Armentiako basilika
Armentiako San Prudentzioren basilika Arabako eliza garrantzitsuenetako bat da, XII. mendean eraikia. Gasteizko udalerriaren barruan kokatuta dago, Armentia herrian zehazki. Erdi Aroan XI. eta XII. mendeen artean garatu zen arkitektura erromanikoaren adibide nagusietako bat da. Izatez, eliza XII. mendean hasi ziren eraikitzen, eta mendez mende hainbat eraldaketa izan ditu, batez ere XVIII. mendean. 1931ko ekainaren 4an, Espainiako Erresumako monumentu historiko-artistiko izendatu zuten. Prudentzio santuaren adbokazioa du. Izan ere, Prudentzio Armentian jaio zen, 550. urtean. Tarazonako gotzaina izan zen, eta Arabako zaindaria dugu gaur egun. 1970etik aurrera izan du adbokazio hori; ordu arte, San Andresen adbokazioa zuen basilikak, eta Gasteizko gotzain Francisco Peraltak San Prudentziorena eman zion.[1] Apirilaren 28an ospatzen da San Prudentzioren jaia, eta basilikaren inguruan erromeria jendetsua izaten da. Eraikuntzaren historiaEliza XII. mendean eraikia izan zen, estilo erromanikoan, VIII. mendeko tenplu baten hondakinen gainean. Aurreko eliza hori San Andresen adbokazioaren pean zegoen, eta bere garaian garrantzia ere izan zuen: VIII. mendean musulmanek Calahorra hiria, Calahorra eta La Calzada elizbarrutiko hiriburua, konkistatu zuten, eta orduan gotzain-egoitza Armentiako eliza horretara mugitu zen, katedral izendapenarekin batera.[2] XI. mendean kristauak hiri hartan berriz nagusitu zirenean, Alfontso VI.a erregeak gotzain-egoitza Calahorrara eraman zuen atzera. Jose María de Azcárate adituak dionez, gaur egun ezagutzen dugun San Prudentzioren basilikaren eraikuntza 1135 urte inguruan hasi zen, Calahorra eta La Calzadako gotzain Rodrigo de Cascanteren ekimenez.[3] Jatorriz, elizak San Andresen adbokazioa zuen. Orduan hasi zen, Sobronen (2006) hitzetan, elizaren kontserbazioaren gainbehera, bere estatusa galtzeaz gain herriaren despopulatze-prozesua garai hartan hasiko baitzen, 1181ean fundatutako Gasteizen onurarako. Izan ere, horren eraginez, tenpluaren zainketak garrantzia galdu zuen.[4] Eliza honek kolegiata titulua 1498. urtera arte mantendu zuen, Errege-erregina Katolikoek titulu hori Gasteizko Santa Maria elizara aldatu zuten arte, alegia. Armentiako basilika (garai hartan, San Andres eliza) parrokiatzat geratu zen. Ez dakigu tenplu honen sagarapen data zehatza, baina ziurtasunez esan dezakegu XII. mendearen erdialdean izan zela. Eliza hau erromaniko estiloan eraikia izan zen. Dena den, deskribapenaren atalean ikusiko dugunez, jatorrizko eraikuntzatik ez da elementu asko kontserbatzen. Izan ere, XII. mendearen ondoren, obra eta eraldaketa ugari gertatu ziren. Lehenak, 1562 aldera, teilatu zati bat erori zela eta, teilatu osoa berritu zenean. 1578an, dorrearen eraiki zuten; Pedro Elgaratzeta igeltseroari agindu zioten lan hori. Hurrengo urteetan, eztabaida asko izan ziren, San Prudentziori eskainitako beste basilika berri bat eraikitzeko; baina ideia baztertua izan zen, San Andresen eliza honen barnean San Prudentzioren kapera bat baitzegoen, oso beneratua zena.[5] 1776 da elizaren eraldaketako prozesu horretan urterik nabarmenena, erreforma ugari egin baitziren. Badirudi, dokumentuek diotenez, eliza oso kontserbazio-egoera larrian zegoela, eta obrak beharrezkoak zirela. Obra haiek hala kanpoaldean nola barrualdean egin ziren. Aldaketa nagusien artean, dorre berri bat eraiki zen, gurutzaduran kokatua, aurrekoa, burualdetik hurbilago zegoena, eraitsita. Horrez gain, jatorrizko bi atariak desagertu ziren, eta gaur egun ikus dezakegun arkupe-sarrera altxatu zuten. Bestalde, antzinako klaustroak eraitsi eta haien hormak urte horretan ere egindako teilatu berriaren pareraino altxatu zituzten; horrela, elizaren jatorrizko egitura harrizko-armazoi batek bildua izan zen. Azkenik, sakristia eta parrokia-etxe berriak eraiki ziren. Eraldaketa haiek guztiek elizaren itxura erabat aldatu zuten: itxura uniformeagoa eman zioten eraikuntzaren kanpoaldeari, jatorrizko egitura ezkutatuz eta oinplano ia guztiz karratua eratuz. Absidea eta parrokia-etxea ziren egitura horretatik irteten ziren elementu bakarrak. Eliza berriaren trazak Frantzisko Etxanobek eman zituen.[6] Barnealdean ere aldaketak gertatu ziren. Aipatzekoa da gurutzaduran altxatutako ertz-ganga, kanpoaldetik ikusten den zinborioa osatu zelarik, batetik; horrekin, gaur egun berriz ere ikusgai diren tetramorfoen eskulturak ezkutaturik geratu ziren. Bestetik, elizaren nabeko ganga guztiak eraitsi eta berriak egin zituzten, baita sakristian ere. Gainera, absidea adreiluzko trenkada batekin itxi zuten, erretaula nagusia aurrean jarri zen eta horren atzean gela berri bat sortu zen, zeinera sakristietatik sar zitezkeen elizgizonak. Elizako korua oinaldera mugitu behar izan zuten, haren jatorrizko kokapenean dorre berrira sartzeko harrizko barraskilo-eskailera bat jarri baitzen. Zoruan hogeita hamar hilobi eraiki zituzten eta gainetik lauzatu zituzten. Azkenik, eliza guztiz zuritu zuten barnealdetik.[7] 1908an, koruaren azpiko horma bota zuten, eta hari eusten zioten zutabeen kapitelak agerian geratu ziren. Lehen aipatutako gurutzaduraren ganga bota zuten, eta tetramorfoak bistara geratu ziren. Gainera, kanoi-ganga berri bat eraiki zuten, paretetan baoak irekita. Halaber, erretaula nagusia absidetik San Prudentzioren kaperara mugitu zuten, eta aurretik aipatutako trenkada bota zuten. Horrela, elizak gaur egungo itxura lortu zuen, abside erromanikoa ikusgai izanik. 1961ean, gurutzaduraren ezkerreko aldea erori zenez, konponketak egin ziren. Zati horretan zegoen erretaula desmuntatu zuten, eta modu honetan erromanikoko hainbat elementu desestali zituzten.[8] Elizaren deskribapenaOinplanoa eta kanpoko eraikinaEuskal erromanikoaren adibide esanguratsuenetarikoa dugu Armentiako basilika. Hala ere, kontuan hartu behar dugu bere deskribapena egiteko XVIII. mendean egindako eraldaketak ere barnean hartu behar ditugula. Oinplanoa laukizuzena da, eliza erromanikoaren egitura forma osatzen duten pareta horien barnean geratzen delarik. Luzera-oinplanoko eliza da, nabe bakarrekoa, hiru tartekoa eta gurutze latindarrekoa: nabe nagusiak transeptuak gurutzatzen du, eta erdi-zirkulu formako abside bakarrak burutzen du. Sarrera hegoaldeko fatxadan dago kokatuta, arkupe batek estaltzen duena, eta horren azpian basilikako eredu eskultoriko interesgarrienak daude, kontserbazio egoera nahiko kaxkarrean daudenak. Harlanduzko fatxada soila dugu, non aurreko esaldian aipatutako erliebe eskultorikoak nabarmentzen diren, baita absideko dekorazio eskasa ere. Absidea, harlandu zainduena duen elizako elementua dugu, arkitektonikoki gehien nabarmentzen dena, batez ere tenplu erromanikoaren jatorrizkoa den elementu arkitektoniko nagusia baita. Hiru segmentutan banatuta dago, zokalora lotutako basatatik teilatura arte altxatzen diren zutabe zilindriko itsatsiek bananduak. Segmentu bakoitzean arku txaranbeldun bana dugu, itsuak eta zutabetxo itsatsiak ere aurkezten dituztenak. Sarrerako erliebeakBasilikara sartzeko, hegoaldeko murruan dagoen arkupe batek estalitako sarrerara joan behar gara. Bost arkuk osatzen dute egitura hau. Honen azpian, jatorrizko eraikin erromanikoaren erliebe eskultorikoak ditugu, bertara garraiatuak izan zirenak XVIII. mendeko erreformekin. Hiru egile edo maisuri egokituak izan dira, haiek guztiak anonimoak, Erdi Aroko artean hain komuna zen bezala. Murruan txertatuak, seguru aski desagertutako bi portada erromanikoetako erliebeak ikus ditzakegu. Lehen erliebea tinpano baten barnean dago, eta bere itxura arkaikoa dela eta, XII. mendearen azken herenean datatu ohi da[9]. Akanto hostoak irudikatzen dituen zenefa baten gainean, Kristoren Igokundea dago irudikatua. Bertan, hamaika apostoluak daude irudikaturik, Jesusen eta Elias eta Enoch profeten azpian. Bi aingeru ere agertzen dira, eta konposizioa, zeinak Kristoren figurak apurtzen duen, irudi handiena izanik, Jerusalem hiri sakratua errepresentatzen duten eraikin multzo batek horizontalki banatzen duen. Kristoren irudiak ez du bere burua kontserbatzen gaur egun, eta pertsonaien irudikapenak narriadura nabarmenak aurkezten dituzte. Kaltetuak ere badaude gainerako irudikapenak. Beste tinpano batean, bere ekoizpena bigarren maisuari egokitua, 1200 inguruan izan zuena aktibitatea. Bertan, Arkumearen Apoteosia ikusten dugu, non Agnus Dei delakoa ikus dezakegun erdian, zirkulu baten barnean, eta Joan Bataiatzailea eta Isaias alde bakoitzean daudelarik. Eszena zenefa batek mozten du erditik, eta horren azpian bi aingeruk heltzen duten krismoi trinitarioa ikus dezakegu. Tinpanoan zehar heriotzaren garaile den Kristori erreferentzia egiten dizkioten inskripzioak daude, baita Rodrigo de Cascanteri, hots, eliza honen eraikuntza bultzatu zuen gotzainari, erreferentzia egiten diotenak ere[10]. Tinpano honen azpian, tradizio erromanikoko harrizko barroteek estalitako hilobi-nitxo bat dugu, non XIII. mendeko elizgizon bat hilobiratua omen dagoen. Erliebe horien bien artean zaldi-errepresentazio bat ikusten dugu, non irudikatua hala Santiago apostolua nola Konstantino I enperadorea izan daitekeen, hipotesi nagusien arabera. Lehen aipatutako bigarren maisuari egokitua izan zaio, atrio edo arkupe honetan ere kokatutako Deikundearen ekoizpenaren egokitzapenarekin batera [11]. Arkupearen burualdean multzo eskultoriko ikusgarriena dago kokatuta, hirugarren maisu baten obra dena. XIII. mendeko erliebe hauek fatxada nagusiko goialdean omen zeuden kokatuta. Ertz-puntako bi arku erliebe hauen marko dira, eta horien euskarri diren zutabeek forma antropomorfikoak aurkezten dituzten: erdikoan eta eskuinekoan gorputz osoko pertsonaia sakratuak irudikatzen dituzten, burugabeak ikusten ditugunak; ezkerraldeko zutabean, hala forma begetalak nola irudi antropomorfiko bat daude, hau ere kontserbazio-egoera txarrean. Baliteke irudi hau jatorriz koloma hauek portada nagusian egon izana[12]. Erliebeei dagokionez, ezkerraldekoan Descenso ad Inferos edo Anastasiaren gai ikonografikoa ikusten dugu, Jainkoa, Adam eta Evaren konpainian, Linbora jaitsi zenean, lehen patriarkak (hau da, Kristoren berpiztea baino lehenago hil ziren horiek) bertatik ateratzeko asmoarekin, irudikatzen duen eszena. Eskuinaldeko erliebean Kristoren Hilobiratzea dago irudikaturik, aurrekoa bezala oso narriatua eta goialdeko partea biluzik geratzen delarik. Erliebe hauen azpian, beste bi eszena ditugu, oso kaltetuak, baina ezkerraldekoan Berpiztea irudikatzen duen eszena identifikatu dute adituek, lotan dauden soldaduei erreparatuz batez ere.[13] Multzo eskultoriko hauek erromanikoko eskulturaren ezaugarri nagusiak aurkezten dituzte: figuren hieratismoa, perspektiba espazial eza, irudikapenen antinaturalismoa eta frontaltasuna, perspektiba hierarkikoa (non Kristoren irudia duen tamaina handiena; lehenbizi azaldutako Igokundearen eszenan oso nabaria da ezaugarri hau), pertsonaien aurpegien eta gorputzen irudikapenen indibidualtasun eza, konposizio simetriko eta geldoak (zaldiaren eskulturan izan ezik, non kaparen tolesdurek mugimendua ematen dioten irudiari) eta horror vacui, hau da, figuraz beteriko eszenak, hutsunerik gabeak. Eszena hauek in situ eta hain hurbiletik analizatzeko aukera benetan zoragarria da, baina beren jatorrizko testuingurutik guztiz aldenduta daude, eta horiek beren benetako kokapenarekin eta hortaz beren funtzio moral-espiritualarekin erlazionatzeko aukerarik ez dugu.
Barnealdeko eraikinaBarruko espazioa ertz-gangek estaltzen dute. Paretek harlangaitza aurkezten dute, XX. mendean zehar gauzatutako obretan aurretik zegoen igeltsuzko zuria kendu zenez geroztik agerian daudenak. Gurutzaduran zinborio karratua altxatzen da, zeinaren angelu bakoitzean tetramorfoak ageri diren, lau ebanjelariak beren atributuekin, hain zuzen: Markos, lehoiarekin; Mateo, aingeru; Joan, arranoarekin; eta Lukas, zezenarekin. Halaber, zinborioaren alde bakoitzean bao bana dago. Presbiterioak ere ertz-ganga batek estaltzen du, eta absidea, esfera-laurden edo labe-ganga batek. Burualdera sarrera ematen duen garaipen-arkua ojiba-egitura du.[14] Barnealdeko dekorazioa, altzari liturgikoez eta imajinagintzaz gainera, kapiteletako erliebeek osatzen dute. Burualdean daude, absidean batez ere, eta Erromanikoan bereizgarria zen dekorazio begetala, zoologikoa eta ikonografikoa ikus dezakegu. Altzari liturgikoakAltzari liturgikoak eta eskultura erlijiosoak eskasak dira tenpluaren barnealdean. Hala ere, badaude nabarmentzeko batzuk. Esan dezakegu San Prudentzioren basilikaren altzari nagusia harrizko bataio-ponte erromanikoa dela, gurutzaduraren epistolaren aldean kokatuta, itxura soila aurkezten duena eta kopa karratua duena. Dekorazio bakarra koparen goialdeko arkutxo zizelkatuak eta oinarriko motibo begetalak eta gaizki kontserbatutako dragoi-irudikapenak dira. XII. mendearen erdialdean datatua dago.[15] Horrez gain, XVI. mendearen hasierako sagrarioa dugu, gotiko hispano-fladestarrean ekoiztua, askoz dekorazio oparoagoa aurkezten duena, gotiko berantiarreko egitura arkitektonikoekin (bereziki arku konopiala eta pinakuluak) eta, goialdean, Pietatea (Kristo hila Mariaren besoetan) irudikatzen duen eszena batekin.[16] Egurrezko ekoizpenei dagokionez, hiru nabarmentzen ditugu eliza honetan. Lehena, iparraldeko horman zintzilikatuta dagoen eskultura-multzo bat, Mendekoste eszena irudikatzen duena: Ama Birjinaren inguruan, apostoluak ikusten ditugu, Espiritu Santua agertzen den une sakratuan. Eszena hau, goi-erliebean zizelkatua, erretaula batetik atera egin zen, eta XVI. mendearen bigarren zatikoa dugu, Alonso Berruguetek zabaldutako espresibismo delakoan ekoiztua, Pierre Picart eskultorearen estiloaren ildoan[17]. Konposizio dinamikoa du, mugimenduz beterikoa, oso espresiboa eta hein batean antinaturalista delarik, gorputzen kokapen bihurri eta behartuak direla eta. Gurutzaduraren ebanjelioaren besoan, lehen aipatutako sagrario gotikoaren ondoan, XVII. mendeko erretaula bat dago, non aurreko mendeko Arrosarioaren Ama Birjina ikusten dugun titulartzat, eta San Migel barroko bat goialdean. Aurrez-aurre, bataio-pontearen kaperan, beste erretaula barroko bat dugu, non San Andres den irudi nagusia, eta bere inguruan lau pintura daude, taula gainekoak: goitik behera eta ezkerretik eskuinera, Santa Katalina, San Roke, Santa Ageda eta San Isidro daude irudikatuak.[18] Bi erretaulak urreztatuak daude, eta bigarrenaren kasuan, pinturez gain, bankua eta erlaitzaren azpiko zenefa motibo begetalekin dekoratua eta polikromatuak daude. Azkenik, absidean San Prudentzioren tailu bat dugu, baina nabarmengarria ez dena, ekoizpen modernokoa baita, eta interes artistiko urria du.
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gaineraKanpo estekakInformation related to Armentiako basilika |