Baltasar Garzón Real (Torres, Jaén (Espainia), 1955eko urriaren 26a - ) epaile andaluziarra da. 1987 eta 2010 urteen artean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile izan zen. Gaur egun, Nazioarteko Zigor Gorteko aholkularia da Hagan.
Epaitutako auziak
Baltasar Garzónek ondorengo auzietan izan zen epaile:
Dena da ETA
1996ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak izan ziren. Lehenengo aldiz 1982tik Felipe González ez zuen gehiengoa lortu. Alderdi Popularrak garaipena lortu zuen, gehiengo absolutura iritsi gabe. Dena da ETA ideiaren hasiera izan zen. 1998ko uztailean, Garzónek aginduta, Egin egunkaria itxi zuten, ETAren egunkaria zela argudiatuz. Artean erabiltzen ez zen esaldia baina geroago ezagun bihurtu zen Dena da ETAren lehen mugarria izan zen ekintza hura.
Kataluniako independismoaren aurka
1992ko ekainaren 29an, Kataluniako independentismoaren aurkako Polizia operazioa abiatu zuen Baltasar Garzón epaileak. Lehen egunean zazpi pertsona atxilotu zituzten, baina hurrengo asteetan, orotara 45. Bartzelonan egitekoak ziren Joko Olinpikoen karietara egin zuten operazioa. Hamazazpi pertsonak salatu zuten torturatu egin zituztela, baina Espainiako epaitegiek ez zuten ikertu. Handik hamabi urtera, 2004an Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen, tortura salaketak ez ikertzeagatik.[1]
Pinochet afera
1998ko urriaren 10ean, Garzónek Pinotxet atxilotzeko agindua eman zuen, Txilen gertatutako hainbat espainiarren heriotzagatik epaitu nahi zuela-eta. Erresuma Batura bidali zuen ordena, han baitzen diktadorea, hernia diskal baten ebakuntza egiteko xedean. Atxiloketa urriaren 16ko gauerdian egin zuten Scotland Yardeko agenteek, eta London Clinic klinika pribatuan sartu ziren, Pinochet han baitzegoen barneratuta. Azkenean, eta adina kontuan izanda, Pinochet liberatu zuten 1999ko martxoaren 2an eta, egun berean, Txilera itzuli zen. Gurpil aulkian egon zen Londresko gorabehereak izan zirenean, baina etxera itzuli zen bezain pronto, zutik jarri zen eta bere jarraitzaileak agurtu zituen.[2][3]
Erreferentziak
Kanpo estekak