Euskal literatura Lehen Pizkundean

Egizute nerekin
Aberri bidea.
Bildu dezagun nun nahi
Asaben lorea.
Ta gaurdanik goritu
Gure sukaldea.
Ni nor naizen? Asmatu!
Euskal Pizkundea!

Xabier Lizardi.

Euskal Pizkundea euskararen eta euskal identitatearen biziberritzea izan zen. Hego Euskal Herriko literatura foruzale berria eta nazionalista, horren ondorengoa dena, biak gehienbat gaztelaniaz idatziaz, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako eta XIX. mendearen lehen erdiko euskararen aldeko tradizio apologetikoaren jarraipena da, ez euskarazko literatura jatorrarena (Sabino Aranak, nazionalismo politikoaren sortzaileak, adibidez, Axular ez zuen ezagutzen ere, XX. mende arte izan zen idazlerik hoberena). Mugimendu horretako egileek, gehienak oso kaxkarrak baziren ere, lagundu egin zuten Euskal Herrian nortasun berezi bat zabaltzen, azken buruan, euskara berraurkitu eta lantzeko balioko zuena, bereziki XX. mendeko hirugarren hamarkadatik aurrera, Primo de Riveraren diktaduran eta Espainiako Bigarren Errepublikan, hain zuzen ere.

Lehen erdialdean, Grazian Adema ("Zaldubi"), Txomin Agirre, Felipe Arrese, Evaristo Bustintza ("Kirikiño"), Joan Batista Elizanburu, Pablo Fermin Irigarai ("Larreko"), Francisco Navarro Villoslada eta Antonio Trueba idazleak nabarmendu ziren, besteak beste.

Bigarren erdialdean, Juan Arana ("Loramendi"), Jose Ariztimuño ("Aitzol"), Rosario Artola, Errose Bustintza, Koldobika Jauregi ("Jautarkol"), "Xabier Lizardi", Jules Moulier ("Oxobi"), Tene Mujika, Nikolas Ormaetxea ("Orixe") eta Estepan Urkiaga ("Lauaxeta") "olerkariak" ditugu.

Historia

1919an, Eusko Ikaskuntzak aurrea hartu zuen eta Hegoaldeko lau foru aldundiek dirua jarri zuten Euskaltzaindia sortzeko. Bere helburua euskararen ikerketa eta sustapena bultzatzea zen. Bere kideak, euskaltzainak, herrialde guztietakoak eta ideologia guztietakoak izan behar ziren, batez ere abertzale eta foruzaleak. Garai hartan, idatzizko euskara batzeko eztabaida egon zen. Euskara batzearen aldekoek indar handirik ez zutenez eta bide bakarra hautatu ez zenez, proposamena gerorako utzi behar zen.

Hala ere, askotan, XX. mendeko hasierako argitalpenetan eragin handi izan zuen balizko hizkuntz barneko logika aplikatzeko euskal morfologia eta jokoa aldatzen zuen teoriak. Idazle askok, purista zintzoek, antzinatik latinetik eta inguruko erromantze hizkuntzetatik hartutako maileguak utzi eta neologismo edo batek daki nondik hartutako hitzak erabili zituzten. Horrela, euskara euskaldunentzako ulergaitza volapuk moduko hizkuntza bihurtu zen: euzkera barria honek ez zuen hedapenik. Luzaroan iraun duten lanak klasikoak irakurri dituzten idazleenak ziren (zenbait seta izan arren): Resurreccion Maria Azkue, Orixe, Xabier Lizardi, Lauaxeta, Txomin Agirre eta Jean Etxepare hurrenez hurren. Aipagarriak Enrike Zubiri, Pablo Fermin Irigarai eta Salbatore Mitxelena saiakera-egileak eta Jose Manuel Etxeita, Augustin Anabitarte eta Tomas Agirre eleberri-egileak ere badira.

Normalean, euskal literatura eta artearen egoera Ipar Euskal Herrian Hego Euskal Herrian baino hobea izan da, iparraldekoek euskara idazteko eta irakurtzeko ohitura handia izan dutelako. Hori zela eta, 1887an Eskualduna astekaria Baionan agertu zen, bertoko idazleei kazetaritzaren lotsabako tankera emanez. J. Blaise Adéma euskaltzainak, Jean Hiriart-Urruty eta Jean Etxeparek hantxe argitaratu zuten. Ideologikoki xurien alde egin zuen eta 1941ez geroztik, Vichyko erregimenaren alde, eta epe honetan nazismoaren aldeko idazkiak argitaratu zituen. 1944an alemaniarrak garaitu ostean, frantziar agintari berriek Eskualduna itxi zuten, kolaborazionista izateagatik. Piarres Lafittek zuzenduriko Herria aldizkariak hartu zion lekukoa Iparraldeko euskal kazetaritzan; gaur egun arte, Baionan argitaratzen jarraitu da. Hegoaldean, Arturo Campion eta Damaso Intza aipatzekoak ziren ere.

Garai hartako libururik interesgarrienak Xabier Lizardiren Biotz-begietan (sinbolista eta intimista) eta Nikolas Ormaetxearen Euskaldunak (artzai-literatura[1]) poesiak eta Txomin Agirreren Kresala eta Garoa (eleberri-kostunbristak) ziren.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak