Antoni Zygmund (Varsovia, Polonia, 1900eko abenduaren 25a - Estatu Batuak, 1992ko maiatzaren 30a) poloniar-estatubatuar matematikaria izan zen.
Biografia
1923an Varsoviako Unibertsitatean doktoregoa lortu zuen, eta bertako irakasle izan zen 1930 arte. Ondoren, Vilniusera aldatu, eta poloniar eskolako beste matematikari handi bat ezagutu zuen, S. Marcinkiewicz. Harekin hamar urtez aritu zen lankidetzan, Bigarren Mundu Gerra hasi, eta Marcinkiewicz desagertu zen arte.
Zygmundek Estatu Batuetara alde egitea lortu zuen, eta hango Mount Holyoke Collegen eskolak ematen jardun zuen 1940tik 1945 arte. Ondoren, Pennsylvaniako Unibertsitatean denboraldi labur bat egin ondoren, Chicagora joan zen, eta han egon zen 1980 arte. Gero, bertako irakasle emeritu egin zuten.
Aldagai errealen funtzioei buruz ekarpen erabakigarriak egin zituen, eta alor horretan 1935ean argitaratu zuen trigonometriazko liburua klasiko bihurtu da. A. P. Calderón matematikari argentinarrarekin batera Calderón-Zygmund teoria garatu zuen, eragile pseudodiferentzial eta deribatu partzialen ekuazioetan garapen eta aplikazio garrantzitsuak izan zituena. Poloniar eskolako beste ordezkari batekin batera (Sacks) funtzio analitikoei buruzko beste liburu klasiko bat idatzi zuen.
Erreferentziak