Koldo Almandoz (Donostia, 1973) zinegilea eta kazetaria da.
Biografia
Formatu laburreko filmak eta dokumental alorrean egiten du lan. Kultur eta sormen gaiak jorratzen ditu berak zuzentzen duen The balde aldizkarian. Kazetaritzan, Euskadi Irratia, Egunkaria, Berria eta El Paísentzat lan egin du. Tarteka eta han-hemenka bere iritzi artikuluak argitaratzen ditu komunikabide ezberdinetan. Napartheid kolektiboko partaidea izan zen. Zinea, eta kultur gaiak ardatz dituzten ikastaro eta hitzaldi ezberdinak eman ditu. Gora Gora Kids garage-punk taldeko partaidea da. Bitxikeri gisa, 1996. urtean, belar metaren inguruan eginiko lan etnografiko eta sormenezkoa argitaratu zion Vianako Printze Erakundeak. EQZE eta Larrotxenen zine-eskolak ematen ditu.
Farmazia Beltza argitaletxeko editore, azken urteotan ¨Oreina Marea gora marea behera¨, ¨Argazpitituluak¨, ¨Igeri edo Ito¨ eta "Natasha" bezalako liburu bereziak argitaratu ditu
Zinema munduan rara avis horietako bat da. Formatu laburreko lanen defendatzailea, inongo korronte edo bandotan sartu gabe dihardu. Nazioarteko jaialdi ugari eta garrantzitsuetan aukeratua (Cannes, Rotterdam, Donostia, Gijón, Manchester, Teheran, Seul, ...) sari ugari jaso ditu fikzioa, dokumentala eta esperimentazioa uztartzen duten bere lan ezberdinek.