Aita Donostiari oroitarriaAgina mendi tontorretik (618 m.) hurbil dagoen izen bereko mendate edo lepoaren (550m.) ondoan dagoen multzo artistiko-monumentala da, NA-4000 edo Lesaka-Oiartzun errepidearen ondoan, Lesakako lurretan. Gainean, historiaurreko harrespilekin batera, Jorge Oteizak eraiki zuen estela eta Luis Vallet de Montano arkitektoak[1] egindako kapera daude.
1956ko irailaren 10ean, Aita Donostiamusikologoa hil eta hamar egunera, Aranzadi Elkarteko Batzordeak, ohiko bilkuran, erabaki zuen leku bakarti batean kokatutako monumentu xume batean islatzea fraideari zioten maitasuna eta miresmena eta Aranzadiko bazkide ziren Jorge Oteiza eskultoreari eta Luis Vallet de Montano arkitektoari eskatu zien burutzea. Eskultura eta arkitektura diziplinak batzen ziren.[2]
Aginako gaineko paisaia garrantzitsua da. 50.000 m2 inguruko estazio megalitikoa da, 107 harrespilez, 11 trikuharriz, 4 tumuluz eta menhir batez osatua. Gainalde horretan, giza lan bidez ezarritako kultura-markak daude. Mugarri horiek bizitzaren eta heriotzaren espazio eta errituekin lotuta daude, eta haien antzinako erabilerak K. a. 800 urtera arte atzeratzen dira.[2]
Agina III edo Agina Hego deituriko harrespil multzoa dagoen kaskoan kokatzen da monumentua.[5]
Agina gaineko monumentua, formalki independenteak ziren bi elementuz osatuta geratu zen, lotura komun bezala, geometriaren eredu sinpleekin duten erlazioa izanik. Harrizko hilarriak karratuaren eta zirkuluaren geometria laua duen bitartean, hormigoi armatuzko kaperak, bere parabolide formarekin, geometria analitikoa adierazten du. Horrela, harri-harrespil txikien geometria primitibo sinbolikoarekin lotzen da.[6]
Estela hiru elementuk osatzen dute: oinarri laua harri beltzez, idulkia harri argiz eta harri nagusia.
Harri nagusia prisma angeluzuzen beltza da, aurpegi karratu batekin, non erliebe bat egiten duen, zirkulu formako hustuketa baten bidez, pixka bat deszentratua, gorantz eta ezkerrera. Zirkulua mendebalderantz begira dagoen kaperaren sarreraren parean dago.[7]
Beste bi harriak bigarren mailakotzat interpretatzen dira, hilarriaren flotagarritasuna irudikatzeko. Flotagarritasun hau bilatuz, estela, harri argiaren gainean hegal bezala eusten da, oinarri egiten duen beste harri beltzetik banandua, eta bere independentzia are gehiago adierazteko, beste norabidean aurpegiak ere ez datoz bat, argi eta garbi, gurutzean jarritako bi elementuz osatutako multzo bat eginez.[8]
Estelaren atzealdean kantutegi herrikoiko bertso hau dago grabatua: “Txori kantazale ederra, nun ote aiz kantatzen?”.[9]Benito Lertxundik Itzaltzuko bardoa kantan berrerabili zuen bertso hau.[10]
Valleten kapera
Kaperak oskol itxurako paraboloide xume baten itxura hartzen du eta harrizko aldare bat baino ez du estaltzen. Arreta guztia aldarean biltzen da, atzeko beirate biribil eta koloretsuak iragazten duen argiak argitua. Kaperako materiala hormigoi armatua da, 2,8 metro garaienean eta 5 metro zabalenean. Kapera lurraren gainean zuzenean eraikia dago eta, alboetan, bi harrespilek mugatzen dute. Atzealdean beiratearen gainean gurutze bat du. [11]
Mairubaratzaren kartela
Eragina
Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua (1968)
Joxe AzurmendikManifestu atzeratuan (1968)[12] poetikoki adierazten du gure herriaren kondaira pobrea dela, Agiñako zero bat dela, Oteizak Lesakako Agina mendian Aita Donostiari, gorazarrez eskainitako estelaren zirkulu hustua aditzera emanez.
2016an Manifestu atzeratuaren irakurketa gaurkotua egin zuten lau lagunek Aginako zero bat. Kontakizun hutsa izeneko ikus-entzunezko emanaldian.[13]Joxe Azurmendi Kongresua: Euskal pentsamenduaren ur-jauziaren itxierako ikuskizunean (2019) ere taularatu zuten.
Estelari erasoa (1992)
Ezezagun batzuek 1992an larriki kaltetu zuten Agina mendian kokatuta dagoen Jorge Oteizaren eskultura. Erasotzaileek, Aralar Komando Kulturala eman zioten izena euren buruei, estelaren atzeko aldean egindako pintaketa baten eta bere ondoan utzitako fotokopia batzuen bidez, ingurumena eta arrasto arkeologikoak defendatzen zituztela aldarrikatzen zuten.[14]
Mikel Laboaren errautsak (2008)
2008ko abenduaren 1ean hil zen Mikel Laboa kantariaren errautsak abenduaren 7an zabaldu zituzten Oteizak Aita Donostiaren omenez egindako eskulturaren ondoan, Agina mendian. Ni ez naiz Mikel Laboa komiki-liburuan bukaeran azaltzen da oroitarria.[3][4]
Victor Erizeren Harria eta zerua instalazioa (2019)
Lanak bi zati ditu: 'Eguna espazioa' eta 'Gaua espazioa', hamaika eta sei minutuko iraupena dutenak, hurrenez hurren. Irudiekin batera, Josu Okiñena piano-jotzaileak Aita Donostiaren Andante doloroso pianorako konposizioa jotzen du eta Oteizaren poesiaren bi atal entzuten dira.