Hans Vermeer

Hans Vermeer
Bizitza
JaiotzaIserlohn1930eko irailaren 24a
Herrialdea Alemania
HeriotzaHeidelberg2010eko otsailaren 4a (79 urte)
Hezkuntza
HeziketaHeidelbergeko Unibertsitatea
Hezkuntza-mailakatedraduna
Hizkuntzakalemana
ingelesa
nederlandera
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, itzultzailea eta unibertsitateko irakaslea
Lantokia(k)Mainz eta Heidelberg
Enplegatzailea(k)Johannes Gutenberg University Mainz (en) Itzuli
Heidelbergeko Unibertsitatea

Hans Josef Vermeer (Iserlohn, 1930eko irailaren 24a - Heidelberg, 2010eko otsailaren 4a) hizkuntzalari eta itzultzaile akademiko alemana izan zen. Vermeer izan zen, Katharina Reissekin batera, Skopos teoriaren sortzailea. Mainzeko Unibertsitatean hizkuntzalaritza irakaslea izan zen, Germersheimen, eta Heidelbergeko Unibertsitatean Itzulpen Ikasketako irakaslea. Erretiratu ondoren, hainbat unibertsitatetan (bai Alemanian bai eta Alemaniatik kanpo) irakasle bisitaria izan zen, baina bere bizitzako azken urteetan Mainzeko eta Heidelbergeko Unibertsitateetara bueltatu zen.

Bizitza

Hans Vermeer Iserlohnen jaio zen, 1930. urtean. Bere gaztaroa bertan igaro zuen, eta 1950. urtean bigarren hezkuntzako ikasketak amaitu zituen herri berean. Urte berean, Ingeleseko eta Gaztelerako Itzulpena ikasten hasi zen Heidelbergeko Unibertsitatean, eta 1952. urterako gradua amaitu zuen. Hurrengo bi urtean zehar, denboraldi bat igaro zuen Portugalen, Lisboako Unibertsitatean ikasten, eta Portugeseko Itzulpeneko titulua lortu zuen.

1954 eta 1962 artean, portugesa irakatsi zuen Heidelbergeko Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko Sailean. 1962. urtean, bere disertazioa argitaratu ondoren, Heidelbergeko Unibertsitateak doktoregoa eman zion Vermeeri. Disertazio horretan, Vermeerek hizkuntza indo-europarrak koloreei buruz hitz egiteko zituzten adjektibozko eta aditzezko terminoak aztertu, eta termino horiek itzultzeko zeuden arazoak azaldu zituen.

1962. eta 1964. urteen artean, Asiako hegoaldeko hainbat hizkuntza irakatsi zituen Heidelbergeko Hizkuntza Garaikideen Sailean, hala nola Urdua edota Hindia. 1968an Gaikuntza (Habilitation) lortu zuen, doktoretza osteko tesi bat idatzi ondoren. Tesi horretan, Hego-Asiako erdiguneko hizkuntzak, eta haien sprachbund-a aztertu zituen (geografikoki gertu dauden hizkuntzak, beraien artean ezaugarri komunak dituztenak).

1968tik 1970era arte, Heidelbergeko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Sailean lan egin zuen, irakasle atxiki moduan. 1970. urtean Mainzeko Unibertsitatean lan egiten hasi zen, Itzulpen- eta Interpretazio-Ikasketak, Hizkuntzalaritza eta Kultura-Ikasketetako Fakultatean. 1983. urtera arte egin zuen lan bertan, Hizkuntzalaritza Orokorreko eta Hizkuntzalaritza Aplikatuko irakasle moduan. 1984. urtetik 1992. urtera bitartean, Itzulpen-Ikasketa Orokorreko irakaslea izatera igaro zen, Heidelbergeko Unibertsitatean.

1992. urtean, azkenik, unibertsitatetik erretiroa hartu zuen. Hala ere, hurrengo urteetan zehar irakasten jarraitu zuen, eta hainbat unibertsitatetan irakasle bisitaria izatera gonbidatu zuten: Innsbruckeko Unibertsitatean (1999-2002), Istanbulgo Bosphorus Unibertsitatean (2002-2003) eta Istanbuleko Okan Unibertsitatean (2004-2007) izan zen irakasle bisitaria. 2008. urtean, azkenik, Mainzeko Unibertsitateko Itzulpen- eta Interpretazio-Ikasketak, Hizkuntzalaritza eta Kultura-Ikasketetako Fakultatera bueltatu zen irakasle bisitari moduan. 2010eko otsailaren 4an hil zen, Heidelbergen.

Skopos teoria

Bere bizitzan zehar, Vermeerek artikulu ugari idatzi zituen hizkuntzalaritzari, itzulpengintzari eta interpretazioari buruz. Lan akademiko horien artean, famatuenetarikoa skopos teoria da, zeina 1970eko hamarkadan sortu zen. Skopos teoriak (“helburua, xedea” grekoz) itzulpenaren helburuan jartzen du arreta, eta helburu horrek itzulpen-prozesua nola baldintzatzen duen aztertzen du: helburuak bai erabiliko diren itzulpen-metodoak, bai itzulpen-estrategiak baldintzatzen ditu, funtzionalki egokia izango den emaitza lortzeko. Teoria horrek Itzulpen Ikasketen teoria funtzionalistak finkatzen eta garatzen lagundu zuen. Lan akademikoarekin batera, Vermeerek itzulpen ugari idatzi zituen portugesetik, frantsesetik eta euskaratik[1].

Erreferentziak

  1. Vermeer, Hans J., Hrsg.. (1991). Ipuinak : baskische Erzählungen. Verl. für Interkulturelle Kommunikation ISBN 3-88939-260-1. PMC 75217124. (Noiz kontsultatua: 2020-07-19).