Sorginen Txabolako kanpai formako ontzia Arabako Errioxako Bilar herrian dagoen Sorginaren Txabola trikuharrian aurkitutako kanpai-formako ontzien kulturako buztinezko ontzi bat da[1][2].
Aztarnategia
Sorginaren Txabola Arabako Elvillar herrian kokaturik dagoen trikuharria da. Álvaro de Gortazarrek eta Carlos Saenz de Tejadak aurkitu zuten 1935ean. 1936an Jose Migel Barandiaranek induskatu zuen; eta 1974an, Juan Maria Apellanizek. Bederatzi harlauzez eta estalkia eratzen duen lauzaz osatua dago. Hiru harlauza handik estalkia egiten duen harlauzari eusten diote. Pasabidea bost harlauzez osatua dago. Trikuharria aurkitu zutenean estalkiz egiten duen lauza hirutan zegoen hautsita. Arabako Errioxako estazio megalitikoaren parte da. Bertan aurkitutako hezurrekin egindako kronologiaren arabera, lehenengo ehorzketa orain dela 4670 urte izan zen, eta ondoren hiru mendeko tartea izan zen, kanpai-formako ontziekin batera lurperatu zituzten beste gorpuak bertan sartu arte[3].
Kanpai formako zeramika eskuz egindako zeramika mota bat da, eta ontzi batzuek duten kanpai forma alderantzikatuarengatik hartzen du izen hori. Orea distiratsua da, eta oro har, akabera zaindua du. Dekorazio ebaki eta geometrikoa du, eta lerro horizontalak diseinua egituratzen du. Mota honetako zeramikaren forma gehienak ontziak, goporrak eta lapikoak dira, hala ere, kopak edo heldulekua duten edalontziak ere badaude[1].
Zeramika hauek Europako zati handi batean agertu dira, bai hilobietan, bai bizilekuetan. Biltegiratzeko ontzi gisa, gatza ekoizteko edo kobrearen metalurgiarako erabiltzen ziren zantzuak daude, hala ere, arkeologo askorentzat, errituetan eta eliteekin lotuta erabiltzen ziren objektuak dira. Zenbait ontzik elikagaien eta edari alkoholdunen hondarrak gorde dituzte, hala nola garagardoa, beraz, lider baten posizioa finkatzeko egindako oturuntzetan eta hildakoak agurtzeko zeremonietan erabili zirela uste da[1].
Erreferentziak
Kanpo estekak