Elisabeth Schwarzkopf (Jarotschin, Prusia —gaur egun Polonia—, 1915eko abenduaren 9a - Schruns, Austria, 2006ko abuztuaren 3a) britainiar sopranoa izan zen, jatorriz alemaniarra.
Bizitza
Musika-ikasketak Berlingo Kontserbatorioan egin zituen, eta 1938an Berlingo Operan sartu zen. Bigarren paper batzuk kantatu zituen talde horretan, Richard Wagner eta Mozarten operetan batez ere. 1942an lieder errezital bat eman zuen, eta Karl Böhmek Vienako Operan kantatzera gonbidatu zuen. 1944an debutatu zuen azken horretan. 1947an arrakasta handia izan zuen Covent Gardenen (Londres), eta han lau denboralditan errepertorio liriko alemaniarra (Mozart), italiarra (Puccini) eta frantsesa (Massenet) kantatu zituen.
Schwarzkopfen ahotsaren distirak eta intonazioaren edertasunak berehala eman zioten ospea. 1949an Herbert von Karajanek Mozarten Figaroren ezteiak kantatzera gonbidatu zuen Salzburgoko Jaialdira. Urte horretan bertan italiar entzuleak liluraturik utzi zituen Milango Scalan. 1953an Estatu Batuetan egin zuen debuta (New Yorkeko Carnegie Hall, San Franciscoko Opera). 1971. urtetik aurrera errezitalak besterik ez zituen eman, eta 1979an utzi zituen antzokiak, irakaskuntzan aritzeko.
Erreferentziak