Gustav Klimt (Baumgarten, Austria, 1862kouztailaren 14a - Viena, 1918kootsailaren 6a) margolari sinbolista austriarra eta Vienako Art Nouveau edo Sezession estiloko kide garrantzitsuenetarikoa izan zen. Haren lan garrantzitsuenen artean margolanak, horma-irudiak eta beste mota batzuetako arte lan asko daude. Gairik maiteena eta gehien jorratu zuena emakumearen gorputza izan zen, beti ere erotismo ugariz blai.
Formazioa eta hasierako lanak
Vienako Ofizio eta Arte Eskolan egin zituen ikasketak 1879 eta 1883 urteen artean, eta arte dekoratiboen teknikak landu zituen bertan. Hamalau urterekin, Arte Aplikatuen Eskolan sartu eta prestakuntza ikastaroa egin behar izan zuen. Michael Rieser, Ludwing Minnigerode eta Karl Hrachowina izan zituen irakasle. Klimten Ernst eta Georg anaiak Arte Aplikatuen Eskolako ikasleak ere izan ziren. Georg eskultorea eta zizelkaria izan zen, eta anaiaren koadroentzat hainbat marko diseinatu zituen. Klimt, bestalde, Munich eta Vienako unibertsitateetako ohorezko kidea ere izan zen.
Vienako Arte Aplikatuen Eskolako ikasketak amaitu zituenean, Ernst Klimt anaiak eta Franz Matsch-ek sortutako Artisten Konpainian sartu zen. Lehen lan garrantzitsua 1883an egin zuen: Fiumeko Udal Antzokia dekoratu zuen, Jugoslavia ohian.
Pinturak, horma-irudiak, marrazkiak eta beste zenbait arte-lan dira Klimten lan ezagunenak. Horietako gehienak Vienan daude ikusgai. Wiener Sezession delakoaren sortzaile eta eragile nagusia izan zen, eta baita honen Ver Sacrum egunkariarena ere. Urrea erabili izan zuen bere koadroetan, eta hori da, zehazki, Klimten lanen ezaugarrietako bat.
Halaber, bere margoetan batez ere emakumearen gorputza eta biluztasuna islatzeagatik ere ezaguna da Klimten lana. Art Nouveau mugimenduaren irizpideei segiz, gainera, segurtasuna adierazten zuten emakumeak margotu zituen, lorez eta urrez inguratutako lamiak balira bezala. Vienako burgesiako emakumeak izan ziren, oro har, Klimten koadroetarako modelo lanetan aritu zirenak, baina margolariaren musa izan ziren bizimodu apalagoko hainbat emakume eta sexu-langile ere.
Emakumearen sexualitatea izan zen koadro gehienetan landu zuen gaia, eta baita maskulinitatearekiko oreka ere. Eragin neoplatonikoak ditu, bada. Emakumearen inguruko lanetan bizitzaren zikloari heltzen dio, bere aldi guztietan: ernalketa, haurdunaldia, haurtzaroa, gaztaroa, zahartzaroa, osasuna eta edertasuna, gaixotasuna eta heriotza.
Gustav Klimt Vienan hil zen, isuri baten ondorioz, eta Hietzing-eko hilerrian lurperatu zuten. Naziek haren hainbat lan konfiskatu zituzten, baina aurkariek aurrera egiten zuten heinean, eta Klimten lanak gerra-sari bihurtuko zirela ohartuta, konfiskatutako koadroak gordetzen zituzten gaztelua erretzea erabaki zuten.
2006ko ekainean, Gustav Klimtek margotutako Adele Bloch-Bauerren erretratua historiako koadrorik garestiena bihurtu zen, 135 milioi dolarretan saldu ondoren.