Aparteko agintari militarra eta oso estimatua bizitzan zehar, aita baino urtebete lehenago hil zen, eta, hortaz, ez zuen errege gisa gobernatu (Galesko printzeari horrelakoa gertatu zitzaion lehenengo aldia). Richard semearengana igaro zen koroa, artean adin txikikoa zela.
Gaur egun Printze Beltza deitzen bazaio ere, bere bizialdian honelako izenik ematen zitzaion frogarik ez dago. Horren ordez Eduardo Woodstockekoa bezala ezagutzen zitzaion, jaiotokia zela eta. Printze Beltza ezizena geroago jaio zen, lehen aldiz XVI. mendean. Ziurrenik goitizen hori armarritik etor dakioke, Canterburyko hilobian agertzen den bezala, beltza eta hiru ostruka-lumekin.
1367. urtean, Printze Beltzaren osteek Nafarroa igaro, eta, Naiaran, Petri I.a Gaztelako erregearen anaia eta aurkari zen Henrike Trastamarakoaren osteak garaitu zituzten, eta Bertrand du Guesclin atxilotu zuten. Printze Beltza Akitaniara itzuli zen, eta bertan Aragoiko, Nafarroako eta Portugalgo erregeek Gaztelako koroa eskaini zioten, gaztelarrek kenduriko lurralde guztien truke. Portugalgo erregeak ez zuen hitza bete eta, Petri I.aren alde jarri ondoren, hutsean geratu ziren asmo haiek guztiak.
Printze Beltza gaixotu egin zen 1370. urtean eta Joan Lancasterkoak, bere anaiak, hartu zuen haren lekua Akitaniako gobernuan.