Bernard Goihenetxe Mitikile herrian sortü zen XVII. mende hastapenean, Matalaz (euskaraz matelats = aurpegi mehats) izenez ezagutua zen. Frantziako erregeak saldu zituen errege eremuak eta sortu desordenen ezeztatzeko armada heldu zen, 400 xiberoatar erailez. Herriaren etsaiek, bereziki nobleek, Matalazen gain jarri zuten hoben guzia, beraien ahuleziaren estaltzeko. Beñat Goihenetxe apez xumearen figura goraipatu dute euskal olerkari eta kantariek.
Mitikileko Goihenetxea etxe eta baserri ederrean sortu zen. Osaba bat Mitikile eta Ospitalepeko erretore zuen eta beste bat Oloroeko merkatari. Familiaren egoera onak bideratu zuen Bordelera estudioen egitera. Teologia eta zuzenbide lizentziak lortu zituen. 1634ko Bidaxuneko notario baten idatzian agertzen da Mitikile eta Ospitalepeko erretore.
Errege eremu salmenta
1639 urtean Luis XIII.a Frantziako erregea diru beharretan zen gerletan segitzeko eta erresumako errege eremuak salmentan jarri zituen. Lapurdiko gobernadorea enkantean azaldu zen eta erostea burutu, jadanik 6.000 libra emanik zituen Bidaxuneko dukeari, erostetik aparte egoteko. Xiberoako eremua enkantean salgai zen 1641eko maiatzaren 28an Bordelen eta erosle bakar bat agertu zen, Jean Peyrer, Tréville kondea. Lortu zuen 40.000 libratan.[1] Xiberoako gobernadore ordea, Jakes Brosser ez zen azaldu, konpreni ezina gelditzen dena. Belzuntze hori 1641ean zendu zen eta 1646an heldu zen gobernadore berria, Henri Gramont, Tolongeon kondea.
Xiberoako lurraldea kudeatzen zuen Lextarreko biltzarrak et honetan baziren hiru talde. Dexema biltzaile handiena (dexema inpuesto handia zen laborarien bizkar eta elizgizonen faboretan, 1641 urtean 116.000 librakoa zen,[2] 1.160 idi pareren baliokoa). Beste bat zen justizia korteko epaileena (parropia bakoitzetik bat, herentziako kargu bat). Bestea zen herria izenekoa, parropietako ordezkariek osotzen zuten eta aparte biltzeko eskubidea zuen Zinbideta (Xilbieta) delakoan. Lextarreko gastuen 3/4a pagatzen zuen herriak, 1/4a epaileek eta dexema biltzaileek ezer.
Gobernadorea faltan izanki, biltzarrak erabaki zuen errege eremuaren berrerostea, salmenta arauak baimentzen zuen bezala. Arnaud Maytiek, dexema biltzaile eta Oloroneko apezpikuak, proposatu zuen diru mota baten mailegatzea Biarnoko noble aberats batzueri. Herria taldeak ez zuen nahi nobleen dirurik,[3] nahiago zuen zuzenean pagatu, obligazio bidez. Halere, Maytie jauregian bildurik 1642ko irailaren 15ean, epaile eta dexema biltzaileek erabaki zuten 60.000 libren maileguz hartzea Moneins eta Mesples nobleer,[4] urtean 6.000 librako interesak pagatuz. Ondorioz, bidali zuten talde bat (Allande Oihenart barne) Parisera berrerostea burutzeko.[5] Tréville kondearen jukutria batengatik, berrerostea ezin egin bezala agertu zen 1643ko otsaila bukaeran.[6]
Altxamendua
1646an heldu zen Henri Gramont gobernadore berria eta diru mailegua ez baitzuen aurreko gobernadoreak erabaki, ez zuen afera bere gain hartu. 1659an Moneins et Mesples maileguzaleen ondokoek kapitalaren eskuratzea galdetu zuten. Haien konduen arabera zorra 123.000 librakoa zen. Henri Gramontek ez zuen ihardesten eta Bordeleko parlamentuan eskatu zuten zuzenean biltzeko ahalmena, Sohutako Arthez abokatuaren bidez. Honek erdietsi zuen baimena bai eta bilketan laguntzeko Mauleko gazteluko soldadoen bermea. Bordelen bazen Laguntzen Kortea, finantza aferetan berezitua eta hor deia aurkeztu zuten Lextarreko biltzarreko ordezkariek. Laguntzen korteak erabaki zuen Bordeleko parlamentuaren ahalmena legez kanpokoa zela eta inkesta egile talde bat bidali zuen Xiberoara.[7]
Ondorioz soldadu talde bat eta diru biltzailea ibiltzen ziren baserriz baserri diru eske eta ez bazegoen, abereak bahitzen zituzten. Soldaduak hurbiltzen ikustean, jendeek ezkilak jotzen zituen eta deiadar hori entzutean, jendea biltzen zen. Izan ziren pataskak, jende erailtze Domintxinen eta Aruen, baita laborari batzuk preso sartuak Donapaleun. Anartean Henri Gramont gobernadorea Parisen zen Luis XIV.aren kortean, bere anai-erdi Antoine Gramont enbaxadorearen konpainian. Bordeleko bi erabaki kontraesankorren aurrean, Lextarreko gobernadore ordea eta prokuradorea deus egin gabe egoten ziren.
Mobilizazio handiak gertatu ziren, herria taldeak bultzaturik, 1660eko larrazkenean eta 1661eko uda berrian. Beñat Goihenetxe agertzen zen erabaki kontraesankorren esplikatzera jendeen aurrean. Honen idatzirik ez da artxiboetan edireten. Haatik herria taldearen arerioek, gobernadore orde, prokuradore eta Jakes Belak ainitz idatzi zuten. Mobilizazioak hauspotu zituzten (7.000 gizon armatu), protestanteen kontrako erasoak asmatu, St Luc Guienako gobernadorea inarrosteko, armadaren etortzea galdetuz. St Lucek armadako talde berezi bat bidali zuen eta Andre Belaren laguntzarekin 400 gizon erailak izan ziren.[8] Beñat Goihenetxe arrastatu zuten, Bordeleko parlamentuko ordezkariak epaitu zuen eta lepoa moztu zioten 1661eko urriaren 8an. Herria taldeko beste batzu erailak izan ziren edo galeretarat bidaliak.
Louis XIV erregeak altxamenduaz amnistia eta ahanztura erabaki zituen 1661 abenduaren 1ean baina Bordeleko parlamentuak 1662ko maiatza arte atzeratu zuen erabakiaren gauzatzea. 1663 urtean 123.000 librako dirutza pagatua zen, 15.000 epaileek eta 108.000 parropietako alkarteek, obligazio bidez.[9] Marie Aramits, Tréville kondearen ama eta Jeanne Albreten idazkariaren alabasoa, Irurin bizi zena 1620urtetik aitzina, 1667an zendu zen. Ondoko urtean Louis XIVek Tréville kondeari berrerosi zuen Xiberoako errege eremua 104.000 libratan.[10]
Ondorioak
1667an 29 urtetako giro gatazkatsua burutu zen, anartean 400 hil, preso batzuk, auzi andana eta 123.00 librako ordaintzea. Azken finean, Luis XIII.ak saldu errege eremua (gaztelu, oihan eta lur) gezur hutsa zen. Treville kondeak ondasun horiek eskuratu nahian, Pariseko errege kontseiluan, 27 auzi zabaldu zituen eta aldi bakoitz, Lextarreko ordezkaria, gehienetan Pierre Bonnecaze, herria taldeko zindika bazoan Parisera idatzizko defentsa mintzaldiaren prestatzera bertako abokatu batekin. Bidaia horiek biltzarrak ordaindu zituen. Tréville kondeak ez zuen deus eskuratu. Artxiboetan ez da agertzen Tréville kondea Xiberoara etorri zenik 1938 eta 1660 artean, beraz Irurin bizi zen bere amak zituen antolatu Iruriko epaitegi paraleloa eta Pariseko auzietarako dokumentuak. Jakes Belak « Tablettes » eta beste dokumentuak idatzi zituen, altxamenduaz komentario luzeak eginez. Bera errege eremuko diruzaina zen (gaztelua, merkatu eta zubiko bide sariak, eihera) eta salmentaz ez zuen iritzirik eman. Haatik iloba batek, André Belak, Sohutako 400 erailtzetan parte hartu zuen eta Jakesen semeak, Salomon Belaspect, Lextarreko auzitegiaren lehiakide zen Iruriko auzitegian prokuradore kargua atxiki zuen. Nahiz eta historialari ainitz Jakes Belaren idatzietan bermatu diren, honen idatziak ez dira fidagarri Beñat Goihenetxeren eginkizunetaz argibide erdiesteko.
Matalaz herri-memorian, literaturan, eta kantugintzan
Matalasen irudiak bizirik iraun du gaur egun arte. Piarres Lartzabalek Matalas antzeslana sortu zuen 1968an, Etxahun-Iruri koblakariak pastoral bat eskaini zion 1955ean, Matalaz, Eskiula herrian antzeztua. Gaur egungo ideologia abertzalearen iruditerian Zuberoako eta Euskal Herriko izatearen eta herriaren interesen defentsan jardun zuen heroi handi gisa ageri da.
Matalaz (edo Dolu gabe) Zuberoako abesti herrikoia da. Hitzak Jean-Louis Davantena dira eta musika herrikoia.[11] Urte askotan ez zen ezaguna nor zen hitzen egilea, baina 2023an Davantek adierazi zuen berak idatzi zituela 1970an eta zuzenketa pare bat proposatu zituen.[11]
Benito lertxundik zabaldu zuen pertsonaia eta abestia Euskal Herri osoan 1981eko Altabizkar / Itzaltzuko bardoari albumean[12] eta 1993an Hunkidura kuttunak I album ospetsuetan.[13]
Etxahun Iruriren Matalazen hiltzea izenburuko beste abesti bat plazaratu zuen Pier Paul Berzaitz zuberotarrak Lili baten kantorea albumean (Elkar 2005),[14] eta 13 urte geroago Zortzi bikoteak ere (Anorack Records. 2018).[15]
2021eko irailean Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean dagoen Matalaz kontrabotere espazioa aurkeztu zen. Auzoko gazteriaren erreferentzia espazioa bilakatuz eta aisi zein jarduera kultural eta politikoak aurrera eramanez.[16]
Oilarrak kantari taldeak jokatu zuen Etxahun Irurik 1955an idatzi "Matalaz" pastorala, 03/23an Urdiñarben, 04/06an Mitikilen eta 04/13an Baigorrin.[17]
Zubereraz (1950)
|
Zubereraz (2023)[11]
|
Batuaz edo
|
Dolü gabe hiltzen niz,
bizia Xiberoarentako
emaiten baitüt.
Agian, agian, egün batez
jeikiko dira egiazko xiberutarrak,
egiazko eüskualdünak,
tirano arrotzen ohiltzeko.
|
Dolü gabe hiltzen niz,
bizia Xiberoarentako
emaiten baitüt.
Agian, agian, egün batez
jeikiko dira egiazko xiberoatarrak,
egiazko eüskualdünak,
frantses zorrien ohiltzeko
|
Dolu gabe hiltzen naiz,
bizia Zuberoaren alde
ematen baitut.
Agian, agian, egun batez
jaikiko dira egiazko zuberotarrak,
egiazko euskaldunak,
tiranoak ohiltzeko (uxatzeko)[18][19]
|
Abestian ez dago bukaera hau:
eta gure aiten aitek ützi deiküen
lürraren popülüari erremetitzeko
|
.
eta gure aiten aitek ützi deiküen
lürraren popüliari ützültzeko
|
.
eta gure aiten aitek utzi diguten
lurra populuari itzuliz
|
Erreferentziak
- ↑ «1641.vente du domaine» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1641.décimes.Marca» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1661.07.Cihigue se plaint» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1641.Décision de rachat» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1643-02.offre de Tréville» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1643-02.pouvoir spécial» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1661.06.Cour des Aides.tiers-état» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1661.Calvo a vaincu» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1660.Les juges paient leur part» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «1668.retour du domaine» jauregiber (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ a b c Casamajou Elkegarai, Leire. (2023-08-13). ««Matalaz hil zutenak ez ziren tirano arrotzak izan»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-13).
- ↑ Lertxundi, Benito. (1981). «Altabizkar / Itzaltzuko bardoari» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-13).
- ↑ Lertxundi, Benito. (1993). «Hunkidura kuttunak I» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-13).
- ↑ Berzaitz, Pier Paul. (2005). «Lili baten kantorea» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-13).
- ↑ «Zortzi» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-13).
- ↑ «Matalaz,» nafarroa.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «Matalaz pastorala | En Pays Basque» web.archive.org 2024-02-19 (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ «ohildu - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
- ↑ «ohildu - Euskaltzaindiaren Hiztegia · Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
Ikus, gainera
Kanpo estekak