Peruko Erregeorderria[1] (gazteleraz Virreinato del Perú) erakunde politiko-administratibo koloniala izan zen, 1542an sortutakoa, Espainiako koroaren mende zeuden Hego Amerikako lurraldeak bildu zituena, Venezuelako kostaldea izan ezik. Lima zuen hiriburu. XVIII. mendean, borboitarrek antolamendu berria eman zioten eta, Perukoaren lurraldea murriztuz, beste bi erregeorderri sortu zituzten: 1717an Granada Berria eta 1776an Rio de la Plata.[2]
Historia
Ozeano Barea aurkitu ondoren, espainiar esploratzaileek Hego Ameriketako kostaldea aztertu zuten, eta Inka Inperio handiaren berri izan zuten. 1531n, Francisco Pizarro lurraldea konkistatzera abiatu zen 180 soldaduren buru. Espainiarrek Atahualpa inken erregea atxilotu eta, hark bahisaritzat gela bete urre ordaindu bazuen ere, hil egin zuten 1533an.[3] Urte hartan bertan, Lima hiria sortu zuten espainiarrek, itsasorako aterabidea izateko.
Konkistak aldaketa handiak eragin zituen: lurraren eta ondasunen banaketa zela-eta, gerra piztu zen konkistatzaileen artean; gerrek eta eritasunek biztanleria urritu zuten; amerindiarrak lan gogorretara behartuak izan ziren; bertako kulturaren eta erlijioaren ordez espainiarrena ezarri zen; eta biztanleriaren banaketa aldatu zen, administrazioa mendietatik (Cuscotik) kostaldera (Limara) aldatzearekin batera.
1543an, Espainiako Karlos Habsburgokoa erregeak Peruko erregeorderria sortu zuen, konkistatzaileen arteko guduak amaitzeko eta koroaren aginpidea Hego Ameriketan sendotzeko. Erregeorderriak ia Hego Amerika osoa hartzen zuen, Panamatik Patagoniaraino, eta Ozeano Baretik 44 gradu mendebaldeko meridianoraino.[4]
Erregeordeen lehen egitekoa konkistatzaileen matxinadak menderatzea izan zen. Francisco de Toledoren gobernualdian (1569-1581), lurraldearen barne-antolamendua egituratu eta ekonomiaren hazkundea bideratu zen, zilarraren ustiapenean oinarritua.[5] Lima, erregeorderriaren hiriburu bilakaturik, Hego Ameriketako merkataritza-gune nagusia izan zen bi mendez.
Erregeorderriak XVII. mendean zehar izan zituen urterik oparoenak, baina, nolanahi ere, arazo askori aurre egin behar izan zien: itsaslapurren erasoei, espainiarren arteko gerrei, amerindiarren matxinadei, administrazio- eta erlijio-arazoei, kontrabandoari eta izurriteen eta lurrikaren ondorio larriei, besteak beste.
XVIII. mendean garrantzia galdu zuen Peruko erregeorderriak, ekonomiaren hazkundea moteldu egin baitzen zilar-ekoizpenaren beherakadagatik eta biztanleriaren urritzeagatik. Horretaz gain, hiru eremu murrizketa garrantzitsu jasan zituen, borboitar erregeen erabakiz: 1717an, Granada Berriko Erregeorderria sortu zuten iparraldean, 1776an, Río de la Platako Erregeorderria hegoaldean, eta 1798an Txileko kapitaintza nagusia ekialdean, hirurak Peruko erregeorderriaren lurretan. Horren ondorioz, Limak boterea galdu zuen, eta Buenos Airesek irabazi.
XIX. mendearen hasieran, independentziaren aldeko mugimenduek erregeorderria suntsitu zuten eta gaur egungo Peru, Txile, Kolonbia, Ekuador, Panama, Bolivia, Paraguai, Uruguai eta Argentina sortu ziren lurralde handi hartatik. 1824an, Ayacuchoko guduak azkena eman zion espainiar presentziari, eta Peruko Erregeorderria betiko desegin zen.[6]
Errege auzitegiak
Sorrera datekin:
- Panamá (1.a 1538 - 1543), (2.a 1564 - 1751)*
- Santa Fe de Bogotá (1548)*
- Quito (1563)*
- Lima (1543)
- La Plata de los Charcas (1559)†
- Txile (1563-1573; 1606)
Ondorengo auzitegiak
- * Gero Granada Berriko Erregeorderrikoa
- † Gero Río de la Platako Erregeorderrikoa.
Erreferentziak
Kanpo estekak