Izaskun Madariaga Iragorri (Tolosa, 1947koekainaren 1a) irakaslea eta euskaltzalea, ezkertiar eta feminista da. Haur-eskolen munduari lotua bokazioz. Oiartzungo Iturburu udal haur-eskolaren sortzaile eta irakaslea eta jubilatu ondorengo afizio berrietan, wikilari lanetan ari da.
Familian jaso zuen euskaltasun sentimendua, geroago indartzen joango zena. Urtetan Herri Gaztediko[1] partaide izan zen eta bertan jasotako formazioak eragingo zion bere bizitzan. Han mamitu zituen herritartasun sentimendua, justizia soziala, elkartasuna, herri eragiletasuna, feminismoa... Garai horretakoa da guardia zibilen atxiloketa eta ondoren jasandako kartzelaldia.[2][3]
Haurtzaroa
Galdakaoko Bengoetxe auzoan eman zuen haurtzaro garaia, aitaren lantokia itxi eta familia etxegabetu zuten arte. Eskolako lehen urratsak bertan eman zituen, gaur egun hostalaritza eskola dagoen eremuan.[4][5]
Eskola biziki frankista zen eta pedagogia aldetik nahiko atzerakoia. Itxura estetikoari eta memorizazioari garrantzi berezia ematen zitzaion eskola hartan, falangeko irakaspenak ahaztu gabe. Bi irakasle izan zituen: Maria Teresa Arenal, bata eta Filomena Sainz, bestea.
Oiartzun bizileku berria
Hamaika urte zituela aldatu zuen familiak bizilekua eta orduz geroztik Oiartzunen finkaturik eman du bizitza osoa. Oinarrizko ikasketak Beko Plazako eskolan bukatu zituen, Maria Angeles Esnaola irakasle zuelarik. Maistrari esker zabaldu zitzaizkion euskal kulturaren leiho berriak, presentzia handia baitzuen, bai euskarak eta baita euskal kulturak ere. Aurrekoan ez bezala, eskola honetan ikasten ikasteko teknikak erabiltzen zituen Maria Angeles maistrak.
Lanbideak
Hamalau urterekin, eskola bukatu eta segidan hasi zen lanean Donostiako Otaegi gozotegian,[6] urte eta erdiz.
Bertan igarotako denbora idazkaritzako prestaketa jasotzeko aprobetxatu zuen eta ondoren beste bost urte t'erdiz aritu zen idazkari lanetan Resa Guipuzcoanan Donostiako Zabaleta kaleko bulegoan.
Hurrengo lantokia Dator izan zen. Kasu honetan ikastolen alde egiteko saiakera bat izan zen, militantzia ikuspuntua ere bazuena. Enpresak sortzea zuen helburu euren etekina ikastolen sostengurako erabiltzeko asmotan. Ez zuen asko iraun.
1977an, Iturburu haur-eskola[7] (geroago Oiartzungo udal haur eskola[8] izango zena) sortu eta irakasle eta zuzendari modura jardun zuen lanean.
1999an, Iturburu udal haur eskola,Udal Ikastola Partzuergoan[9] integratu zelarik, bertan jarraitu zuen lanean 60 urte bete eta 2007an jubilatu zen arte.
Ikasketak
Behin familia sortuta (bi semeren ama da) hasi zen formazioari leku egiten, tartean EGA titulua ateratzen. Ikastolen Elkarteak eratutako magisteritza plan bereziko lehen promozioko ikasle izan zen, aurrez 25 urtetik gorakoentzako unibertsitateko sarbide-probak gainditu eta gero. Ondoren, lana, familia eta ikasketak uztartuz, honoko ikasketak burutu zituen:
Haur-eskola lanbidea izateaz gain, militantzia motibo bihurtu izan zen bere bizitza laboralean. Egindako ibilbide profesionalean haur-eskolen eredu berriaren bultzatzaile eta bideratzaile izatea tokatu zitzaion eta horretarako aukera desberdinak izan zituen.
Gipuzkoa,[10] Euskadi eta estatu mailako[11] koordinakundeko partaide iraunkorra izanda, hiru garai garrantzitsu bizitzea tokatu zitzaion.
1989/90 urte tartean: LOGSE legearen aurre eztabaidako saioetan partaide izatea.
1992eko maiatzean: Avilan burututako Profesional de la educación infantil: hacia un futuro sin barreras izeneko 7. kongresuko antolatzaile izatea.
2001eko urrian: 0-3ko haurren hezkuntza eskubideen defentsan, Donostian burututako '0-3 Haurraren Hezkuntza Eskubideen Aldeko Mahaia'ren[12] bultzatzaile eta jardunaldien antolatzaile izatea.
1990 urtean Donostiako Irakasle eskola eta Foru Aldundiaren hitzarmena tarteko, Magisteritzako Plan Bereziaren bideratzailea izan zen, haur-eskoletako hezitzaile titulu gabekoentzat.
Haur-hezkuntzako irakasleen formazioan urte luzez aritu izan da, bereziki Mondragon Unibertsitatean baina baita Hezkuntza Saileko Berritzeguneetan eta EHU Irakasle Eskolan ere.
Ugariak izan dira haur hezkuntza edota haur-eskolen gaiei lotutako ikastaro, hitzaldi eta mahai inguru, eta baita artikuluak ere, gehienak aldizkari espezializatuetan argitaratuak: Infancia Educar 0-6, Jakingarriak, Hik Hasi edota Aula de infantil.
2006ean Vic-eko unibertsitatearekin kolaboratu izan zuen 0-3ko haur-eskoletan kalitatezko parametroak ezartzeko irizpideak finkatzeko.
Infancia Educar 0-6 aldizkariko kontseilukide iraunkorra izan da sorreratik jubilatu bitarte.[13]
Gauza bera Hik Hasi Egitasmo Pedagogikoko partaidetzarekin ere.[14]
Haur-eskola sistemak ezagutzen
Infanciako partaide modura nazioarteko hainbat haur-eskolen sistemak eta ereduen berri bazuen, propio egindako bidaien bitartez. 1994tik 2005 bitarte Poitiers, Bologna, Modena, Pistoia, Suediako Lulea eta Estokolmo,[15] Montevideo,[16] Portoalegre, Reggio Emilia,[17] Finlandiako Tampere eta Helsinki,[18] Cracovia[19] edo Chiloé bezalako lekuak ezagutzeko aukera izan zuen.
Wikilaria
2022an sortutako Oiartzungo WikiEmakumeok lantaldean parte hartzen du.[20] Taldea WikiEmakumeok[21] proiektuaren baitan antolatu da eta bere xedea Wikipedian dagoen genero arrakala murriztea da.
Argitalpenak
Haur eskolaren gaia ardatz, iritzi artikulu, artikulu pedagogiko nahiz politiko ugari argitaratu izan ditu.[22]
Herri intereseko hainbat idatzien artean bi hauek aipagarri:
1981. urtea: 'Euskara eta Oiartzungo eskola nazionalak'. Oiartzun Urtekaria.
2021. urtea: 'Maria Angeles Esnaola Bidaurreta: Irakasle aparta eta frankismoaren garaiko maistra abertzalea, Oiartzunen'.[23]
2022. urtea: 'Iturburu: Udal Haur Eskolako historia' liburua. Mugarri saila.[24]
Jasotako aitortzak
2007ko ekainaren 17an Haurtzaro Ikastolako eskertza, Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa errealitatea izatearen alde egindako lanarengatik.
2014ko ekainaren 12an Gipuzkoako Foru Aldundiak Frankismoaren auzitegiek jazarritako emakume gipuzkoarrak omenduz 'Urrezko Bereizgarriak 2014' aitortza kolektiboko partaide izan zen.[25]
Oarsoarrak 2014: Euskararen Saria Ohorezko Aipamena 'Haur eskola ereduaren sortzaile eta bultzatzaile gisa egindako lanagatik.[26][27]
Elkarrizketak
Oiartzun Urtekaria 2007 (10-20 or.)
Bere ibilbideari buruzko elkarrizketa. Txinpart 38. alea. [28]
Oiartzungo WikiEmakumeok proiektuari buruz elkarrizketa. El Diario Vasco/Oiartzun. [29]