2022an haurrengan jatorri ezezaguneko hepatitis akutuaren lehenengo kasuak Erresuma Batuan eman ziren, Kasuak 16 urtetik beherako adingabeen artean eman ziren; 2 eta 5 urteko umeen artean usuen. Lehenengo abisu hori apirilaren 5ean plazaratu zen.[1]
Apirilaren 12an ECDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak hepatitis akutu mota hedatzen ari zen umeen artean zabaldu zuen. Osasun arazo horren gaineko «kontzientziazioan» urrats bat egin behar zuten osasun sistemek, zer gerta ere, aldarrikatu zuen. Antzemandako kasuak haur osasuntsuengan eman ziren, aurretik A edo E hepatitisen zantzurik gabekoak. Gaixotasuna oso azkar munduko herrialde desberdinetan antzeman zuten. [2] Geroago, Estatu Batuek 2021eko urrian patologia bereko kasu talde bat Alabamako ospitale pediatriko batean detektatu zutela jakinarazi zuten.
Bere etiologiaren hipotesi nagusietakoak adenobirus bidezko infekzio bat dela dio.
Zabalkundea
Maiatzaren 26an, OMEk 650 kasu probable edo harreman epidemiologikoko kasu jakinarazi zituen 33 herrialdetan —baita bederatzi heriotza ere—, eta gradu «moderatuan» ezarri zuen ernamuinaren ondoriozko arrisku globala.
Azken datuen arabera, 2022ko ekainaren 17koak, mundu osoan 895 kasu detektatu ziren baina ziur aski mila baino gehiago izango ziren benetan. 18 haur hil ziren.
Gaixotasunaren jatorria
Ezjakintasuna dago hepatitis honen inguruan. Ez dakite zein jatorri duen. Hepatitisa eragiten duten ohiko birusak ez dira aurkitu erietan, eta zein sorburu izan ote dezakeen ikertzen ari dira. Arazo gastrointestinalak eragiten ditu sintoma ohikoen gisara, besteak beste, botagura. Eta badira oso kasu larriak, hau da, gibeltransplantea behar izan dute hainbat haurrek.
Askotan bidaiekin edota toxikoen erabilerarekin lotuta egoten dira hepatitis kasuak, eta, jatorria argitze aldera, kasuen inguruko ikerketetan ari dira aldagai horiek ere aztertzen. ECDCk adierazi du garrantzitsua dela kasu guztiak jakinaraztea, horrek lagunduko duelako zabalkundea benetan zein den ikusten, eta gaitzaren jatorria argitzen ere lagun dezakeelako.
Analisi toxikologikoak egiten ari dira oraindik, eta ikerketekin jarraituko dute, baina hipotesi nagusia da hepatitis kasuek jatorri infekziosoa dutela; «koadro epidemiologikoa» eta «kasuen ezaugarri klinikoak kontuan hartuta» iritsi dira ondorio horretara. Halaber, ECDCk ez du baztertzen «esposizio toxiko» bat egotea kasu horien atzean.[3]
Erresuma Batuan egin dituzten hainbat ikerketaren arabera, adenobirus batekin lotuta egon daiteke gaitza, (kasu britainiar gehienetan detektatu dena zehazki F41 azpimota izan da) baina ez dago oraindik baieztapenik. Esan dute, bestetik, ez dagoela loturarik gaitzaren eta COVID-19aren aurkako txertoaren artean.[4]