Tell es Sultan

Antzinako Jeriko/Tell es Sultan1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Gune arkeologikoaren airetiko ikuspegia

Mota Kulturala
Irizpideak iii, iv
Erreferentzia 1687
Kokalekua Palestina
Eskualdea2 Arabiar Herrialdeak
Izen ematea 2023 (? bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Tell es-Sultan (arabieraz: تل السلطان, lit. "Sultanaren muinoa"), Tell Jeriko edo Antzinako Jeriko izenez ere ezaguna, Zisjordaniako aztarnategi arkeologiko bat da, Testamendu Zaharrean aipatzen den antzinako Jeriko hiri garrantzitsuaren aztarnategia. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, eta Ein as-Sultan iheslarien esparru ondoan dago, gaur egungo Jeriko hiriaren erdigunetik bi kilometro iparraldera. Tell horretako eremuan, giza kokapenak egon ziren K.a. X. milurtekoaz geroztik, eta 'munduko hiririk zaharrena' dela esan izan da. Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuak eman ditu eta nabarmena da Levanteko arkeologiaren historian izan duen paperagatik.[1][2]

Charles Warrenek militarra eta arkeologo britaniarrak 1868an frogatu zuen muino artifizial hura Jeriko zaharraren gunea zela, Ein es-Sultan iturburua gertu zegoela kontuan hartua. Hiru hamarkada lehenago Edward Robinson Bibliaren ikertzaileak proposatu zuen Ein es-Sultan iturburu handia Eliseo profetaren iturburua zela.[3]

Historia

Ehiztari-biltzaile natufiarrak, K.a. 10.000. urtean. Epipaleolitoa

Lehen giza kokagune iraunkorra K.a. 10.000 eta 9.000 urteen artean garatu zen.[1][4] Goi Dryas aldian hotz eta lehorte garaian, ezinezkoa zen edozein tokitan etengabe bizitzea. Hala ere, Tell es-Sultan ehiztari-biltzaile natufiarren taldeentzako kanpaleku ohikoa zen, Ein as-Sultanen iturburua gertu zegoelako. Ehiztari-biltzaile horiek ilargierdi formako erreminta mikrolitiko ugari utzi zituzten. K.a. 9600 inguruan, Goi Dryas estadioko lehorteak eta hotza amaitu ziren, eta, horri esker, talde natufiarrek beren egonaldiaren iraupena luzatu zuten, eta, azkenean, urte osoan geratu eta gune hura kokaleku iraunkorra bilakatu zuten. Leku horretako eraikuntza epipaleolitikoa nekazaritza asmatu baino lehenagokoa dela dirudi;[5] K. a. 9000 baino lehen egitura natufiarrak eraiki zituzten, hau da, Holozenoren hasiera bera historia geologikoan.[6]

Zeramika aurreko Neolitoa, K. a. 8.500

Arbaso baten irudia, Jeriko, duela 9000 urtekoa. Rockefeller Arkeologia Museoa, Jerusalem.

Zeramika aurreko Neolitoa A (PPNA)

Zeramika aurreko Neolitoa A aldian, Tell es-Sultan/Jeriko zaharra aztarnategian (K.a. 8500 - 7500)[7] munduko lehen protohiri garrantzitsuetako bat sortu zen. Mundua berotzen zen heinean, nekazaritzan eta etxebizitza sedentarioan oinarritutako kultura berri bat sortu zen, eta arkeologoek 'Zeramika aurreko Neolitoa A' (ingelesezko siglen bidez, PPNA, laburtua) izendatu dute, batzuetan "Sultaniar aldia" esaten dena, hiriari erreferentzia eginez. PPNA herrixken ezaugarriak dira: etxebizitza zirkular txikiak, hildakoak eraikinen zoruaren azpian lurperatzea, basa ehiza menpekotasuna, basalandareen edo etxekotuen laborantza eta oraindik zeramikarik ez erabiltzea.

PPNA aroko hiria, 40.000 metro karratu inguruko kokalekua, adobezko etxe biribilez osatuta zegoen, baina ez zuen inolako kale plangintzarik.[8] Etxebizitza zirkularrak eguzkitan lehortzen utzitako buztinezko eta lastozko adreiluz (pezoak) eraikitzen ziren, buztinezko morteroz estaltzen zirenak. Etxe bakoitza 5 metro zabal zen eta buztinez zikindutako sastrakaz zegoen teilatua. Etxeak etxe barruan eta kanpoan zeuden.[9]

PPNA garaian Jerikoko biztanleen identitatea eta kopurua oraindik eztabaidan dago, eta biztanle kopuruari buruz tarte zabalak proposatu dira 200–300 eta 2.000–3.000 biztanle artean. Jakina da populazio horrek Triticum dicoccum, garagarra eta lekaleak etxekotu zituela eta animalia basatiak ehizatu zituela.[10][11]

Pezoak, ezagutzen diren lehenetariko etxeetako adobezko adriluak, ca 9000 BC, Zeramika Arurreko neolitoa A garaia. Zulo batean eraikitako etxe zirkular batetik datozte. Ingalaterrako Oxford hiriko Ashmolean Museum

Hiria harrizko horma handi batek inguratzen zuen, 3,6 metro garai eta bere oinarrian 1,8 metro zabal zena. Barruan harrizko dorre bat zegoen (Jerikoko dorrea deitua), tell-aren mendebaldeko aldearen erdian kokatua.[12] Zoserren piramidea eraiki zen arte, munduko dorrerik altuena izan zen, eta bigarren dorrerik zaharrena, Siria iparraldean dagoen Tell Qaramel[13][14] aztarnategikoaren ondoren. Harresia eta dorrea K.a. 8000. urtearen inguruan eraiki ziren.[15][16] 1981ean eta 1983an argitaratutako karbono-datek adierazten dute K.a. 8.300 inguruan eraiki zela eta K.a. 7.800. urtera arte erabili zela.[12] Hormak eta dorreak eraikitzeko zenbat jende eta zenbat lan egun beharko ziren kalkulatu da, eta uste da gutxienez ehun gizon ehun egun baino gehiagoz lan egiten beharko zirela. Datu horrek gizarte-antolaketa konplexua eta lan-banaketa iradokitzen du.

Moshe Stekelis Historiaurreko Museoaren erakusketa Haifan, Israelen. Erakusketa ikerketetan oinarritzen den erreplika bat da: Bederatzi giza burezur aurkitu ziren Jerikoko etxe baten zoru azpian, Zeramika aurreko Neolito A garaian.

Muinoan agertu diren egitura nagusiek gunearen garrantzia islatzen dute, "sultandar" garaiko asentatze-patroiak ulertzeko, Levanteko hegoaldean.[17]

Zeramika aurrekoa B (PPNB)

Tell es-Sultanen, Jerikon, aurkitutako etxebizitzen zimenduak.

Zenbait menderen ondoren, lehen kokalekua bertan behera utzi zuten eta ondoren, hainbat mendetako etenaldia izan zen, tell-aren gainazal higatuan Zeramika Aurreko Neolitoa B garaian, berriz jendea asentatu zen arte. Bigarren kokaleku hori, K.a. 6.800. urtean ezarria, agian, herri inbaditzaile batek egina izan zen, bere kulturaren barruan jatorrizko biztanleena xurgatu zituena. Garai horretako aurkikuntzen artean, hamar giza garezur daude, igeltsatuta eta margotuta. Uste da teknika horren bidez norbanakoen ezaugarri indibidualak irudikatu nahi zituztela.[18] Baliteke buru horiek terafinak[o 1] irudikatzea, edo, beste hipotesi baten arabera, hildako pertsona ezagunen erretratuak ere izan daitezke. Horrela balitz, buru horiek artearen historiako erretratuen adibide goiztiarrak lirateke, eta proposatu da, haien oinordekoen etxeetan lurperatu zituzten hildakoen erretratuak ere izan zitekeela.

Neolitoko zerria bat, Jerikon erabiliko zirenen antzekoa.

Arkitekturan ere aldaketak egon ziren. Harrizko zimenduen gainean adobez egindako eraikin lerrozuzenak ziren. Adobezko adreiluek ogi itxura zuten, eta hatz-marka sakonak zituzten lotura errazteko. Eraikin bakar bat ere ez da osorik induskatu. Normalean, gela batzuk erdiko patio baten inguruan biltzen dira. Areto handi bat dago (6,5 m × 4 m) eta bigarren gela txikixeago bat (7 m × 3 m), barne zatiketak dituena. Gainerako eremuak txikiak dira, eta, ustez, biltegiratzeko erabili ziren. Gelek terrazo gorriko edo arrosako zoruak dituzte, karez eginak. Kanabera edo ihiz egindako zerrien inpresio batzuk gorde dira. Patioek buztinezko zoruek dituzte.

Kathleen Kenyon arkeologoak santutegi bat balitz bezala interpretatu zuen eraikin bat. Horman nitxo bat zeukan. Hurbil aurkitu zen sumendi-harriz egindako pilare bat sar zitekeen nitxo horretan.

Hildakoak etxebizitzen azpian edo abandonatutako eraikinen hondakinen artean lurperatzen zituzten. Hainbat ehorzketa kolektibo daude. Eskeleto guztiak ez daude guztiz artikulatuta, eta horrek hileta aurreko esposizio denbora tarte bat ematen zitzaiela adieraz dezake. Gordeleku batean zazpi burezur aurkitu ziren. Batzuetan, masailezurrak kendu eta aurpegiak igeltsuz estaltzen zituzten; maskorrak begiak bezala erabiltzen zituzten. Tell Ramad-en (Siria hegoaldean) eta Beisamoun-en (Palestina iparraldean) ere modelatutako holako burezurrak aurkitu zituzten.

Turkia ekialdetik ekarritako obsidianaz egindako objektua (gezi punta edo zintzilikario) Jerikotik aurkitu zen, obsidianaren jatorriaren 1.000 Km-ra . K.a. 8500-6500 inguru (PPNB). Ashmolean Museoa.

Beste aurkikuntza batzuk suharriak dira, hala nola gezi-puntak, galkatuak (Galburu baten perfila dutenak) edo alboko koskak dituztenak; igitai-hosto dentikulatuak, xixelak, marruskak, aho makurreko ahizkora batzuk, obsidiana eta iturri ezezagun bateko obsidiana berdea. Esku-errotak, mailuak eta dioritazko aizkora zizelkatu batzuk ere bazeuden. Aurkitu ziren beste elementu batzuk dira, besteak beste, kareharri bigunean tailatutako platerak eta kaikuak, harriz egindako iruteko ardatzak eta balizko ehungailu-pisuak, espatulak eta zulagailuak, igeltsuzko irudi antropomorfiko estilizatuak, tamaina ia naturaleko iruditxo antropomorfikoak eta buztinezko teriomorfikoak (animalien forma dutenak), baita maskorrez egindako aleak eta malakitazkoak ere.

Brontze Aroa

Tenplu baten berreraikitze birtuala.

K. a. 4500etik aurrera, asentamendu segida bat egon zuen, handiena K. a. 2600ean eraiki zena.[19]

Tell es-Sultan etengabe okupatuta egon zen Erdi Brontze Arora arte eta Azken Brontze Aroan suntsitua izan zen. Hiria, defentsarako dorre angeluzuzenez indartutako horma zabalez inguratuta zegoen. Nekropoli zabala zuen, putzu bertikalak ziren hilobiak eta lurpeko hilobi-ganberak zituena. nekropolian aurkitu diren hilobiratze-ostilamendu batzuk oso aberatsak dira, eta agian, bertan errege-erreginak sortu izanaren lekuko dira.[20]

Brontze Aro Ertainean Tell es-Sultan Kanaan eskualdeko hiri txiki baina nabarmen bat zen, eta K. a. 1700 eta 1550 artean lortu zuen hedadurarik handiena Brontze Aroko garai osoan. Dirudienez, garai hartan hiriak zabaldu eta handitu ziren eskualdean, gertaera hori maryannuen sorrerarekin erlazionatu izan da. Maryannuak gerra gurdiak erabiltzen zituen gizarte talde aristokratiko bat zen eta iparraldean , Mitani estatuaren sorrerarekin zerikusi dute. Kathleen Kenyon, XX. mende hasierako arkeologo britaniarrarentzat, "... Erdi Brontze Aroa Kanaango historiako oparoena da agian... Defentsak... nahiko goiztiarrak diren data batekoak dira... eta harrizko egitura handiak zeuden ... defentsa-sistema konplexu baten parte." [21]

Igeltxoz estalitako burezurra, zeramika aurreko Neolitoa B, K.a. 7200 inguru. Beheko masailezurra kendu zioten, eta aurpegia karezko igeltseroarekin modelatu zuten, begi-zuloetan maskorrak jarri zizkioten.

Brontze Aroko hiria K. a. XVI. mendean erori zen, Erdi Brontze Aroaren amaieran. IV. hiriko suntsipen-geruzaren karbono kalibratuaren hondarrak K. a. 1617-1530ekoak dira. Karbono bidezko datazioek Kenyonek estratigrafia bidez emandako kronologien zehaztasuna baieztatu zituzten, batez ere c. k.a. 1550-ko data.

Tell es-Sultan suntsitu ondoren, hiria berriro okupatu zen Brontze Berantiarraren Aroan (K.a. 1550-1200), eta aurreko harresia, Erdi Brontze Arokoa, zaharberritu egin zen, oraindik mantentzen den gailurrean adobezko horma bat gehituz.[22][23] Lorenzo Nigro italiar arkeologoa eta Jerikoko zuzendariaren esanetan, tell-aren Brontze Berantiarra IIB-taik goragoko geruzak oso kaltetuak izan ziren Burdin Aroan egindako nibelazio operazioen ondorioz, eta horrek azaltzen du XIII. mendeko material eskasia.[24]

Burdin Aroa

Tell es-Sultan hutsik egon zen K.a. XIII. menderen amaieratik K. a. XI.-X. mendera arte, hiria berreraiki zenean.[25] Hiri berri hartatik ez da geratzen lau gelako etxe bat baino askoz gehiago, ekialdeko magalean. K.a. VII. mendean, Jeriko hiri handi bihurtu zen, baina kokalekua Babiloniak Juda konkistan zuenean suntsitua zuen K. a. VI. mendearen hasieran[26]

Tell-a uztea

K. a. VI. mendearen amaieran babiloniarrek Judeako erresumako hiria zena suntsitu ondoren, beste berreraiketa bat egon zen Babiloniako gatibualdiaren ondoren. Babiloniak, Judeako leialtasun ziurtatzek, erresumako familia buruzagietako jendea eraman zuten Babiloniara gatibu eta han geratu ziren Babilonia bera pertsiarren eskutan geratu zen arte. Orduan Judeara itzuli eta hainbat aldaketa egon ziren garai hartan Jeriko berreraikitzeko saiakerak egon ziren baina garai hartako oso aztarna gutxi geratu dira. Tell-a kokaleku bezala abandonatua izan zen garai hura bukatu eta geroxeago.

Indusketa arkeologikoa

Tell es-Sultan muinoaren inguruko eremua, Palestinaren Esploraziorako Funtsak egindako azterketaren mapan, Warrenen espedizioa egin eta urte batzuk geroago marraztua.

Ain es-Sultanen (arabieraz Sultanaren iturria esa nahi duena) inguruko tell-en lehen indusketak 1868an egin zituen Charles Warrenek, Palestinako Esplorazio Funtsaren izenean. Warrenek bederatzi mendixka zulatu zituen iturburuaren inguruan; indusketetako batean, hango langileek hormako buztinezko adreiluetan barrean egin zuten zuloa, harresia zela konturatu gabe.

Iturria 1838an Edward Robinsonek, Ikerketa biblikoak Palestinan proeiktuaren baitan, 'Eliseoren mirariaren iturria' identifikatu zuen.[27] Iturburu hori Jeriko hiriko iturri nagusia zen eta oinarri horren gainean, Warrenek iradoki zuen inguruko mendixketako batean Jeriko hiri gotortua zegoela. Baina Warrenek ez zuen indusketa oso bat burutzeko dirurik, iturria zegoen munio osoa induskatzeko 400 libera esterlinaren truke egin zitekeela pentsatu zuen.[28]

Ernst Sellinek eta Carl Watzingerrek Tell es-Sultan eta Tulul Abu el-'Alayiq induskatu zituzten 1907-1909 artean eta 1911n. Bi hormaren hondakinak aurkitu zituzten, eta hasieran Jerikoko guduaren kontakizun biblikoan hebreertarrek suntsittuako harresia zela iradoki zuten. Geroago, ondorio hori berrikusi eta bere aurkikuntzak Erdi Brontze Aroan (K.a. 1950-1550) datatu zituzten.

Hiri-gotortua John Garstang-ek induskatu zuen 1930 eta 1936 artean, eta berriro proposatu zuen goiko hormaren hondarrak Biblian deskribatutakoak zirela eta K.a. 1400 ingurukoak zirela.

Kathleen Kenyonek ikerketa ugari egin zituen teknika modernoagoak erabiliz 1952 eta 1958 artean. Bere indusketek dorre bat eta horma bat aurkitu zituzten I. zangan. Kenyonek frogatu zuen bi eraikuntzak, ordurarte esandakoa baino askoz lehenagokoak zirela, zehazki Neolitokoak, eta protohiri goiztiar baten parte zirela. Bere ikerketen bidez, Brontze Aroaren hasierako hamazazpi horma aurkitu zituen, eta horietako batzuk lurrikarek suntsituak izan zitezkeela pentsatu zuen. Azken harresia berehala altxatua izan zen, eta horrek adierazten du kokalekua inbaditzaile nomadek suntsitu zutela. Beste horma bat Erdi Brontze Aroko kultura sofistikatuago batek eraiki zuen, goialdean buztinezko adreiluak zeramatzan igeltsuzko ezponda aldapatsua zuena.[29][30]

Lorenzo Nigrok eta Nicolo Marchettik 1997 eta 2000 bitartean egin zituzten indusketa berriak. 2009az geroztik, La Sapienza Erromako Unibertsitateak eta Palestinako MOTA-DACHek (Palestinako Zaharkinen eta Kultur Ondarearen Departamentua) indusketa eta zaharberritze proiektu arkeologiko italo-palestinarrari heldu zioten berriro, Lorenzo Nigro eta Hamdan Taharen zuzendaritzapean.[31]

Jerikoko dorrea.

Jerikoko dorrea

Jerikoko Dorrea 8,5 metroko altuera duen harrizko egitura da, K.a. 8000. urtearen inguruan Zeramika Aurreko Neolitoa A garaian eraikia. Gizateriaren lehen harrizko monumentuen artean dago. Kono-formakoa, dorreak ia 9 metroko diametroa du oinarrian, eta 7 metrora estutzen da goiko aldean. Bere hormek 1,5 metro inguruko lodiera dute. Barne-eskailera bat du, harrizko 22 maila dituena.

Harresia

PPNA aroko hiriko harresia defentsarako edo uholdeen aurka babesteko diseinatu zuten.[11] Harresiak (1,5 eta 2 metro arteko lodiera eta 3,7 eta 5,2 metro arteko altuerakoa) eta dorrea hiria ondo defendatzeko beahrrra izan zutela iradokitzen dute.[32] Dorrea bezala, harresia era k.a. 8000 ingurukoa zela kalkulatuc da.[16] Jeriko 'hiri-gotorleku' gisa interpretatzen bada, bere harresia munduko edozein tokitan arkeologoek aurkitutako hiri-harresirik zaharrena da. Hormaren inguruan 8,2 metro zabal eta 2,7 metro sakon zen lubaki bat zegoen, arroka-ama bertan ebakia eta hiriaren inguruan 600 metrorainoko zirkunferentzia zuena. Kenyonen hitzetan, 'arroka solidoko lubanarro hori induskatzen egindako lana ikaragarria izan behar zuen'.[21]

Harresiaren eraikuntzaren faseak

Erreferentzia: Bar-Yosef (1986)[33] eta Kenyon (1981)[34]

Oharrak

  1. Etxeko jaeinu babesleak

Erreferentziak

  1. a b Ancient Jericho: Tell es-Sultan. UNESCO (kontsulta data: 2022ko azaroaren 16a).
  2. Centre, UNESCO World Heritage. «Ancient Jericho/Tell es-Sultan» UNESCO World Heritage Centre (kontsulta data: 2023-09-19).
  3. Eliseok Jeriko hiriko iturri nagusia, hiritik kanpoan zegoena, purifikatu zuen, eta ur garbiak eman zituen harrezkero. (Erregeak II, 2:19-22)
  4. Prehistoric Cultures. Museum of Ancient and Modern Art (kontsulta data: 2022ko azaroaren 16a).
  5. Freedman, David Noel; Myers, Allen C.; Beck, Astrid B. (2000). Eerdmans Dictionary of the Bible. Wm. B. Eerdmans Publishing. ISBN 978-0-8028-2400-4. 689-691. or.
  6. Mithen, Steven (2006). After the ice: a global human history, 20,000-5000 BCE (1go argitaldia: Harvard University Press.). Cambridge, Mass.: Harvard University Press. ISBN 0-674-01999-7. 59. or.
  7. Nigro, Lorenzo. (2014). «The Archaeology of Collapse and Resilience: Tell es-Sultan/ancient Jericho as a Case Study» Rome "la Sapienza" Studies on the Archaeology of Palestine & Transjordan 11 (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  8. «Old Testament Jericho» OurFatherLutheran.net 20 de febrero de 2008 (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  9. Mithen (2006), 54. or.
  10. "Jericho", Encyclopædia Britannica
  11. a b Akkermans, Peter M. M.; Schwartz, Glenn M.. (2004). The Archaeology of Syria: From Complex Hunter-Gatherers to Early Urban Societies (c. 16,000-300 BCE). Cambridge University Press, 57 or. ISBN 978-0521796668. (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  12. a b «Midsummer Sunset at Neolithic Jericho» Time and Mind 1 (3) 2008ko azaroa  doi:10.2752/175169708X329345. (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  13. Ślązak, Anna. (21 de junio de 2007). Yet another sensational discovery by Polish archaeologists in Syria. Science in Poland service, Polish Press Agency (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  14. Mazurowski, R. F.. (2007). «Pre- and Protohistory in the Near East: Tell Qaramel (Syria)» Newsletter 2006 (Polish Centre of Mediterranean Archaeology, Varsoviako Unibertsitatea) (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  15. Tel Aviv University. (2011ko otsailaren 17a). World's first skyscraper was a monument to intimidation. .
  16. a b Kenyon, Kathleen M.; Holland, Thomas A.. (1960). Excavations at Jericho: The architecture and stratigraphy of the Tell: plates. British School of Archaeology in Jerusalem, 6 or. ISBN 978-0-9500542-3-0. (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  17. Cremin, Aedeen. (2007). Archaeologica: The World's Most Significant Sites and Cultural Treasures. Frances Lincoln, 209– or. ISBN 978-0-7112-2822-1. (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  18. Trudy Ring; K. A. Berney; R. M. Salkin; N. Watson; S. La Boda; P. Schellinger, eds. (1994). «Jericho (West Bank)». International Dictionary of Historic Places: Middle East and Africa (Taylor & Francis).367–370. or. ISBN 978-1-884964-05-3. Sartze data: 2022ko azaroaren 17a.
  19. Trudy Ring, ed. Jericho (West Bank). Taylor & Francis ISBN 9781884964053. (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  20. Kuijt (2012), 167
  21. a b Kenyon, Kathleen Mary. (1957). Digging up Jericho: the results of the Jericho excavations, 1952-1956. Praeger (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  22. Nigro 2020, 202 or. .
  23. (Ingelesez) Nigro, Lorenzo. (2023). Durch die Zeiten - Through the Ages: Festschrift für Dieter Vieweger / Essays in Honour of Dieter Vieweger. Gütersloher Verlagshaus ISBN 978-3-579-06236-5..
  24. Nigro, Lorenzo (2020). «The Italian-Palestinian Expedition to Tell es-Sultan, Ancient Jericho (1997–2015)». In: Sparks, Rachel T.; Finlayson, Bill; Wagemakers, Bart et al., arg. Digging Up Jericho: Past, Present and Future. Archaeopress Publishing Ltd. ISBN 978-1-78969-352-2. 202–204 or.
  25. Nigro (2020), 204–206
  26. «Jericho» Archaeological Encyclopedia of the Holy Land (New York eta Londres: Continuum): 256–260. ISBN 0826413161. (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a)..
  27. Robinson, Edward; Smith, Eli. (2015-01-31). Biblical Researches in Palestine and the Adjacent Regions. Cambridge University Press ISBN 978-1-316-03635-8. (kontsulta data: 2026-04-29).
  28. Warren, Charles (1876). Underground Jerusalem. Richard Bentley & Son. 196. or.
  29. Bromiley, Geoffrey W. (1995). International Standard Bible Encyclopedia: A-D.. Wm. B. Eerdmans Publishing, 275 or. ISBN 9780802837813. (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  30. Davis, Miriam C.. (2008). Dame Kathleen Kenyon: digging up the Holy Land.. Left Coast Press, 101 or. ISBN 9781598743265. (kontsulta data: 2022ko azaroaren 27a).
  31. Tell es-Sultan/Jericho. Italian Ministry of Foreign Affairs (kontsulta data: 2022ko azaroaren 17a).
  32. Haviland, William A.; Prins,Harald E. L.; Walrath, Dana; McBride, Bunny (2007). Evolution and Prehistory: The Human Challenge. Cengage Learning. ISBN 978-0-495-38190-7. 235 or.
  33. (Ingelesez) Bar-Yosef, Ofer. «The Walls of Jericho: An Alternative Interpretation» Current Anthropology 27 (2): 157–162.  doi:10.1086/203413. ISSN 0011-3204..
  34. Kenyon, Kathleen M.. (1981). Excavations at Jericho, Vol. III: The Architecture and Stratigraphy of the Tell. London: British School of Archaeology in Jerusalem ISBN 0950054232..

Kanpo estekak

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.