Pedreñaren kolore klasikoak elastiko zuria eta traineru beltza izan dira. 2018an La Pedreñera traineru zuria estrenatu zuten[2] eta elastiko beltza jantzi zuten, baina hurrengo urtean kolore klasikoak berreskuratu zituzten.
Pedreñako ontzi baten lehenengo agerraldia 1895ekoa da. Salustino Higuerak bazuen Laurak Bat izeneko trainerua. Honek Jose Ansorena mutrikuarra ekarri zuen patroi lanetarako eta 1900 artean hainbat garaipen lortu zituen[3]. Santanderko estropadak jokatu zituen XX mendearen hasieran eta 1919 (Alfontso XIII.aren Kopa)[1] eta 1920an garaipen handiak lortu zituen. 1932 eta 1933an ere txapeldun atera zen. Santander inguruko koadrillek hartzen zuten parte estropada haietan.
40. hamarkada
Pedreñaren lehenengo "urrezko aroa" izan zen. Garai hartan Pepe Bedia "Joselón" patroi zuela, Castilla traineruak Kontxako bandera hiru aldiz irabaztea lortu zuen[4]. 1943an Cantabria traineru polemikoa erabili zuen, Ginean egin zuten eta oso arina zen, 165 kg baino ez zituen pisatzen, garai hartakoen erdia[5]. Bilbo aldean eta Santander aldean ere bandera ugari jaso zituen. Emaitza onek puzturik Espainiako txapelketan antolatzea bultzatu zuen, bai eta irabazi ere[6]. Garai hartan etsai nagusi Hondarribia, Orio eta Kaiku izan zituen. 1949an ia dena irabazi ondoren arraun egiteari utzi zion taldeak.[1]
60. hamarkada
Bigarren urrezko aroa Hondarribiaren berpiztearekin batera iritsi zitzaion Pedreñari 60. hamarkadaren bukaeran. Urte haietan Pedreñak Espainiako txapelketa ia guztiak irabazi zituen[7], Hondarribia Kontxan nagusitu zen bitartean. Bien arteko desafioak ere famatuak izan ziren, Santoñan adibidez 30.000 ikusle elkartu ziren1968ko abuztuaren 18an.[4]
Azken garaipen sonatua 1976an izan zuen, pronostikoak hautsiz Kontxako bandera irabazi zuenean.[8]
XXI mendea
2003an arraun ligak abiatu zirenean Pedreña TKE Liga nagusian hasi zen Astillerorekin eta Castro Urdialesekin batera. 2005ean Kontxa irabaztear egon zen, denborale izugarriak bigarren txandako traineruak nabarmen kaltetu zituenean. Pedreñak lehenengo txandan arraun eginda bigarren txandajko Hondarribiak baino denbora hobea egin zuen. Epaileek ordea estropadan Orio abordatu izanagatik deskalifikatu egin zuten eta Hondarribia jabetu zen banderaz. Harrabots handia eragin zuen erabakiak Kantabria aldean.[9] Kantabriako Miguel Angel Revilla presidenteak sinbolikoki "Kantabriako Bandera" eman zion taldeari.[10]
Ligari dagokionez 2011 artean lehen eta bigarren txanda artean ibili zen, 2005ean eta 2006an laugarren eginez. Ligako hiru estropada irabazi zituen. Garai horretan birritan egin zuen hirugarren Kontxako banderan ere, 2006an (hiru kantabriarrek osatu zuten podiuma)[11] eta 2011n. Hurrengo urteetan diru sarrerak gutxitu eta maila apalagoa eman zuen. 2014an diru arazo latzen ondorioz ezin izan zuen kalitatezko tripulazioa osatu eta 19 punturekin azkena gelditu zenez maila galdu zuen[12]. 2015 urtean KAE Ligan bandera bat irabaztea lortu zuen baina sailkapen orokorrean zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hurrengo urteetan bigarren txandan aritzea egokitu zaio.
2020. urtean Joseba Fernandez entrenatzailea fitxatu zuen eta denboraldia txukun hasi zuen, kantabriarren artean jokaturiko estropada guztiak irabaziz (tartean Kantabriako txapelketa). KAE Liga bera ere nagusitasun osoz irabazi zuen, tartean zortzi estropada, baina play-offetan ez zuen igotzerik lortu[13]. 2021. denboraldirako Juan Mari Lujanbio patroia fitxatu zuen. Kantabriako estropadetan nagusi izan zen. Hurrengo urteetan KAE Ligako txanda nagusian ibili da, play-offak berriz jokatu ere bai, baina ez du lortu mailaz igotzerik.
Patroi famatuak
José Ansorena (XIX mende bukaeran): Santanderko estropada zaharrak