Emilia Arraiza Garín (Zirauki, Nafarroa Garaia, 1894ko abuztuaren 8a - Undio, Erreniega, Nafarroa Garaia, 1936ko abuztuaren 30a) etxekoandrea izan zen, Langileen Batasun Orokorreko (UGT) kidea,[1] 1936ko Gerra Zibilean erail zuten.[2][3][4]
Bizitza
Emilia Arraiza, Braulio Arraiza Gastón eta Remigia Garín Caroren[5] alaba zen, biak ala biak ziraukiarrak. 1928ko abenduan Cesáreo Goyena Salaberri sozialistarekin ezkondu zen Iruñeko San Nicolas elizan eta seme César Alberto eta alaba Emilia izan zituzten, hauek ere sozialistak izan ziren. Emilia, alaba, 1936ko maiatzean, Rubén Frias Cartagenarekin ezkondu zen zibiletik, Guillermo Frias Arizaleta errepublikanoaren semearekin.[2]
Etxekoandrea zen Emilia eta UGTko kidea, jaiotza-kontrolari buruzko zenbait artikulu idatzi zituen prentsa sozialistan. Pezeta bi eman zituen Arnedoko gertakarien biktimentzat.[2]
Heriotza
1936ko abuztuaren 30ean fusilatu zuten inolako epaiketarik gabe Erreniegako mendateko bihurgune batean beste hainbat gizonekin batera. Emiliari esan zioten:[2][6][7]
Gizonak nahi zenituen, ba orain izango dituzu gizonak.
Balazo batez erahil zuten, eta, ondoren, haren gainera erori ziren hiltzen joan ziren gainerakoak. Esaldi hura ez zen doakoa izan. Emilia ezaguna zen Nafarroako emakumeen aitzindari izateagatik familia-plangintza defendatzen. Hilobia ez zuten estali. Handik pasatzen ziren guztiak beldurtu zitezen. Emiliaren senarra eta seme Cesar egun berean fusilatu zituzten Lorkan.[2][8]
Gertakari hauek jazotzen ziren bitartean, Emilia Goyena, alaba,[9] bere senarraren senitartekoen ganbara batean ezkutatu zen. Bost hilabete igaro zituen bertan, gosez, beldurrez eta etsipenez. Handik Frantziara ihes egitea lortu zuen, senarrarekin elkartu eta Bordelen ontziratu ziren Argentinarantz. Argentinan erbesteratuta, 83 urte zituela hil zen, “emakumeak gizartean duen eginkizunari” buruz inoiz idazteari utzi gabe eta atzean utzi zuen izua inoiz kontatu gabe.[10]
Memoria
2017ko abenduaren 22an Cirauqui / Ziraukiko Udal Txit Prestuak Ohiko Udalbatzan, aho batez onartu zuen ondoren datorren hau:
1936ko urtean erailak izan ziren bertako bizilagunei aitorpena egiteko Ziraukiko Udalaren Adierazpen Instituzionala. In memorian.[11]
Erreferentziak
Kanpo estekak