Wormseko konkordatua 1122ko irailaren 23an Henrike V.a enperadoreak eta Kalisto II.a aita santuak Alemaniako hiri horretan sinaturiko ituna izan zen, Inbestiduren auzia amaitu zuena.[1]
Aita Santua eta enperadorea akordio batera ailegatu zitezen Lanberto Scannabecchi Ostiako apezpikuak bitartekaritza lana egin zuen. Horretarako Ingalaterrako 1107ko konkordatua izan zuten hizpide. Hurrengo urtean Laterango I. kontzilioak konkordatua berretsi zuen.
Itunaren arabera, enperadoreak apezpikuak izendatzeari uko egiten zion eta katedralaren kabildoaren hautaketa onartzen zuen. Elizako hierarkiak apezpikuen eraztun eta bakulua ematen zituen baina eskubide feudalak enperadorearen agindupean zeuden. Hala ere, Inperioaren barnean diferentziak zeuden: Alemanian enperadoreak berdinketa zenean kalitateko botoa zuen eta askotan bere arbitraje inposatu zuen. Italian eta Borgoinan, berriz, hauteskundeak erabat askeak ziren eta, apezpiku bilakatu eta sei hilabete pasa eta gero, enperadorearen inbestidura feudala jasotzen zuten.[2] Gainera, enperadoreak auzien garaian Elizari kendutako ondarea itzuli zuen eta, Aita Santuak hala eskatuta, bere laguntza eman behar izan zuen.
Konkordatuari esker, aitasantutzak bere botere berreskuratu eta 1123ko Laterango I. kontzilioa, 1139ko Laterango II. kontzilioa eta 1179ko Laterango III. kontzilioa eta Decretum Gratiani izeneko bilduma kanonikoari esker erreforma bultzatu zuen.[3]
Erreferentziak
Kanpo estekak