Muxar ezpainlodia izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian[4]:
Izena
Erabilera-eremua (udalerria)
akerra
Getaria, Donostia, Hondarribia
muxar erreala, muxar ezpainlodia
sargo gorria
Lekeitio, Ondarroa
Deskribapena
Gorputza obalatua eta oso zapala du. 55 cm-ko luzera har dezakeen arren[5] batazbeste 35 cm neurtzen ditu[6]. Barra ilunak edo beltzak eta zilar koloreko lerroak tartekatzen dira, horregatik hainbat hizkuntzatan zebra arraina esaten zaio. Bost marra beltz agertzen ditu gorputzean eta seigarren batek zeharkatzen du burua, begien parean. Hegatsetako arantzak oso zorrotzak dira[7].
Burua handia eta pikoduna du eta ezpain lodiak ditu. Goiko barailan 10-12 ebakortz ditu eta azpikoan zortzi. Hauen atzean haginak ditu. Hortzeriaren lerro bi horiek ematen diote Diplodus ("hortzeria bikoitza") izena generoari[7]. Ahoa pixka bat ateratzen du eta horrek harrapakinak harrapatzen laguntzen dio. Ugalketa garaian orban hori bat agertzen zaio begien azpian[5].
Arrokak artean ezkutaturik bizi dira. Muxar gazteek nahiago dituzte Posidonia zelaiak[5].
Elikadura
Itsas hondoan aurkitzen dituen animaliak jaten ditu, itsas trikuak, zizareak eta bibalbioak besteak beste[5]. Arrak haragijaleak dira, gazteak aldiz orojaleak, algataz ere elikatzen dira[7]. Bospasei aletako taldeak osa ditzake, adin ezberdinetakoak, baina arrantza presio handia dagoen eremuetan bakartiak izan ohi dira, Bizkaiko golkoan esate baterako[9].
Ugalketa
Bi urte dituztenean 25 cm inguru neurtzen dute eta sexu heldutasunera iristen dira. Ale batzuek 5 urte betetzen dituztenean sexua aldatzen dute. Errute aldia uraren tenperaturaren araberakoa da. Mediterraneoan udaberria eta uda artean izaten da. Arrautzetatik larbak jaiotzen dira 6-11 eguneko garapenaren ondoren[9]. Larbak pelagikoak dira eta planktona osatzen dute. 9 mm-tako luzera hartzen dutenean hondora jaitsi eta kostaldera itzultzen dira[9].
Gastronomia
Arrain preziatua da. Haragi zuri trinkoa du eta omega-3 lipidotan oso aberatsa da. Frijituta eta gisatuta prestatzen da, muxar handiak labean erreta ere bai[10].
Arriskuak
Muxar ezpainlodiaren arrisku handiena gehiegizko arrantza da. Dagoeneko populazioaren %85a gutxitu da[11].
Akuikulturan hazten saiatu izan dira baina estresarekiko tolerantzia txikia du eta zaila egiten da kopuru handitan haztea[7].
Erreferentziak
↑Bauchot, M.-L. & J.-C. Hureau, 1986. Sparidae. 883-907. orr. A P.J.P. Whitehead, M.-L. Bauchot, J.-C. Hureau, J. Nielsen & E. Tortonese Fishes of the north-eastern Atlantic and the Mediterranean. 2. Lib UNESCO, Paris, Frantzia.
↑Bauchot, M.-L., J.-C. Hureau eta J.C. Miguel. (1981). Sparidae. W. Fischer, G. Bianchi and W.B. Scott (eds.) FAO species identification sheets for fishery purposes. Eastern Central Atlantic. (Fishing Areas 34, 47 (in part)). volume 4..
↑Pajuelo, J.G., Lorenzo, M.J. eta Dominguez-Seoane, R.. (2003). Age estimation and growth of the zebra seabream Diplodus cervinus cervinus (Lowe 1838) on the Canary Islands shelf (Central East Atlantic). Fisheries Research 62(1), 97-103 or..