Leizeak kokaturik dauden harana Yi ibaiak egin zuen eta bi muino banatzen ditu, Xiang Shan ekialdean eta Longmen Shan mendebaldean, azken honek ematen die izena haitzuloei.
1368 eta 1912 artean Ming eta Qing dinastiak izan ziren Txinan agintzen eta hauek Longmen leizeei sona handia eman zieten, nazioan bertan eta nazioartean ere bai.
XX. mendean hainbat kalte izan zituen. Alde batetik japoniarrek okupazio garaian hainbat estatua eraman zituzten Japoniara, eta bestetik 1940ko hamarkadan hainbat bandalismo ekintza jasan zituzten[1]. 1949 urtean Txinako gobernuak babestu egin zituen legez, 1961ean ondare kultural nazionala izendatu zuten eta 2000 urtean UNESCOkGizateriaren Ondare izendatu zituen[1].
Haitzuloen deskribapena
Ibaiaren ertz bietan kilometro baten luzera hartzen dute leizeek. 1.400 haitzulo inguru aurkitu dira guztira. Landutako leize gehienak mendebaldean daude, ekialdean monjeen etxebizitza gisa erabilitako leizeak zeuden[1].
Guyangdong
Guyangdong ("eguzkiaren leize zaharra") eraiki zen aurreneko leizea izan zen, 493. urtean hain zuzen ere. Mendebaldeko muinoaren erdialdean kokaturik dago eta haitzulo guztietatik handiena da. Nitxoetan dauden Budaren estatuak oso ondo landuta daude. Wei iparraldeko kaligrafia bikainez egindako 600 inskripziotik gora ere aurkitu dira[2].
Hiru kobazulok osatzen dute, erdikoa da handiena. 500 eta 523 urteen artean eraiki zen eta 800.000 langilek parte hartu zutela esaten da. Bost estatua oso handi ditu, erdian Buda eta alboetan bina Bodhisattva.
Sabaian lotoaren formako dosela du eta hormetan enperadoreen prozesioa azaltzen duten erliebe lanak.
Fengxian
Errezutarako erabiltzen zen haitzulo handi bat da. 672 eta 676 artean eraiki zuen Wu Zetian enperatrizak. 39 x 35 metroko neurriak ditu eta Longmen lezieetako Budaren estatuarik handiena du barnean. Vairocana Buda da, 17 metroko altuera du eta haren belarriak 2 metro luze dira[2].
Tenpluak
Leizeen inguruan hamar tenplu budista daude. Zaharrena Xiangshan tenplua da. Gaur egun ikusten dena 1707 urtean berreraikitakoa da. Bai lorategien tenplua ere aipagarria da. Azkenik Bai Juyi poetaren hilobia dago[3].
Panoramikoa
Erreferentziak
↑ abcde(Ingelesez)Centre, UNESCO World Heritage. «Longmen Grottoes»UNESCO World Heritage Centre(Noiz kontsultatua: 2019-06-03).