Eliza Ortodoxoa kristau eliza da, Jesus Nazaretekoa eta 12 apostoluen garaietatik dirauena. Jarraitzaileak kontuan hartuta, hirugarren kristau komunitaterik handiena da, Eliza Katoliko Erromatarra eta Eliza Protestanteen ondoren, 300 milioi jarraitzaile baititu.
Eliza ortodoxoak bere burua Mediterraneo itsasoaren ekialdeko kristau komunitateen oinordekotzat du. Haren doktrina teologikoa IV. eta VIII. mendeen artean eginiko zazpi kontzilio ekumenikotan finkatu zen. Eztabaida batzuk izan ondoren, Ekialdeko Eliza Ortodoxoa eta Eliza Katoliko Erromatarra banatu ziren Ekialdeko Zismaren ondorioz, 1054ko uztailaren 16an. Kristautasun ortodoxoa Ekialdeko Europan zehar hedatu zen, Bizantziar Inperioaren ospea eta misiolarien lanari esker.
Egun, nagusia da Armenian, Bielorrusian, Bulgarian, Errumanian, Errusian, Georgian, Grezian, Mazedoniako Errepublikan, Moldavian, Montenegron, Serbian, Ukrainan eta Zipren. Gainera, jarraitzaile asko ditu Bosnia-Herzegovinan (biztanleriaren herena), Polonian (600.000), Kazakhstanen (% 30), Uzbekistanen (milioi bat), Estonian (% 25), Letonian (% 35), Albanian (% 5), Azerbaijanen (% 5) eta Libanon. Emigrazioa dela eta, komunitate handiak daude Alemanian, Argentinan, Australian, Erresuma Batuan, Espainian, Estatu Batuetan, Frantzian eta Kanadan.
Eliza ortodoxoa hamabost eliza autozefaloetan antolatuta dago eta bakoitzak bere patriarkatua du. Zaharrenak Antiokian, Konstantinopolisen, Alexandrian eta Jerusalemen badaude ere, nagusia Moskukoa da.
Ikus, gainera
Kanpo estekak