Maria Magunazelaia Loroño, jaiotzaz Mariana, baina Maria Maoma ezizenez ezagunagoa, (Ermua, Bizkaia, 1904ko abuztuaren 18a - Arganda del Rey, Madril, 2000ko irailaren 18a) Euskal Herriko lehenengoetariko txirrindularia izan zen.
Bizitza
Maria Magunazelaia Loroño 1904ko abuztuaren 18an Ermuko Sallabente auzoan jaio zen. Aita, Juan Domingo Magunazelaia Magunazelaia, jatorriz Ibarrurikoa (gerora Muxikako auzoa),[1] Ermura lan egitera joan zen. Lanbidez tornularia izanik, neskatoaren jaiotza-agiriak argitzen digun modura, torlojuen tailertxo bat jarri zuen bertan, gerora A8 autopistaren sarrera izango zen paraje inguruan. Egiten zuen propagandak zioen: “Fabrica de radios para autos y motos - tornilleria - remaches - tuercas y arandelas”. [2]
Aita bere abizenaren Maoma laburduratik deitzen zuten eta seme-alabak ezizen beretik ezagutuko zituzten beti. Ama, Josefa Loroño Iturrioz, senarraren Bizkaiko paraje bertsukoa zen, Morgako alaba bait zen.[3]
Bost seme-alaba izan zituen bikoteak, bi umetan zendu baziren ere; Maria izan zen euretan nagusiena eta neska bakarra. Ahari-joko zalea zen Juan eta herririk herri ibiltzen zen apustuak egin eta desafioak antolatzen. Sidecardun motorra zuen; moto-gidari bera eta alboko gurditxoan aharia jartzen zuen, kopiloto. Hil ere motorrarekin izandako istripu baten ondorioz hil zen, 1914ko uztailean.[2] Josefa alarguna Eibarrera abiatu zen orduan, bizirik eta oraindik ume zituen hiru seme-alabekin.
Maria gaztetatik hasi zen lanean Eibarko Matsariako Thieme-Edeler lantegi alemanean, eskopeten kartutxoak egiten.[4] Angel Markano Arregi korrikalari eibartarrarekin ezkondua, bikoteak seme bakarra izan zuen, Roberto Markano Magunazelaia, 1928. urtean Eibarren jaioa eta 1936ko Gerra Zibilaren ondorioz Errusiara erbesteratua izan zena, gerrako umetzat.[5]
Senarra, Santoñan preso egon ostean, Santanderren fusilatu zuten 1938ko martxoan.[6][7] Maria gerora, alargun ere geratutako Miguel Fernándezekin batu zen; Miguelen alaba biak benetako arrebak izan ziren Roberto semearentzat.[2] Hau, Errusian ia 20 urte eman ostean, Eibarra itzuli zen, eta handik Madrila joan zen bere marrazkilari lanbidea garatzera. Ama urte batzuk geroago batu zitzaion, eta semearen familiarekin bizi izan zen; Madrilen ere musu-trukeko lanetan jardun zuen, bertako hainbat taldetan kolaboratzen.
Maria Magunazelaia 2000. urteko irailean Madrilgo Arganda del Rey hirian hil zen, 96 urte zituela.[8]
Kirol ibilbidea
Gaztetatik hasi zen kirola egiten eta bere bi zaletasunak uztartu zituen: mendia eta txirrindularitza; 1925 eta 1930 artean bere anaiaren GAC markako bizikleta erabiltzen zuen. Garai hartan bi erroberadun gainean emakume gutxi ibiltzen zela-eta, askoren irainak jasan behar izan zituen. Gipuzkoan eta Bizkaian antolatzen ziren txirrindularitza lasterketetan parte hartu zuen eta horietako batzuk irabazi ere.[2]
Entzute handiena eman zion 1929an Elorrion leihatu zuena, ama zela jada, Bizkaiko txapela eskuratuz parte hartutako gizonezko guztien aurretik helmuga zeharkatu ostean. Sari gisa, garaikurra eman zioten eta baita urrezko eraztun bat, beti gorde zuena. Gona jantzita, bizikleta oratuta eta garaikurra eskuan duela erretratatu zuen Eibarren Indalezio Ojanguren argazkilariak urte hartako urriaren 3an. Eusebio Magunazelaia anaiak ere txirrindularitza munduarekin lotura handia izan zuen eta Eibarko Isasi kale barrenean bizikletak konpontzeko tailerra zabalduko zuen gerora.
Eibarko Klub Deportiboko kide eta zuzendaritzako parte aktiboa, 1934ko akta-liburuetan Maria Magunazelaia direktibako bokal gisa agertzen da, Luciana Larreategi mendizalearekin batera.[9][10][11]
Aitortzak
- 2018an, Eibarko Armagintzaren Museoak, Emakumearen Egunaren aldarrikapenen haritik bere figura eta ibilbidea ezagutzera eman zuen
- 2020an, Martxoaren 8ko ospakizunen harira, Eibar Futbol taldeak Ipurua zelaiko eremu desberdinak berrizendatu zituen sasoi guztietako Eibarko emakume kirolarien izenen plakak jarriz, Maria Magunazelaiarena tarteko[12]
Irudi galeria
-
Euskal Herriarentzako Sortaraua (autonomia estatua) onartzeko erreferenduma, 1933koa, Euskal Herrian emakumeak estreinakoz botoa eman ahal zuteneko hauteskundea. Eibarren lekuko gisa aritu zen Maria Magunazelaia, irudiaren erdian alkandora zuriarekin.
Erreferentziak
Kanpo estekak