Río de la Platako Erregeorderria[1] (gaztelaniaz Virreynato de las Provincias del Río de la Plata) edo Buenos Airesko Erregeorderria (gaztelaniaz Virreynato de Buenos Aires) Hego Amerikako zenbait kolonia kudeatzeko 1776an Espainiak sortu zuen barruti administratiboa izan zen. Hiriburua Buenos Aires hiria izan zuen.
Historia
1776an behin-behinekoz sortua, ofizialki 1777an eratu zuen Karlos III.a Espainiakoak Rio de la Platako Erregeorderria, José de Gálvez y Gallardo ministroak hala eskatuta, inperioko alde horri hobeto eutsi eta itsas merkataritzan zeuden oztopoak menderatzeko. Barnean Río de la Plata, Paraguai, Tucumán eta Santa Cruz de la Sierrako antzinako gobernazioak eta Cuyo eta Charcasko korrejimentuak zituen. Erregeorderriko lurraldeak egun Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Paraguai, Peru eta Uruguain daude; Malvinak eta Afrikako Fernando Poo eta Annobón uharteak ere hartzen zituen.
Buenos Aires bihurtu zen lurralde berri hartako hiriburu eta portu nagusi, eta erraztasun handiak eskaini zituen aurrerantzean Peruko erregeordearen mendean egon behar ez izanak. Ordura arte Peru aldera bideratzen zen Potosiko zilarra Buenos Airesko portura hasi ziren garraiatzen.
1806-1807 urteetan garaipena lortu zuten Buenos Airesko biztanleek ingeles erasotzaileen aurrean, eta 1810ean ezarri zuten erbesterako bidean erregeordea. Matxinada honek Argentinako Independentzia Gerra eragin zuen. Rio de la Platako Erregeorderriaren garaian (1776-1814) gertatutakoei esker gorpuztu zen XIX. mendearen hasieran herrialde haietako independentziaren aldeko mugimendua.
Erreferentziak
Kanpo estekak