Terminator: The Sarah Connor Chronicles (euskaraz: «Terminator: Sarah Connorren Kronikak») estatubatuar zientzia-fikziozko telesaila bat da. The Terminator film frankizia ospetsuan oinarritua dago, Terminator 2: Judgment Day (1991, Terminator 2: Judizio Eguna) filmaren ondorengo garaian girotua eta Terminator 3: Rise of the Machines (2003, Terminator: Makinen Matxinada) eta ondorengo filmeetako gertakariak alboratuz.
2008ko ekaina eta 2009ko apirilaren artean Fox telebista katean aireratu zen.
Argumentua
Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
T-1000 modeloko Terminatorra suntsiarazi ostean, Sarah eta John Connor (Lena Headey eta Thomas Dekker) iheslari bilakatu eta orainaldian nahiz etorkizunean borrokatzeko etsai berriak topatuko dituzte. Sarah datozen gerra nuklearren ikuskariez atsekabeturik, ezkutatzetik laga eta bera eta mundua desagertarazten saiatzen ari den teknologia suntsitzeko asmoz erasora igaroko da. Haren semea den John Connor, erresistentziaren etorkizuneko buruzagia eta makinen aurkako gerra apokaliptikoan gizateriaren azken itxaropena bilakatuko da, nahiz eta oraindik bere ardurak jasotzeko behar adina prestatua ez egon. James Ellison (Richard T. Jones) FBIko agentea ere kasu honetan buru-belarri barneratuko da.