Kit Kat

Kit Kat
Have a break...have a Kitkat
Datuak
Motafood brand (en) Itzuli
HerrialdeaErresuma Batua
Agintea
JabeaNestlé
Historia
Sorrera1935
webgune ofiziala
Twitter: KITKATJapan Edit the value on Wikidata

Kit Kat esnedun txokolatearekin estalitako gaileta edo barkillo batez osatutako gozokia da. Rowntree konpainiak sortu zuen 1935an York-en (Ingalaterra, Erresuma Batua). 1988an Nestlé multinazionalak Rowntree erosi zuen eta gaur egun berak merkaturatzen du Kit Kat marka herrialde gehienetan, Ameriketako Estatu Batuetan izan ezik, han Hershey’s konpainiak egiten du.

Pakete bakoitza elkarren artean lotutako lau barraz osatuta dago, bata bestearen gainean jarritako hiru barkillok osatzen dute, barkillo bakoitzaren artean eta denaren gainean txokolate geruza bat dago. Barrak erraz banantzen dira eta bakoitzak 45 gramoko pisua du, guztira 234 kaloria ditu paketeak. Jatorrizkoa esnedun txokolatearekin egindakoa bada ere, beste hainbat zapore ere merkaturatu dira, besteak beste, txokolate beltz edo txokolate zurikoak.

Historia

Kit Kat daukaten herrialdeak

Kit Kat-en jatorrizko bertsioa Rowntree-ko langile batek "iradokizun kutxan" utzitako proposamen baten harira garatu zen; edonork lanera eramateko moduko mokadu edo snack bat sortzeko proposamena egin zuen langileak. Produktua 1935eko abuztuaren 29an kaleratu zen, Rowntree's Chocolate Crisp izenarekin; Londresen eta Ingalaterra hegoaldean saltzen zen. 1937an Kit Kat Chocolate Crisp izena hartu zuen, urte horretan bertan bere iragarkietan hain ezaguna izan den "break" kontzeptua agertu zen. Gaur egun mantentzen duen Kit Kat izena Bigarren Mundu Gerraren ondoren ezarri zen.

Erresuma Batuan izan zuen arrakastaren ondorioz, 1940an beste hainbat herrialdetara zabaldu zen: Kanada, Hegoafrika, Irlanda, Australia eta Zeelanda Berria. 1958an "Have a Break, Have a Kit Kat" lelo ezaguna sortu zen. Beranduago Nestlé leloa aldatzen saiatu zen baina jendeari jatorrizkoa asko gustatzen zitzaionez, mantendu egin zuten azkenean.

1970ean markak hedapen handiagoa lortu zuen; Rowntreek Alemanian kokatu zuen zabalpen gune bat Europako eskariari erantzuteko eta, horretaz gain, Ameriketako Estatu Batuetan eta Japonian ere merkaturatzeko akordioak lortu zituen, Hershey eta Fujiya konpainien bidez.

Kit Kat motak

Kit Kat tradizionalak lau barra ditu eta barra bakoitzak 12 zentimetroko luzera eta zentimetro bateko zabalera du, baina lekuan leku aldatu daiteke eta mota ezberdinetako Kit Kat-ak daude.

Mota askotako Kit Kat-ak merkaturatu dira urte guzti hauetan, batzuk edizio mugatuak izan dira eta beste batzuk modu permanentean saltzen dira. 2000 urteaz geroztik 200 zaporetik gora kaleratu ditu Nestlék Japonian: banana, meloia, te berdea, sakea...

Polemika

2010ean Greenpeacek Kit Kat-en aurkako boikota eskatu zuen Sina Mars-ek banatzen duen palma olioa erabiltzen zuela salatuz. Eragile ekologistaren arabera banatzaile honek lotura du Indonesiako basoen deuseztean eta ondorio kaltegarriak eragiten ditu ingurumenean. Egindako mobilizazio eta kritiken ondorioz, Nestlék hornizailea aldatzea erabaki zuen hilabete batzuk beranduago.

Kanpo estekak