durangoko Udalak emandako Sor(tzaileen)leku beka.[4]
Zutabegile
Mugalari orainkarian zutabegile. [5][6]
Erreferentziak
Kanpo estekak