Migel Anjel Arzuaga Lasagabaster (Oñati, 1925eko maiatzaren 27an - Oñati 1960ko urriaren 5ean), paisaia-margolaria.[1]
Biografia
Migel Anjel Arzuaga Oñatiko Santa Marinako plazan jaio zen, Madinabeitia familiaren palazioari erantsita dagoen etxean. Senen Arzuaga eta Jovita Lasagabaster izan ziren bere gurasoak. Aita durangarra zen jatorriz, baina umetan ekarri zuten Oñatira, Urruxolako abadetxera, bere ama alargundu zenean. Ama, berriz, Aretxabaletako Aozaratza auzoko baserri batean sortu eta gaztetan etorri zen Oñatira neskame moduan. Senenek agustino laterandarren komentuan ikasi zuen, eta bulegari-lanak egin zituen gaztetatik, "Gipuzcoano" bankuan batik bat, bertako zuzendari izatera iritsiz Musikarako zaletasun handia zeukan eta organoa ez ezik, beste dozena-erdi bat instrumentu ere jotzen ikasi zuen. Askotan jardun zuen San Migel parrokian organista titularraren ordezko gisa. 1923an ezkondu ziren Jovita eta Senen, zortzi seme-alaba izan zituztela: Migel Anjel, Arantxa, Jabier, Mª Asun, Jose Mari, Jesús Mari, Josefina, y, Mª Nieves. Denek musika, arte edo literaturarako joera erakutsi zuten: Migel Anjelek margolaritzarako; Arantxak marrazkigintzarako; Jabierrek literaturarako; Joxe Marik musikarako; Asunek kantu eta antzerkirako; eta Jesus Marik argazkigintzarako.[2]
Migel Anjelek txikitatik azaldu omen zuen marrazkigintzarako abilezia. Laterandarren herri-eskolan ikasi zuen. 1936ko gerra ondoren Donostiako marianistengana jo zuen batxilerra egitera, baina bere grina marraztea eta pintatzea zenez, Donostiako “Artes y Oficios” eskolan eman zuen izena iluntzetan. Ikaskide izan zituen, besteak beste, Eduardo Txillida eta Mentxu Gal.[3]
Oñatira batxilerra bukatu gabe itzuli zenez, aitarekin bankuan lanean hasi behar izan zen, gogoz kontra. Baina edozein tartetxo aprobetxatzen zuen margotzeko, eta jaioterria bakarrik gutxitxo zela-eta, ahal zuen guztietan kanpoko erreferentziak ezagutzen ahalegindu zen. Ingurukoak ez ezik (Donostia, Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Baiona), urrutiagokoak ere bai: 1950ean Madrilera joan zen hango museoak bisitatzera, 1951ko eta 1953ko oporretan, ahalik eta era merkeenean, Parisen egon zen. Eta 1953an, baita, Erroman. Fraide laterandarren komentuan izan zuen lo-lekua, trukean han egindako obra batzuk utziz. Horietako bat urte batzuk lehenago Oñatin Arzuagak maisu izan zuen Fernando Urkia arbizuarraren erretratua, ordurako agustino laterandarren abade nagusia zenarena.[4]
Aldi oparoa
1950eko hamarkada osoan etengabe arituko zen arte plastikoen arloan. Pinturan bereziki, baina beste sail batzuk baztertzeke. Oso aberatsa da, esate baterako, aldizkari eta liburuetarako marraztu zituen grabatuen saila: sasoi hartan Oñate izeneko kultur aldizkaria argitaratu zen 1950 eta 1955 bitartean, Iñaki Zumalde historialariaren ekimenez. Zumalde eta Arzuaga adiskideak zirenez, laguntza eskatu zion margolariari, eta aldizkariak kaleratu zituen lau ale marduletan Arzuagaren dozenaka marrazki eder azaldu ziren, Oñatiko kale, plaza, txoko, eraikin, eliza, ermita, pertsonaia eta beste hainbat xehetasun erakutsiz.[4]
Marrazki-eskola batzuk ere eman zizkien Oñatiko agustino laterandarren seminarioko ikasle gazteei, eta halaber, laterandarren eliza-dorrearen erdian ageri den Jesusen Bihotzaren hiru metroko estatua egin zuen, agustinoetako behealdeko sotoko tailerrean zatika moldatu ondoren. Beste eskultura antzeko bat ere gauzatu zuen Socorroko Markesaren enkarguz, gaur egun Errioxa arabarreko Villabuenako plazan ikus daitekeena: Familia Sakratua irudikatzen duen baxuerliebea da. Edonola ere, margolari gisa utzi zizkigun Arzuagak fruiturik helduenak, urte gutxiren buruan pintatu zituen 154 koadroekin, eta bestalde, edozein kultura- edo gizarte-jardueratan laguntzeko prest zegoenez beti, hainbat jaietako kartel eta liburu zein aldizkarien ilustrazioak egin zituen.[4] Artistikoki, Kortadik «korronte postinpresionistetara» atxiki zuen, frantses fauvismoa eta kolore indartsuekiko zaletasuna gehiago bereganatuz.[5]
1957an Izaskun Etxabeguren anoetarrarekin ezkondu zen. Izaskun urte batzuk lehenago Oñatira etorria zen, bere osaba Don Migel Etxabeguren herriko parroko bakezalearen etxera. Laster jaio zitzaizkien lehenengo alabak, Pili eta Arantxa. Baina Arzuagak beste erronka zail bati ere erantzun zion orduan: hainbat urtetan lantoki segurua izan zuen bankua utzi eszedentzia eskatuta, eta bere zaletasunekin egokiago zetorren lanbide bati heldu zion. Hartarako argazki-denda jarri zuen Etxaluzeko enparantzatxoan. Aurretik Gasteizera joan zen Alberto Schommer Koch argazkilari alemanarekin ikasi eta lan egitera. Astean zehar Jesus Mari anaia egiten zen dendaren kargu, eta berak jarraitu zuen Arzuaga hil zenean.[4]
Senen aita hil zitzaion 1960ko urrian, eta Donostiatik ehorzketara etorritako senide bat eramatera abiatu zen autoz, Gabirian beheranzkotan istripua izan zutela biderik aterata. Istripu larria ez izan arren, Arzuagak zorte txarra izan zuen, eta lepondoko kolpe baten ondorioz bertan geratu zen zerraldo.[4]
Errekonozimenduak
1946. 48. eta 50. Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketan saritua.
1946. Akuarelako lehen saria. Hezkuntza eta Atseden Lehiaketa.
1952. Gasteiz. Lehen erakusketa Aurrezki Kutxaren aretoetan. Ondoren Donostia, Bilbo eta Baionan.[6]
Landa-paisaia 79, Hiri-lurra 55, Erretratuak 10, Ibaiekin 5 eta Natura hilak 5. Guztira: 154 koadro.
Marrazteko teknikak: txinako tintaz, akuarelaz, pintzel-olioz eta olio espatulaz.
Lehen aldia. 1945-50
Aloña Zañartutik. Burgosko katedrala. Zuazolatik. Deguria. Antoni Beitiaren erretratua. Otsaileko eguzkia. Ibai-paisaia. Oñati San Martinetik.
Bigarren aldia. 1950-55
Montmartre. Paris Sena. Montmartretik jaisten. Parisko zubiak. Sacre-Coeur. Doubleko zubia. Pariseko grisa. Tournelleko zubia. / Erroma. Sant'Angelo. Erromako hondakinak. Erromako bistak. San Pedrotik. Erromako Zesio zubia. Erromako Garaipenaren Arkua. / San Migel Parrokia. San Martin ermitako portada. Paisaia. Andina Arrazolaren erretratua.
↑Elortza, Jerardo; Irizar, Iñazio, et al. (1982). Oñatiko historia eta arte bilduma - Inventario histórico artístico del valle de Oñati. Oñatiko herri liburutegia. Oñatiko Udala, 300 or. ISBN84-500-7.932-2..
↑Jerardo Elortza et al.. (2010). Miguel Angel Arzuaga. Oñatiko Udala - Kutxa, 12-43 or. ISBN978-84-935841-5-3..