Museo eta arte-galerietako arduraduna edo kontserbatzailea (ingelesezcurator) bilduma bat edo batzuk osatzen dituzten objektuak zaintzeaz arduratzen den pertsona da. Tradizionalki, kontserbatzaileak museo bateko bildumen arduradunak izan dira, baina kargua beste erakunde motaren batean gordeta dauden bildumak, publikoak edo pribatuak, zaintzeko esparruan ere gauzatu daiteke, hala nola unibertsitate, artxiboa, liburutegi edo laborategi batean. Egun, ohikoa da bildumako gaiaren inguruko adituak arduradunak izatea[1] hala nola, artearen historian adituak, arkeologoak, museologoak, zientziaren historian adituak, etab.
Arduradun batek bere bilduma aztertu eta dokumentazioa inbentariatu, katalogatu eta sailkatzeko funtzioa betetzen du; baita haren kontserbazioa, babesa eta, azkenik, hedapena (ezagutza partekatzen laguntzea). Izaera orokorragoarekin, ondare historikoaren kontserbatzaile ere dei dakioke[2]. Museo bateko ondare-elementu guztiak inbentariatuta eta sailkatuta daudela ziurtatuko du, eta bildumaren kontserbazioaz eta mantentzeaz ere arduratuko da. Bere eginkizuna baloratzea da, baita ezagutaraztea ere. Argitalpena, hezkuntza eta dibulgazio zientifiko eta artistikoa, beraz, bere eginkizunen parte dira[3].
Artearen arloan, kontserbatzaileek artelanen bildumak zaintzen eta kudeatzen dituzte. Askotan haiek kontratatzen dituzten arte-erakundeek eta museoek lanen zaharberritzearen arloan gaitasunak izatea espero dute, nahiz eta erakunde gehienetan lanaren zati hori talde espezializatuen esku utzi ohi den.