Txatanuga Futz Band

Txatanuga Futz Band
Datuak
Musika motajazz, swing, music of the Caribbean (en) Itzuli eta Euskal Herriko musika
Urteak1992
Fran Lasuen
Ana Elordi
Asier Ituarte

Txatanuga Futz Band musika orkestra bat izan zen, Ondarroan (Bizkaia) sortua. 1992 eta 1998 artean jardun zuten, eta swing jazz eta Karibeko musika euskaraz jorratu zuten lehenak izan ziren.[1]

Ibilbidea

1991 urtean Ondarroako Kresala musika bandan, ezkontzetan edota rock talde desberdinetan aritzen ziren gazte talde bat batu zen. Haize instrumentuak aprobetxatuz (tronpetak, tronboiak, saxoak...) swing musika jotzen hasi ziren. Oinarri horretatik abiatuta, Fran Lasuenen eta Jabier Ituarteren ekimenez, big band motako taldea osatzen hasi ziren, musikari gehiago eta abeslari bat bilduz. Taldearen lehen saioa Abandoko tren geltokiaren berrinaugurazioan izan zen, eta La Ferroviaria Rail Band izenarekin jo zuten. Trena gaitzat zuten kantekin osatutako errepertorioa prestatu zuten; haien artean zegoen Chattanooga Choo Choo klasikoa (Glenn Millerren banda, 1941); taldean haize instrumentuek garrantzi handia zutenez ("futz" = putz, Ondarroako euskaraz[2]), horrela osatu zuten behin betiko izena.[3] Jarraian ETB1eko "Hor Konpon" saioan agertzen hasi ziren; horrek oso ezagun bihurtu zituen.[4]

Txatanuga Futz Bandek mestizaiaren aldeko apustu garbia egin zuen, "musikan, hitzetan eta bizitzan; kimikoki aratza den orotik urruntzen" saiatuz.[5] Era berean, sorreratik bertatik "jendea dantzarazteko" asmoa adierazi zuten, zuzeneko emanaldietan indarra jarriz.[1]

1992an "Kostaldeko enkantua" diskoa grabatu zuten Madrilgo Tio Pete estudioan. Egun horretan Amaia Urangarekin kointziditu zuten, "Lilura urdinak" lana grabatzen ari baitzen bertan; eta Txatanugakoen diskan ere parte hartu zuen Urangak. "Kostaldeko enkantua"n 1940 eta 50 hamarkadetako doinuak bildu zituzten, big banden jazz musika eta estetika jarraituz; denak kantu ezagunen euskarazko bertsioak izan ziren, sorkuntza propioko kantu bat izan ezik. Diska ekainaren 4ean aurkeztu zuten Donostiako Be Bop Bar tabernan, "lehenengo big band euskalduna" bezala aurkeztuz jendaurrean.[1]

1994ean, berriz, "Hot Mambo" bigarren diskan Karibeko doinuetara lerratu ziren eta kantu propioak 3 izan ziren.[5] 1996ean atera zuten hirugarren eta azken diska, "Hau dok umoria!" euskal kantu tradizionalak haien erritmoetara ekarriz.[6]

Zuzeneko emanaldi asko egin zituzten beraien ibilbidean zehar, baina hainbeste pertsona leku batetik bestera mugitzea "astuna" zen.[7] 1998an desegin zen taldea, kideen lan ardurengatik.[3]

2011an Ondarroan ospatu zen Ibilaldian bildu ziren, dantzaldi berezi bat eskaintzeko.[8]

Kideak

Taldea 16 bat musikarik osatzen zuten. Hauek izan ziren Txatanuga Futz Bandeko kideak:

  •    Patxi Gonzalez - Ahotsa
  •    Karlos Amilibia - Tronpeta
  •    Fede Badiola - Tronpeta
  •    Ander Ibarloza - Tronpeta
  •    Esteban Uranga - Saxo altoa
  •    Ana Elordi - Saxo altoa
  •    Errapel Ibarloza - Saxo tenorra
  •    Andima Lertxundi - Saxo tenorra eta baritonoa
  •    Asier Ituarte - Tronboia
  •    Igor Rodriguez - Tronboia
  •    Aintzane Bengoetxea - Flauta eta koroak
  •    Anjel Ituarte - Bajoa
  •    Bernar Ituarte - Gitarrak
  •    Iñaki Belaustegi - Bateria
  •    Fran Lasuen - Perkusioa, hitzak, koroak, ekoizpena[7]
  •    Jabier Ituarte - Pianoa, koroak, orkestra zuzendaritza eta arregloak[3]
  • Alberto Markuerkiaga

Diskografia

Erreferentziak

  1. a b c Oiz, Joxan. «"Lehenengo big band euskalduna"» Euskaldunon Egunkaria 1992ko ekainak 5, ostirala, 26. orrialdea.
  2. Gorosabel, Oier. «Unha dubida existencial — Eibar.org» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  3. a b c (Gaztelaniaz) Fradua, Imanol. (2011-05-07). «Ibilaldiaren aldeko putza» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  4. «Umorea eta orkestrak.» Euskaldunon Egunkaria 1991ko uztailak 12, ostirala, 34. orrialdea.
  5. a b Agirre, Lorea. «Euskarazko mambo beroa.» Euskaldunon Egunkaria 1994ko ekainak 10, ostirala, 33. orrialdea.
  6. a b (Gaztelaniaz) «Hau dok umoria!» www.soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  7. a b Jimenez, Edorta. «"Kostaldeko enkantua "Hot Mambo" bihurtu da".» Euskaldunon Egunkaria 1994ko abuztuak 7, igandea, 40. orrialdea.
  8. «TXATANUGA FUTZ BAND» bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  9. https://www.discogs.com/.
  10. (Gaztelaniaz) «Txatanuga futz band» datos.bne.es (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).

Kanpo estekak