55-67 cm arteko luzera eta 130-158 cm arteko hego-zabalera ditu. Kilo eta erdiko pisua hartu dezake. Kaio hauskararen oso antzekoa da eta ezaugarri gutzi batzuek bereizten dituzte biak, nabarmenena hanka horiak dira, kaio hauskarak arroxa kolorekoak ditu. Tamaina aldetik ere kaio hankahoria apur bat handiagoa da. Horiak ditu mokoa eta begiko eraztuna ere. Bestela hegaztiaren lumaia grisa da bizkarraldean (beste kaioa baino ilunxeagoa) eta burua eta sabelaldea zuriak ditu. Hegoen muturrak beltzak dira, buztana aldiz zuri zuria da[3].
Kaio gaztea gainerako espezieen oso antzekoa. Buru eta sabelalde arteak, luma zuri eta marroiak tartekaturik dituztela eta bizkarraldea ere antzera, baina ilunagoa. Mokoa ere beltza du. Heltzen doan heinean gorputza zuritzen eta mokoa horitzen joaten zaio[4].
Barnekaldeko eremuak ere kolonizatzen ditu, gero eta gehiago. Iberiar penintsulan esaterako, Madril inguruetan milaka ikusten dira bertako zabortegiak baliatuz elikatzeko.
Euskal Herrian
Euskal Herriko kostaldean oso ohikoa den kaioa da, kostaldeko edozein herrietan ikus daitekelarik.
Barnekaldean ere ikus daitezke janari bila eta ohikoa da Uribari-Ganboa urtegi inguruetan ikustea.
Kostaldeko herri eta hirietan ere ugaltzen da, horrela eremu kontinentalak kolonizatzen ere hasi da[5]. Teilatuetan habiak egiten dituzte eta zirinarekin arazo handiak sortzen dituzte, teilatuak kaltetuz, antena eta gainerako egiturak ere bai, eta batzutan terrazara atera eta habiatik gertu jartzearren gizakiak ere erasotu izan dituzte[6]. Hori dela eta hainbat udaletan kaioak izutzeko sistemak erabiltzen hasi dira, ultrasoinuen bozgorailuak edota hegazti harrapariak erabiliz, belatz handia bereziki[7].
Elikadura
Ia edozer gauza jaten du, landareak, arrainak, ugaztun txikiak, krustazeoak, moluskoak,hegazti txikiak eta sarraskia ere bai. Oskoldun animaliak harrapatzen dituenean arroken kontra botatzen ditu oskola hautsi eta barneko haragia eskuratzeko[8].
Zabortegietan kaio hankahori ugari ikusten dira eta baita arrantza-itsasontzien inguruan ere, arrantzaleek baztertzen dituzten arrainak harrapatu nahian[3]. Inoiz bere espezie bereko arrautzak eta txitak jaten ere ikusi izan da. Hori dela eta bikotekide bat beti gelditzen da habian, gainerako kaioetatik bere ondorengoak babesteko[8].
Askotan bera baino txikiagoak diren itsas hegaztiei lapurtzen die jakiak, hauek jazartzen ditu hegaldi bizkor eta akrobatikoetan (kaioak hegalari trebeak baitira) eta harrapatutako arrainak edo jakiak osten die. Portaera hau, batez ere, beraiek baino hegan egiteko trebetasun txikiagoko hegaztiekin egiten dute.
Elikagai eta portaera barietate horri esker azken urteetan nabarmen ugaldu da kaio hankahoriaren populazioa.
Ugalketa
Martxoan edo aprilean bikotea habia egiten hasten da. Lurrean aurkitzen duen zulo bat erabiltzen du eta alga, belar eta beste hainbat landare materialekin estaltzen du. Habia lurreko harrapariei sartzea ezinezkoa egiten zaien itsaslaberretan egiten du, uharteen kasuan, lurreko harraparirik existitzen ez bada lurrean bertan egin dezake habia, inolako ardurarik edo beldurrik gabe, Izaro uhartea horren adibide da. Bi edo hiru arrautza jartzen ditu, normalean oliba kolorekoak, eta emeak 25-33 egunetan zehar txitatzen ditu.
Txitak lumatxa gris-urdinez jaiotzen dira[5] eta inguruko harkaitzetan kamuflatzen direnez lasai ateratzen dira habiatik. Hurrengo 45 egunetan gurasoek zaintzen dituzte, harik eta erabat garatzen diren arte[3].