Karlos Martelen semea zen. Neustria, Borgoina eta Proventzako (714) duke izan zen, aita Karlos Martel frankoen duke, printze eta errege jauregiko etxezain zela. 741ean, aita Karlosek erretiroa hartuta, Karloman eta Pepin semeen eskuetan utzi zuen agintea. Handik gutxira, Karlomanek agintea Pepini utzi zion (747), eta orduan Austrasia ere eskuratu zuen.
Pepin ez zen erregea, frankoen erregea Txilderiko III.a baitzen izenez behintzat. Aldiz, botere guztia bere eskuetan geratu zen 747az geroztik eta Pipinek Zakarias Aita Santuaren baimena lortu zuen frankoen errege izendatua izateko (751). 752an, Pipin errege koroatu zuten, Elizaren bedeinkapen osoaz, eta Txilderiko erregea, merovingiarretan azkena, kargugabetu eta monasterio batean giltzapetu zuten. Urte batzuk geroago, Erromako Elizaren eta Aita Santuaren babesle bihurtuta, Italian nagusi ziren lonbardiarrak Eztebe II.a Aita Santuari Ravennako exarkerria ematera behartu zituen (756).
Aleman, bavariar eta saxoitarren aurka borrokatu zen mendebaldean, eta alemanak menderatu. Germaniar herri horien kontra oldartu ondoren, ordea, hegoaldeari so jarri zen. 752an 30 urte lehenago musulmanek hispaniar godoei atzemandako Septimania eraso zuen. Luze joan zen bere egitekoa, godoak ez baitziren frankoen agintaritzarekin fio; gainera, WaiferAkitaniakoak zuzendutako baskoien armadak atzetik eraso eta gauzak zaildu egin zizkion.
Akitaniako gerra
Godoen mesfidantzak gaindituta, Pepin 759an SeptimaniakoNarbonan sartu zen garaile. Gainontzeko etsaiak oinpean hartu ondoren, etsai bakarra zuen errege frankoak: Waifer buruzagi independentea eta Akitania. Artean, Baskonia ez zegoen Akitania barruan baina Waifer bi lurraldeon buruzagi gorena zen: printzea (princeps).
60ko hamarkadan etengabe eraso zuen Waifer buruzagia, baita Waiferrek erantzun ere, baina gerra bere muturrera eraman zuen errege frankoak, suntsipena herri eta monasteriotara eraman zuen, soroak eta kabaleak lapurtu eta erre, eta fidagarriak ez zituen gotorlekuak/gazteluak birrindu. 767an Tolosa Okzitania Akitaniako hiriburua bere eskuetan erori zen, eta Waifer ere handik gutxira hil zuten, Pepinen ordainpeko traidore batek segur aski. 768an, Akitania menperatua zen eta, Pepin hil zorian zela (768), erresuma bi semeen artean, Karlomagno eta Karloman I.a, banatu zuen.
Akitaniarrak menperatuta, Pepinek kabura eraman zuen buruzagi frankoek (Karlos Martelek) hamarkadak lehenago hasitako lana eta, bidez batez, akitaniarren zutarri militar nagusia zenak, Pirinioez iparraldeko baskoi gehienek, men egin zion karolingiar dinastiari, hitzez bederen (766, 768, 769).