1947an hasi zen profesional gisa jotzen New Yorkeko 52 kaleko klubetan. Coleman Hawkins, Lester Young eta Charlie Parker saxo-jotzaileen eragina izan zuen. 1953an grabatu zuen bere lehenengo diskoa, Movin' out. Garai hartan indarrean zegoen hard bop estiloaren aitzindarietakoa izan zen.
1955ean Clifford Brown-Max Roachen boskotean jo zuen. 1959tik 1962ra erretiratu ibili zen, musika-ikasketak sakontzeko. 1963an kontzertuak eman zituen Europan eta Japonian eta Our Man in Jazz diskoa grabatu zuen, free jazz joerakoa. 1968tik 1971ra berriro erretiratu zen. 1971n hasi zen berriro kontzertuak ematen, eta diskoak grabatzen eta harrezkero ekinean jarraitzen du bai bere taldearekin eta bai bakarka.
Sonny Rollins etorri handiko saxo-jotzailea da, inprobisatzaile aparta eta nekaezina, erritmoaren eta harmoniaren sen handia duena; bere musikak indar eta ironia handia du, eta beste musika askoren ekarria izan du, bereziki calypsoarena eta Karibeko musikarena. Sonny Rollinsen eragina nabarmena da jazzeko saxo-jotzaile askorengan.
Disko nagusiak: Saxophone Colossus (1957), A Night at the Village Vanguard. More from the Vanguard (1957), Freedom Suite (1958), The Bridge (1962), Next Album (1972), The Cutting Edge (1974), The Milestone Jazzstars (1978), Sunny Days Starry Nights (1984), The Solo Album (1985).