Bigarren Mundu Gerraren garaian, faxismoaren kontrako mugimenduan parte hartu zuen sorterrian, eta, gerra amaitu zenean, Nekazarien Alderdia sortu zuen 1945eko hauteskundeetarako. Lurjabe txikien interesen ordezkari izatea zuen helburu alderdi horrek.
Hungarian erregimen komunista ezarri zelarik, hainbat lanbidetan jardun zuen. Komunismoaren kontrako 1956ko matxinadaren garaian, atxilotu eta espetxe zigorra ezarri zioten. 1963an, ordea, amnistia eman zuen János Kádár agintariak, eta libre gelditu zen Göncz.
Komunismoaren gainbeheraren ondoren, demokrazia finkatzen hasi zenean, 1988an, Demokrata Askeen Batasuna izeneko mugimendua sortzen parte hartu zuen. 1990eko hauteskundeen ondoren, Hungariako Errepublikako lehendakari izendatu zuten, eta berriro atera zen irabazle 1995ekoetan. Gönczek liberalismoari heldu zion bere agintaldian, eta enpresa txikien sorrera sustatu zuen. 1992an, Hungaria Europar Batasunean sartzeko eskaria egin zuen.