Denise Eileen Garrett Memphis-en (Tennessee) jaio zen, eta Flint-en (Michigan) hazi zen. Bere aita, Matthew Garrett, tronpeta-jotzailea eta irakaslea zen Manassas High School-en; hari esker ezagutu zuen Denisek jazza. Hamasei urte zituela, Michiganeko tabernetan jotzen zuen rock eta rhythm and blues-eko hirukote bateko kide zen. 18 urterekin Michigan State University-ra joan zen lehenengo, eta gero Illinoisko Urbana-Champaign unibertsitatera. 1969an, SESBen bira bat egin zuen Illinoizko unibertsitateko big band-arekin.[3] Hurrengo urtean, Cecil Bridgewater ezagutu eta harekin ezkondu zen. Bikotea New Yorkera joan zen bizitzera, hiri hartan Cecilek Horace Silverren taldean jotzen baitzuen.
1970eko hamarkadaren hasieran, Bridgewater Thad Jones-Mel Lewis Jazz Orchestran sartu zen abeslari gisa. [4] Horrela hasi zen bere ibilbidea jazzaren munduan, estilo horretako hainbat musikarirekin jokatu baitzuen, hala nola Sonny Rollins, Dizzy Gillespie, Dexter Gordon, Max Roach, Rahsaan Roland Kirk, besteak beste. 1973an Montereyko Jazzaldian parte hartu zuen. Hurrengo urtean, bere Afro Blue diskoa kaleratu zuen, eta BroadwaykoThe Wiz izeneko musikalean parte hartu zuen.[5]The Wiz-eko Glinda the Good Witch-en pertsonaiaren antzezpenagatik, 1975eko emakumezko aktore berri onenaren Tony saria irabazi zuen, eta ikuskizunak ere musikal onenaren Grammya irabazi zuen 1976an.
Dee Dee Bridgewater beste hainbat produkziotan agertzen hasi zen. 1984an Sophisticated Ladies musikalarekin Frantzian zehar bira bat egin ondoren, Parisera joan zen bizitzera 1986an. Urte berean, Lady Day ikuskizunagatik Laurence Olivier sarirako hautatu zuten.
1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran, Dee Dee jazz mundura bueltatu zen. 1990ean Montreuxeko Jazzaldian kantatu zuen, eta lau urte geroago, Horace Silverrekin kolaboratu zuen, eta Love and Peace: A Tribute to Horace Silver diskoa kaleratu zuen. 1996an, San Frantziskoko Jazzaldian parte hartu zuen. 1997ko Dear Ella diskoari esker Grammy bat irabazi zuen emakumezko jazz artista onenaren sailean, eta Live at Yoshi's zuzeneko diskoak ere hautatua izan zen 1998an.
Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundearen borondate oneko enbaxadore gisa, Bridgewaterrek lanean segitzen dunazioarteko elkartasuna sustatzeko, munduko gosearen aurkako borrokan oinarrizko proiektuak finantzatzeko xedeaz. Bridgewater Honoris Causa doktorea ere bada Michigango Unibertsitatean[8] eta Berklee College of Music-en[9], eta artista gazteak orientatzen eta trebatzen ahalegintzen da.
2017ko apirilean, Bridgewaterrek NEA Jazz Masters Award saria jaso zuen, Washington DCkoKennedy Centerren.[10] 2018an, Thelonious Monk/Hancock Institute of Jazzle erakundeak Maria Fisher Founder 's Award 2018 saria eman zion.[11] Gaur egun, mundu osoan bira egiten ari da, bere azken CDa, "Memphis... Yes, I' m Ready", bultzatzeko.
Filantropia
Bridgewaterrek solidaritate-ibilbide luzea du hainbat arlotan, arestian aipatutako FAOren Borondate Oneko Enbaxadore izendapenaz gain; horien artean aipa daitezke ASCAP Foundation Champion Award aria, UNESCOrekin batera Jazzaren Munduko Egunaren antolakuntzan egindako lan luzea eta Doris Duke Performing Artist Award sariarekik izan duen errekonozimendua.
2019an, Woodshed Network fundazioa sortu zuen. Erakunde hori Jazzeko Emakumeentzako programa gisa sortu zen, laguntza profesionala emateko eta tutoretzaren, ezagutza-trukearen eta komunitatearen interakzioaren bidez karrera berriak abian jartzeko.
Familia
Bridgewaterrek, hiru aldiz ezkonduta, hiru seme-alaba izan ditu: Tulani Bridgewater (Cecil Bridgewaterrekin), China Moses (Gilbert Moses zuzendariarekin) eta Gabriel Durand (Jean-Marie Durand espektakulu ekoizle frantziarrarekin).