Billboarden arabera musika alternatiboaren barnean ahots ezaguterrazena izan zen[2] eta garai guztietako emakumezko artista aipagarriena izendatu zuen[3]. 2018ko urtarrilaren 15ean hil zen istripuz 46 urte zituela[4].
Biografia
Haurtzaroa eta gaztaroa
Dolores O'Riordan Limerick konderriko Ballybricken herrixkan jaio zen 1971ko irailaren 6an. Bederatzi anai-arrebatan gazteena zen, haietatik bi hau zirela hil ziren. Amak aukeratu zuen Dolores izena, Andre Maria Doloretakoarengatik, katoliko sutsua baitzen[5]. Ez zuen ordea Espainiarekin inolako loturarik[6]. Aita nekazaria zuen, baina moto istripu batean burmuineko lesioa izan zuen eta ezin zuen lanik egin[7]. Amak eskolak elikagaiz hornitzen zituen. Familia bi gela baino ez zituen etxe batean bizi zen, landa eremuan, Limerick hiritik 18 km-tara.
Doloresek Limerickeko Laurel Hill Coláiste ikastetxean ikasi zuen[8]. Hamabi urte zituela lehenengo abestia idatzi zuen, "Calling" izenekoa. Ikastetxeko irakasle bati zion maitasunaz hitzegiten du abestiak[9]. Neska arrarotzat zuten eskolan eta The girl who writes songs ("abestiak idazten dituen neskatila") ezizena eman zioten.
Nerabezaroan elizako koruan abesten zuen. Elizako musika gustuko zuen baina pop musika ere bai. Duran Duran, The Smiths, Sinéad O'Connor eta Patsy Cline miresten zituen. 2013an adierazi zuen nerabezaroan gertuko norbaitek sexu abusuak egin zizkiola zortzi urtetan zehar[10].
1989an Mike eta Noel Hogan anaiek Cranberry Saw Us izeneko taldea sortu zuten. Mike baxujolea zen, Noel gitarjolea eta beraiekin batera Fergal Lawler baterijoleak eta Niall Quinn abeslariak osatzen zuten Limerickeko musika taldea. Sortu eta urtebete baino gutxiagora Quinnek taldea utzi zuen baina bere neskalagunak ezagutzen zuen neska baten berri eman zien. Dolores O'Riordan zen neska hura.
1990 erdialdeko igande batean Quinn eta O'Riordan azaldu ziren taldearen entsegulekura. Doloresek berak idatzitako bi abesti eta Sinéad O'Connorren "Troy" abestia kantatu zituen eta taldeak oso gustora hartu zuen. Abesti instrumental bat eman zioten casette batean eta Doloresek "Linger" abestiaren lehen bertsioa egin zuen haren gainean. Orduan berehala onartu zuten taldean.
Hiru abesti zituen EPa atera zuten eta Londresera bidali. "Linger" eta "Dreams" zeuden bertan. Taldeak izena aldatu eta The Cranberries bihurtu zen. 1992an lehen diskoa atera zuten, Everybody Else Is Doing It, So Why Can't We? ("Denak ari dira egiten, guk zergatik ez?"). Billboard Hot 100 zerrendan zortzigarren postura iritsi zen. 1994an O'Riordanek eski istripua izan zuen eta lotailu gurutzatua kaltetu zuen.
1994an The Cranberriesek "Zombie" abestia atera zuen, mundu mailako arrakasta itzela izan zuena. No Need to Argue diskoaren aurkezpen kanta zen. Ipar Irlandako gatazka da abestiaren oinarria. 1993an Ingalaterrako Warrington udalerrian gertatutako IRAren atentuaren aurkako protesta gisa sortu zuten, bertan bi haur hil baitziren[11]. Une hartan The Cranberries Ingalaterran bira egiten ari zen eta Doloresek bakearen aldarrikapena izango zen abestia egiteko beharra sentitu zuen. Abestiaren plazaratzeak IRAren 1994ko su-etenarekin bat egin zuen[12]. Abestiaren bideoklipa behin eta berriz azaldu zen MTV telebista katean eta mundu guztian arrakasta handia izan zuen[13].
Une horretan rock alternatiboko emakumezko ikonoa bihurtu zen Sinéad O'Connorrekin batera. 1995eko martxoaren 23an Rolling Stone aldizkariko portadan agertu zen[14] eta irailaren 12an Luciano Pavarotti tenorearekin "Ave Maria" abestu zuen Pavarotti & Friends izeneko Bosniako haurren aldeko kontzertu batean eta ikusle zegoen Diana Galeskoak biziki hunkitu zuela esan zion.
1996an The Cranberriesen hirugarren diskoa atera zen, To the Faithful Departed izenekoa. Bigarren postura iritsi zen Erresuma Batuan eta laugarrenera Estatu Batuetan. "Salvation" izan zen single ezagunena[15]. 1996-97ko Tour luze bati ekin zion taldeak baina bukatu aurretik bertan behera utzi zuten[16]. Azken urteetako martxarekin erabat nekaturik zeuden eta prentsa Dolores O'Riordanen osasun arazoetaz hitzegiten hasi zen[17]. O'Riordanek Irish Examiner egunkarian esan zuen grabaketatan muturreko anorexia zuela eta kontzertuen ondorioz areagotu egin zitzaiola[18].
1999. urtean laugarren diskoa iritsi zen, Bury the Hatchet. Taldearen soinua helduagoa bazen ere ez zuen aurreneko bi diskoen arrakasta lortu[19]. Diskoaren aurkezpen bira taldeak inoiz eginiko luzeena izan zen, 1999ko apirilean hasi eta 2000ko uztailean amaitu baitzen[20]. Urte berean Charmed telesaileko atal batean agertu zen protagonisten tabernan "Just my imagination" abestia kantatzen[21]. Berehala bosgarren diskoa atera zuen taldeak, Wake up and Smell the Coffee[19]. 2001eko abenduan Vatikanoko Gabonetako kontzertuan abestu zuen bakarlari Joan Paulo II.a Aita Santuaren aurrean. "Analyse", "Panis angelicus", "Little Drummer Boy" eta "Silent Night" kantatu zituen[22] eta mundu mailan 200 milioi ikusle izan zituen. 2002an errepikatu egin zuen Vatikanoko kontzertua. "Linger", "Happy Xmas (War Is Over)" eta "Adeste Fideles" abestu zituen[23].
2003ko ekainean O'Riordan eta AC/DC taldeko abeslaria den Brian Johnson elkartu eta Helena Troiakoaren rock opera bertsioa egitea erabaki zuten[24]. Proiektuak ordea ez zuen aurrera egin.
Bakarkako ibilbidea
2003an The Cranberries taldeak etenaldi bat egitea erabaki zuen[25]. O'Riordan ordurako Kanadan bizi zen senarra eta hiru semealabakin eta familian eta osasunean zentratzea erabaki zuen[26]. Hala ere bakarkako ibilbideari ekin zion. Dan Brodbeck ekoizlea hartu zuen bidelagun eta ondoren Graham Hopkins baterijolea, Marco Mendoza baxujolea eta Steve DeMarchi gitarjolea gehitu zitzaizkion[27].
2007ko otsailean "Ordinary Day" singlearen bieoklipa kaleratu zuen, Pragan grabatu zena[28], eta urte bereko maiatzean atera zen Are You Listening? diskoa. Abuztuan bigarren bideoklipa atera zen, "When We Were Young" izenekoa. Doloresek dio The Cranberriesen oso desberdina zela, inoiz baino pertsonalagoa eta ilunagoa[29]. 50 emanalditik gora egin zituen Europan, Asian eta Amerikan (aurreneko aldiz izan zen Hego Amerikan), baina Europako bira ezin izan zuen amaitu gaixotasun bat dela eta[30].
2009ko urtarrilean University Philosophical Societyk (Dublingo Trinity College Unibertsitatean) O'Riordan ohorezko kide izendatu zuen eta ospatzeko The Cranberries taldea berriz elkartu eta emanaldi bat eman zuten[31]. Urte bereko abuztuan bakarkako bigarren diskoa atera zuen, No Baggage izenekoa[32]. Single arrakastatsuena "The Journey" izan zen.
The Cranberriesen itzulera eta beste kontu batzuk
No Baggage diskoaren aurkezpen bira egiten ari zela New Yorkeko 101.9 RXP Radio irratian iragarri zuen The Cranberries aurki itzuli egingo zirela[33] eta 107 emanalditako bira egingo zutela[34]. Taldeak South Dakota: A Woman's Right to Choose filmean hainbat kantu erabltzeko baimena eman zuen, "Dreams", "Empty", "Apple Of My Eye" eta "Stupid" eta aurkezpen egunean O'Riordan eta filmeko bi aktoresa eskolako haurren galderak erantzuten izan ziren. Filmean nerabeen haurdunaldia eta abortoa lantzen da[35].
2009ko azaroan hasi zen The Cranberriesen bira Ipar Amerikan. 2010ko urtarrila erdi aldera Hego Amerikara pasa zen eta martxoan iritsi zen Europara. Taldearen abesti klasikoak, Dolores O'Riordanen bakarkako batzuk eta abesti berri batzuk ere jo zituzten kontzertuetan[36]. 2011ko apirila eta maiatza artean Roses disko berria grabatu zuen taldeak eta 2012ko otsailean atera zuen[37].
Hurrengo urteetan The Cranberriesetik aparteko hainbat gauza egin zituen Dolores O'Riordanek. Irlandako The Voice telesaioko coacha izan zen 2013-14 denboraldian eta bere taldeko Kellie Lewis txapeldunordea izan zen[38]. Vatikanoan eguberrietako kontzertua ematen jarraitu zuen urtero, azkena 2013koa izan zuen[39].
2014ko urtarrilean adierazi zuen bakarkako disko berri baterako 15 abesti konposatuak zituela. Andy Rourke eta Olé Koretsky-rekin hirukotea osatu eta D.A.R.K. izeneko taldea sortu zuten. 2016an Science Agrees diskoa kaleratu zuten[40].
2017an The Cranberriesen lehenengo diskoa argitaratu zela 25. urteurrena betetzen zela aprobetxatuz Something Else diskoa atera zen, taldearen kantu ezagunenak modu akustikoan biltzen zituena Irlandako Ganbera Orkestrak lagundurik. Hiru kanta berri ere bazeuden, "Rupture," "Why" eta "The Glory"[41]. Kontzertu akustikoen bira hasi zuen orduan taldeak. O'Riordanen azken emanaldia New Yorken izan zen 2017ko abenduaren 14an. Billboarden Gabonetako Jaialdian Cranberriesen hiru abesti kantatu zituen[42].
Bizitza pertsonala
Duran Duran taldearen birako Don Burton ordezkariarekin ezkondu zen 1994ko uztailaren 18an. Irlandan Holy Cross abade-etxean ezkondu ziren. To the Faithful Departed diskoaren bira amaitu ondoren 1997an atsedenaldia hartu eta lehenengo haurra izan zuten, Taylor Baxter izenekoa. Ondoren Molly Leigh (2001ean) eta Dakota Rain (2005ean) etorri ziren. Don Burtonek aurretik bazuen Donny Jr. izeneko seme bat[43].
Limerick konderriko Kilmallock herrian 61 hektarea zituen etxea erosi zuten 1998an eta 2004an saldu eta Doblingo konderriko Howthera aldatu ziren. Uda aldiak Ontarioko (Kanada) Buckhorn herriko egurrezko etxe batean igarotzen zituzten eta 2009tik aurrera han biziko ziren[44]. 2013an Irlandara itzuli ziren eta 2014an banatzea erabaki zuten 20 urteko elkarbizitzaren ondoren[45].
Aurrez, 2011eko azararen 25ean Doloresen aita hil egin zen, Terence O'Riordan, sei urtetan minbiziak jota egon ondoren. Doloresen esanetan azaroaren 14 arte iritsi nahi izan zuen ezkontzaren 50. urteurrena ospatu ahal izateko eta lortu zuen[46].
2017ko maiatzean publikoki adierazi zuen bi urte lehenago desoreka bipolarra diagnostikatu ziotela[47].
Dolores O'Riordanek heziketa katolikoa jaso zuen. Ama bereziki fededun sutsua zuen. O'Riordan Joan Paulo II.a Aita Santuaren mireslea zen eta urte askotan Vatikanoko gabonetako emankizunean hartu izan zuen parte. Abortoaren aurkako pentsakera ere bazuen eta sarritan adierazi izan zuen publikoki[43].
Heriotza
2018ko urtarrilaren 15ean hil zen 46 urte zituela Londresko Hiltn on Park Lane hotelean. Bad Wolves metal talde estatubatuarrarekin Zombie abestiaren bertsioa grabatzen ari zen egun horietan. Heriotzaren inguruko ikerketak etenaldia izan zuen eta irailaren 6 arte ez zen emaitzarik argitaratu. Alkohol kopuru handia edan ondoren bainuontzian itota hil zela ondorioztatu zen, istripua izan zela argi utziz[48].
Hileta familiakoen eta gertuko lagunen artean burutu zen. Hiru egunez izan zen hilkutxa bere jaioterriko elizan, Ballybrickenen. Kontzertuetako hainbat argazki zituen inguruan, Joan Paulo II.arekin ateratako bat ere bai, eta Dolores O'Riordanen abestiak entzuten ziren etengabe. Urtarrilaren 23an lurperatu zuten Friarstownen, aitaren alboan[49].
2018ko irailean Noel Hoganek The Cranberries taldea desegingo zela, ezinezkoa baitzen Dolores O'Riordan ordezkatzea. Haren omenez In the End diskoa atera zuten[50].
Diskografia
The Cranberries taldearekin
Everybody Else Is Doing It, So Why Can't We? (1992)