Pedro Novia de Salcedo Castaños (Bilbo, Bizkaia, 1790ko urtarrilaren 18a - Madril, 1865eko urtarrilaren 1a) bizkaitar politikari, hizkuntzalari eta idazlea izan zen.
Biografia
Bilboko San Frantzisko ikastetxean egin zituen Filosofia ikasketak. 1820an, Probintziako diputatu izendatu zuten. Handik lau urtera, Bilboko Kontsulatuko buru izan zen, eta 1825ean eta 1846an Diputatu Nagusi, oñaztarren alderdiko ordezkari. Kargu hartan izan zen bitartean, foruak kentzeko saioen kontra jardun zuen suharki, eta haren jarrerari esker bertan behera gelditu ziren saio haiek guztiak.
Bilboko alkate izan zen, eta Gorteetako diputatu eta senadore. 1851n, Defensa histórica, legislativa y económica del Señorío de Vizcaya y provincias de Alava y Guipúzcoa, hiru probintzien foruen aldeko adierazpena argitaratu zuen.
Hiztegigintzan ere aritu zen; 1838an moldatzen hasitako Diccionario etimológico del idioma
bascongado liburua, 1887an, egilea hil eta gero, Tolosan Lopezek bi liburukitan argitaratu
zuen.[1] Novia de Salcedok Larramendiren hiztegia hartu zuen oinarri gisa, baina azalpenak, Aizkibelek Euskeratik Erderara biurtzeko Itztegian egin zuen bezala, euskaratik gaztelaniara eman zituen. Helburua, ordea, ez zuten biek berbera izan, Novia de Salcedok etimologiak aurkitu nahi baitzituen. Euskarazko hitzen zati txikienei (silabei, letrei...) esanahia eman nahi izan zien.
Ostera ere, herriarekiko loturak euskararen aldeko jarrera bultzatzen zuen. Beraren inguruan zegoen giroaren adierazle, 1864an, Gernikako Batzarretan Bizkaiko maisuek euskaraz jakin beharra tratatu zen, eta euskarazko katedra bat sortzeko komenientzia defenditu zuen. Gogoan izatekoa da, aipaturiko urte horretan Sabino Arana ez zela oraindik jaio, eta, hala eta guztiz ere, bazela abertzaletasun giro nabarmena, hizkuntza eta foruen inguruan bilbatua. Giro hori mendearen azken aldean Fidel Sagarminagak, Bilboko alkate izandakoak, fundaturiko "Euskalerria" elkarte foruzalean mamituko zen.[1]
Obra
- Defensa histórica, legislativa y económica del Señorío de Vizcaya, y provincias de Alava y de Guipúzcoa contra las noticias históricas de las mismas que publicó D. Juan Antonio Llorente, y el informe de la Junta de Reformas de Abusos de la Real Hacienda en las tres provincias bascongadas, Librería Delmas e Hijo, Bilbo, 1851.
- Diccionario etimológico del idioma bascongado / por Pedro Novia de Salcedo; con un prólogo biográfico de Arístides de Artíñano, Establecimiento tipográfico de Eusebio López, Tolosa, 1887.
Erreferentziak
Kanpo estekak