Plentziako Itsas Estazioa

Plentziako Itsas Estazioa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaPlentzia
Koordenatuak43°24′44″N 2°56′41″W / 43.4121667°N 2.9448611°W / 43.4121667; -2.9448611
Map
Historia eta erabilera
Irekiera2012
Kontaktua
HelbideaAreatza Hiribidea, 47
Webgune ofiziala

Plentziako Itsas Estazioa edo PIE Plentziako hondartzan dagoen ikerketa-zentroa da, Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalean aritzen dena. Ionan Marigomez izan zen sustatzaile nagusia eta 2012tik bera izan da zentroaren zuzendaria eta gidaria.

Ionan Marigomez
Gorliz eta Plentziako hondartzak

PIE estazioa Itsas Biologiaren eta Ingurumen Biologiaren esparruan ikerketa- eta hezkuntza-jarduerak sustatzeko eta horri buruzko ezagutza zientifikoen hedapena errazteko sortu zuten. Euskal Herriko Unibertsitateak Itsas Biologian esperimentazio-zerbitzua sortzeko interesa aitortu zuen: estazioak itsasoko ur-bolumen handiak aztertzeko aukera ematen du, eta, horri esker, esperimentuak beste modu bideragarriago batean egin daitezke. Pentsaezinak baina beharrezkoak diren baliabide horiek bikaintasuneko ikerketa-talde finkatuentzako "laborategi" itzela da. Azpimarratzekoa da ingurumen-hezkuntzako mintegi iraunkor bat ere sortu dela proiektuaren inguruan, graduondoko prestakuntza (nazioarteko kalitateko master ofizialak), biltzarrak, unibertsitateko ikastaro espezializatuak, zabalkunde-jarduerak eta abar barne. [1][2]

Plentziako Itsas Estazioa dagoen eraikina 1923an eraikitako erietxea zen. Bizkaiko Aurrezki Kutxa zaharrak hezur-tuberkulosiaren gaixoentzako helioterapia-erietxe bihurtu zuenean. Hainbat hamarkadatan Bizkaiko Aurrezki Kutxarena izan zen (BBK, orain Kutxabank). Finantza-erakundeak hasieran Plentziako Udalari eman zion eraikina, eta, azkenean, UPV/EHUri. Eraikina birmoldatu, egokitu eta hornitzeko egindako inbertsioa Bizkaiko Aldundiak finantzatu zuen ia osorik.

Ikerlerroak[3]

Biodibertsitatearen gordailuan Kantauri itsasoko animalia-laginak gordetzen dira.

2016tik ozeano Artikoaren baldintzak ikertu dituzte Nazioarteko lantalde batekin: Danimarkako ikerlariak, Norvegiakoak, Kanadakoak, Suediakoak, Finlandiakoak... Gu ginen Hegoaldeko parte hartzaile bakarra PIE izan zen. Klima aldaketaren eraginez, gero eta izotz gutxiago dago poloetan, eta horrek badu eragin handia ingurumenean. Hartz polarren eremua murriztu egin da eta itsas trafikoa areagotzen ari da, gero eta petroliontzi gehiago dabiltzalako inguru horretan. Izotzik ezean, askoz merkeagoa da, esate baterako, Errusiako petrolio-putzuetatik Txinara edo Japoniara joatea Ipar poloa zeharkatuz, kontinenteak inguratu beharrean. Gauzak horrela, uste izatekoa da istripuak eta erregai isurketak ere ugaritu daitezkeela, eta hori da orain nazioarteko taldeak ikertzen duena: isurketa batek Artikoko uretan izan dezakeen eragina, eta zeintzuk izan daitezkeen horri aurre egiteko estrategia egokienak. Ez da berdin jokatu behar toki guztietan. Mexikoko golkoan Deepwater Horizon petrolio-plataforma hondoratu zenean, adibidez, gai dispertsatzaileak erabili zituzten, eta hori nahiko egokia izan omen zen egoera horretan. Prestige petrolio-ontzia hondoratu zenean, berriz, erantzunak ezberdinak izan ziren tokiaren arabera. Galizian, erabakia izan zen erabateko esku hartzea: dena kendu, dena garbitu, ingurune osoa desnaturalizatu... Euskal Herriko kostaldean, berriz, denbora gehiago zegoenez, atenuazio neurriak hobetsi ziren.

Ipar poloko uretako laginak hartu (arrainak, muskuiluak...) eta PIEra ekarrita, bizirik eta osasuntsu mantendu zituzten bi urtez Plentziako instalazioetan. Artikoko baldintzak berregin zituzten Plentzian, esperimentuak egin ahal izateko: uraren tenperatura 0 gradutan, 3 gradutan edo 6 gradutan jarri; izotz plakak sortu eta horien azpian petrolioa ontzen utzi... Horrek eskatzen duen teknologia erabiltzea pentsaezina zen Euskal Herrian duela zenbait urte, eta garai batean EHUko campusean zeuden baliabideekin ezinezkoa litzateke halako ikerketa bat garatzea.

Aspalditik ari dira klima aldaketaren eraginak Euskal Herriko inguruan aztertzen. Aurreko hamarkadaren bukaeran, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen K-Egokitzen izeneko ikerketa programa bat, eta, horren barruan, PIEren egitekoa izan zen klima aldaketak eragin dezakeen kutsaduraren ondorioak esperimentalki neurtzea. Bestalde, badute ingurumen espezimenen banku bat ere, hainbat espezieren laginekin, klima aldaketaren eragin kimikoa ez ezik, eragin biologikoa ere aztertze aldera. Azken 20 urteetako laginak dituzte han gordeta. Gordetako lagin horiei esker fenomeno bitxi bat antzeman dute: itsasoko espezie eta organismo asko gero eta txikiagoak direla. Hazkundearen beheranzko joera horren atzean hainbat faktore egongo dira seguruenik, baina uste dute lotura izan dezakeela itsasoko urak berotzearekin.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) History – PIE | Plentziako Itsas Estazioa – Estación Marina de Plentzia. (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  2. «preview - Zientzia eta Teknologia Fakultatea - UPV/EHU» Zientzia eta Teknologia Fakultatea (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).[Betiko hautsitako esteka]
  3. Orzaiz, Ion. ««COVID-19ari buruzkoa kenduta, zientzia ikerketa etenda egon da»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • Webgune ofiziala. Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroa