Juan Arana Bedoña auzoan jaio zen, Mendibitzu izeneko baserrian, garai hartan Aretxabaletako auzoa zen oraindik, 1966an Arrasate izatera pasa zen. Erdi isolaturik bizi zenez inguruan zuen naturak betetzen zituen haren nahiak, hortik Loramendi ezizena aukeratu izana, gerora idatziko zituen olerkietan arrasto nabarmena utziko zuen horrek. Bedoñatik Arrasateko eskolara jaisten zen eskolara eta ikasle ona eta zintzoa zen. Klasekide izan zuen Jokin Zaitegi apaiz eta itzultzailea.[3]
1919an Joxe Mari Oiartzun aita kaputxinoa Bedoñatik pasa zen[4] eta hark konbentzituta hamahiru urte zituela Altsasukokaputxinoetan sartu zen Frai Joakin de Bedoña izenarekin. Ikasketekin jarraitzeko Zangozara joan zen[1] eta han euskara ia galtzear egon zen. Kontatzen da anaia joan zitzaiola bisitan eta ezin urlertu ibili zirela[4]. 1925ean Kaputxino jantziak hartu zituen eta 1927an Hondarribiko komentura aldatu zen Filosofia ikasketak egitera. Orduan hasi zen euskara berreskuratzen. Stabat Mater ereserkia euskarara itzuli zuen, hori izan zen Loramendiren lehenengo literatur lana.[3]
Tolosan (1931) eta Hernanin (1932) Euskaltzaleak erakundeak, Aitzolen agindura, eratutako Olerki Jaietan bi sari jaso zituen Arrantzalien arrats-otoitza eta Barruntza leyotik izeneko olerkiekin[4]. Sariketa haien antolatzailea zen Aitzolek horrela konparatu zituen Lizardiren eta Loramendiren olerkiak: "Lizardiren besterakoa genuen Loramendi. Aren eta onen bideak alkarren aurkakoak ez badira ere, oso dira banakoak. Lizardi zaintsua, gogai sakonak soil yalkitzen zituana, irudi bakan-bakan aukeratuak gorri-yator ematen zekiana... Loramendi, ostera, yarei darabil irudimena ta bere gazte-iturburuko etorria ibaika dioakio neurtitz oparo ozenetan".[4]
Iruñean Teologia ikasten ari zela, peritonitisak jota gaixotu egin zen. Donostiako klinikara eraman zuten eta 26 urte ozta-ozta beterik zituela lehenengo meza ematekoa zen bezperatan hil zen.[1][3]
Aintzatespena
Bedoñan bertan 1935ean omenaldia egin zitzaion, Aitzolek "Olerti Eguna" bertan antolatzea erabaki baitzuen. Euskaltzaleak elkarteak oroitarri bat ezarri zuen honako idazki hau ikusten dela: “Loramendi. Bedoña’tar Iokin. 1907-1933. Arana’tar Jon. Mendibitsuko lekaide olerkariari. Euskaltzaleak. 1933-VI-2”[3]
1959an omenaldi berri bat egin zitzaion Bedoñan, ordukoa "Euskararen Adixkideak" elkarteak antolatu zuen. Antonio Arrue euskaltzainak hitzaldia egin zuen eta Basarri eta Lizaso bertsolariek ere hartu zuten parte. Egun hartako olerki lehiaketan Gabriel Aresti izan zen garailea. Egun hartan ere oroitarri bat ezarri zen[5]. 1960. urtean olerkien biduma argitaratu zen Olerki ta idatzi guzia izenarekin.[3]
Aretxabaletan 1960. hamarkadan eraikitako auzo berriari Loramendi izena ezarri zitzaion eta herriko dantza taldeak eta ondoren euskara elkarteak ere Loramendi izena du.[6]