Jatorriz ukrainarra, bere jaiotza izena Volodymyr Palahniuk izan zen. Boxeolari profesionala izan zen aurrena, eta gero hegazkin-gidaria izan zen Bigarren Mundu Gerran. Hegazkinak su hartu ondoren desitxuratuta gelditu baitzen, aurpegian ezaugarri mongoloideak utzi zizkion kirurgia-ebaketa egin behar izan zioten. Ebakuntza hark zabaldu zizkion zinemaren ateak. Broadwayn ezagun egin ostean, 1950ean hiltzaile-papera bete zuen Kazanen Panic in The Streets (1950, Izua karriketan ) filmean. Hiltzaile berriro ere Sudden Fear (1952, Berehalako beldurra) filmean; militarra Attack!-en (1956), gangsterra I Died a Thousand Times (1955, Mila aldiz hil nintzen). Barru-barruko indarra eta bizitza adierazten duten antzezpenei lotua geratu da Palanceren izena.